Biziklekotasuna

Biziklekotasuna –

Bizikleta lapurtu didate. Azken hilabeteetan bizikleta lapurtu didaten bigarren aldia izan da. Lehenengoan lapurra aurkitu nuen, oraingo honetan ez dut zorte hori izan. Eta zer esango dizuet, samindurik nago.

BiziklekotasunaMugikorra eta kartera askotan lapurtu badidate ere, ez dakizue zenbat izorratzen duen bizikletaren falta sumatzeak. Bat-batean eta norberak erabaki gabe, oinezko bihurtu behar izatea, oinezko izateak dakarren guztiarekin. Egun batetik bestera, azkar egiten nuen guztia geldo bihurtzen da. Bizikleta baten onurak probatu dituenak baino ezin du gorroto oinez ibiltzea, lekuetara oinez desplazatzea. Paseoan joateari utzi nionean paseoa gustatzeari utzi nion eta hala jarraitu du orain arte (eta orain gainera musukoarekin). Pentsa, Donostiako distantziak luzeegiak bihurtu zaizkit eta nekez atera nahi dut orain auzotik. Kostata bada ere, ateratzen naizenean, lekuetara iristen tardatzen nituen minutuak berriro kalkulatzen hasi naiz.

Badira bi aste, bizikleta desagertu zela eta bigarren eskuko dendara bidean nago orain. Biziklekotasuna dudala sinetsita nago. Oraingoan merkatuko kandadu onenean inbertituko dut berriro abstinentzia-sindromerik izan ez dezadan.

 

Biziklekotasuna