Buruak bi eta txapela bakarra

Buruak bi eta txapela bakarra –

Gaur osteguna da eta Euskal Telebistari begira igaro ditut bizpahiru ordu [Lehendakari berria hautatzeko inbestidura saioa Gasteizko parlamentuan]. Banuen zerbait, zerbait berria entzuteko gogoa, baina ez dut zorterik izan. Beharbada hizlariak ni baino askoz adimentsuak dira eta nire garunak ez ditu nahi bezain ongi ulertzen. Dena dela, asko kostata baina, mezu ezberdinei kasu eginez, esan daiteke, denak nahi dutela gauza bera, baina hori gezurra da.

Nire ustez, ez dute sobera ongi agertzen -bakoitzaren ikuspegitiknon eta nola gauden, ondoren, nora eta nola heltzeko. Betiko ur gurpilari lotuta jarraitzen dute, jira eta buelta, baina beti toki berean. Hortik eta horrela, inor ez doa urruti, agian bertan gelditzeko asmoak dituztelako.

Buruak bi eta txapela bakarra

Ez nuke nahi inor haserretzea, baina gaur Legebiltzarrean egindako saioari sekulako garrantzia ematen diogu, baina bihar, gaurkoa aztertzerako garaian, zer esan dezakegu, zertarako balio izan digu? Beharbada ez da erantzun samurra.

Europara begira, euskaldunak gauden tokian gaudela, nora begira gaude, zer eta nondik lortu nahi dugu. Iparretik hegoaldea, Europako sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxienen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Hainbeste badakigu, baita nazio arazo bera, ez dela berdina Italian, Frantzian edo Espainian. Baina horrek ez ditu gauzak eta arazoak samurtzen.

Telebistarekin jarraituz, egia esatekotan, -ez dut gordeko- lotsa pixka bat ere somatu dut, norbaitzuk entzuterakoan. Lau urtez behin agertu behar eta betiko jarrera. Ile gutxiago, sabel lodiagoa eta betiko harrokeria. Ezer berririk ez.

Betiko alderdia eta betiko buruzagiak. EAJ -batez ere hauteskunde garaian- zenbat aldiz agertu zaigu esanez: Gu gara “Jaungoikoa eta Lege-Zaharraren Alderdia”. Bai, hori da beraiek esaten dutena, baina gaur bertan entzun dugunarekin, eta bere ibilbide politikoa serio aztertzen bada, azterketak beste zerbait esaten du; “Lege Zahar zale Alderdia” dela alegia, eta zin dizuet, ez da gauza bera.

Garai bateko klandestinitatea ia-ia ahaztu dugunean, ez dakit ba, egun, ez ote den EAJ Euskal Herriko alderdi klandestinoena. Ez harritu esandakoekin, ez baitago garbi jakiterik EAJ zer den, ezta zein ideologia duen. Alderdi zaharra dela, hori denek dakigu, ez dakiguna da, zertan berritu den, ezertan berritu bada, edo bakar bakarrik, zahartu egin da.

Aspaldidanik, zer ari den eta zer jokabide daraman, ez da gehiegi ikusten. EAJak, Lakuako gobernuari dagokiona besterik ez daki ezer egiten? EAJ -alderdia bezala- Gobernuan esertzen den horretatik kanpora, ez da deus?

Gobernuari dagokien arduratik at, inork ez du ikusten, ezta ezingo du esan EAJ zertan dabilen. Gobernutik at, zer da eta zer ari da EAJ alderdi bezala?

Ia, berrogeita hamar urte “demokrazia” politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun politikoen agintea, “kasta zahar” baten pribilejio izan da. Jendetzari sinestarazi zaie, kudeaketa publikoa ez dagoela edonoren esku. Esperientzia handia ezinbestekoa dela alegia, eta egia da, baina ez dira beraiek bakarrak.

Garai berriak sortu nahi ditugu eta horretarako bide berriak erabili beharrean gaude. Horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek denei ezagutaraztea, derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional arrotzetatik Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita. Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik, Estatu espainolean demokrazia teoriko hutsa den baitan bizi garela, eman beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude, aurre egin nahi badugu.

Bide berriak jorratzekotan, orain arte ibilitakoari ongi, oso ongi begiratu behar diogu. Horretarako adibide polita, azken hauteskundeak. Emaitzak zintzo aztertzen baditugu, harrokeria gutxi, bai batzuk, baita besteek. Kalkulagailuari kasu eginez gero, eta “errolda kontutan hartuz”, ehunekoak esaten dute, euskal gizarteak bizkarra eman digula, batzuei eta besteei. Beraz, Herriari zuzentzen garenean, “denak” dira kontuan hartzekoak, zortziehun mila abstentzioak gorde eta ahaztu gabe.

Ez nuke nahi amaitu EAJak asko estimatu zuen gizon bati, nire agurra eman gabe. Allon (Lizarra) jaioa, eta 1981. urtean zendutakoa, Manuel de Irujo jauna. Irujok, duela urte asko elkarrizketa batean, -etorkizunari buruz ari zirela- mezu sendoa oparitu zion EAJ, bere alderdiari. Hau mezua:

a).- La reorganización integral del PNV, de abajo arriba, preparándolo para cumplir su cometido histórico de conducir a la libertad nacional al pueblo vasco.

b).- Estimular y producir la UNION vasca con la suma de cuantos acepten la democracia humana y la libertad nacional de Euskadi.

Egia, asmo politak, ederrak, baina gaur egun ia ezinezkoak. Nik zail, oso zail ikusi arren, euskal indarren “halako zerbait” beharrezkoa ikusten dut. Ezberdintasunak -denbora baterako- “lokartu” eta denak batera aritzeko mugaraino. Ezberdintasunak, handik aurrera has daitezen, ez lehenago.

Ez dut amets egiten EAJ eta EH Bildu, baita gainontzeko ezkerrak bat egiteko aukerarik dagoenik. Baina batasunak era askotakoak daude, eta beharbada, agian, izaten al da, baina oso zaila dirudi. Zergatia hemen: ez bai dut -gaurdaino- bi buru babestuko lituzkeen txapelik ikusten.

Buruak bi eta txapela bakarra

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Zer duzu buruan “Buruak bi eta txapela bakarra”-ri buruz

  • Urkulluk hiru aldiz hauteskundeak irabazi eta gero, gauza ikaragarria da, Josu, zuek ezker abertzalekoek erakusten duzuen autokritika eza. Niretzat gauza plazeretsua da ikustea zenbateraino, parrafo batzuk igaro eta gero, nola gorroto eta herraren diskurtsoan erortzen zarete, EAJ dela gai. Obsesio, obsesio, baina, zuek daukazutena, lehen euskal alderdi abertzalearekin. Manuel de Irujok esango lizuke EAJk 1936ko gerran erein zuen egitasmoa gauzatu duela gaur egun eta horregatik jendea ematen diola bozka. Eta Bildu-ezker abertzalearen egitasmoa? Non gauzatu da? Kuba eta Venezuelaren intxaurretan? Hemen, gure artean, presoak, derrota politikoa eta sofrikarioa besterike ez duzue erein. Eta gainera harro-harro zabiltzate krimenik kometitu ez duenari astinkadak ematen.
    Gainera, Josu, hemerotekak begiratu besterik ez dago ikusteko transizio lehen lehenetik honera matraka berdinarekin zabiltzatela EAJren kontura: autonomistak direla, saldu batzuk, eta abar. Hori bai, gero “batasuna”ren engainuarekin zatozte.
    Niretzat ez zen batere harrigarria suertatu ikustea Maddalen Iriartek Bilduko buruak, Euskal Herriak pairatu duen krisialdi handienaren erdian proposatzea greba bat hezkuntza sailean. Zertarako? Jendea hobe bizitzeko? Pandemia manifetan atajatzeko?
    Ulertzen dut, Josu, zure desesperazioa: beste lau urte eta seguru asko beste sortzi boterea ikutu gabe pasa beharko duzue. Baina, noski, berrogei urte matraka berdinarekin ibili eta gero horretan tematzea suposatzen du badazuela hor gogoetarako faktore bat, hau da, EAJren garaipenaren ardura zuen gainean dagoela, beti horrela zabiltzatelako, uzkur, muxu-extu, iraintzaile, herratsu…