Gerra eta lilura

Gerra eta lilura –

«Zergatik eta zertarako ondo ez jakin arren, azkenean harrapatuko ote gintuen gerrak?», galdetzen du Stefan Zweigek Atzoko Mundua. Europar baten memoriak (1942) liburu autobiografikoan. Lehen mundu gerraren aurreko giroan, teknika, arrazoia eta garapena besarkatzen ari zen mundu bereziki baikor eta liberalaren kolapso absurdoaz idatzi zuen. Azaldu zigun nola inork ondo sumatzen ez zuen indar pozoitsu eta misteriotsu bat sartu zen garaiko odolean; nola bere Austria ordenatu, milurteko eta kulturalki eguzkitsura hurbildu ziren hodei beltzak, bakean pasatako urteetan pilatutako energiak bortizki deskargatu nahiko balituzte bezala.

Gerra eta lilura
Arg: Ahmed Akacha

Gerra aurreko lilurari eta entusiasmo kolektiboari gerraren horroreak jarraitu zion. Aberriaren aldeko oihua dolu bilakatu zen eta argitu ziren gerraren esperientzia euren larruan bizi izan zutenen lehentasunak: bakea, lurra eta ogia. Zweigek aitortzen du teknikaren eta garapenaren fedeak sortutako lilurak, hartzen ari ziren norabidearen arriskua igartzeko gaitasuna lapurtu ziela. Aurrerapen tekniko bakoitza zirrara sutsuz ospatzera zeramatzan bulkada berbera izan zela hotzikara gerrazalea hauspotu zuena. Konturatu zirenerako, bakearen alde lerrokatu zirenak isilaraziak zeuden jada, Jean Jaurès sozialistaren bizkarrean sartutako tiroek eten zuten gerraren aurkako indar bakezaleak antolatzea.

Pentsa liteke prozesu historikoek dinamika jakinak hartzen dituztenean, neketsua dela automatismo horiei oztopoak jartzea, berrarmatze masibo eta azkarra ez dela hodei beltzak gehiago kargatzea besterik, lehenago edo beranduago lehertzeko prestatzen dabiltzanak. Urte hauek zeharkatzen dituen ezinegon ezkutu baina aldi berean deseroso horrek erretzen ditu itxaropen aldarriak, edozein utopiari debekatzen dio zabalpenerako bidea. Mark Fisherren errealismo kapitalistak jarraipena baitu guda-zelaian: bakearen aldeko nazioarteko lidergotza sendo eta antolatu bat baino errazago irudikatzen dugu Sarajevon 1914an entzun zen tiro-hotsaren pareko zerbait; agian oraingoan Kieven, edo agian Moskun.

Atzo aberria zen, gaur Europa, eta bihar izango da beste lur eremu zabalago bat. Baina euren gorputzarekin gerra egin behar dutenak ez dira aldatzen, langileak, herri klase pobretuak, gauetik egunera jasoko dutenak kode militarraren ziztada, sekula ez itzultzeko hasierako puntura. Gerraren normalizazio saiakera honetan, ezkerrak botere politikoa edozein esparrutan garatu eta lehiatzea premia moral urgentea da herrientzat, egoera politiko bat ez baita soilik epaitu behar lortzen duenarengatik, ezpada ekiditen duenarengatik ere.

Jaurès 1924an Parisko Panteoian lurperatu zuten, herri klaseetan lortu zuen atxikimendu zabalari esker. Zweigen herrien arteko senidetasun espiritualaren ideiak bidea egin zuen Bigarren Mundu Gerlaren osteko Europan; bai sozialistak zein liberalak, behar zen garaian bakearen alde agertu ziren figurak berreskuratu nahian, haien lilura belizistek eragindako lotsa historikoak ezkutatzeko edo. Baina garapenaren ametsak begien aurrean kiskali zitzaizkien arren, arrazionalitate moderno beretik eratorritako pozoi misteriotsu bera barreiatzen dabil gure garaiaren odolean.

Rafael Pochek dio Gazan entseatu dutela klima krisiari erantzuna emateko aukeretako bat. Ekofaxismoa eta gerra eskutik helduta doazen bezala, txanpon beraren bi aldeak dira bakea eta trantsizio ekosoziala. Bada, ez dezagun ahaztu teknikaren, garapenaren eta eraginkortasunaren gizarte honi kritika zuzena garaiz egiten, zorabio kolektibo hilgarri batek harrapatu aurretik. Lilurarik ez, ez dago itzultzerik, bizitza da handiena.

Gerra eta lilura  Gerra eta lilura

Sozio-ekologian ikerlaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude