Bilbo-Zarautz

Badira hainbat filme, non, kanpotarrak hiri ezagun batean irudikatzen diren. Har ezazue adibide bezala “Un indio en New York” edo “George de la Jungla”. Bata bestea baino txarragoa. Berdin dio, ez noa pelikulen kritika egitera eta, gaurko egunaren bozetoa egitera baizik.

Gaur Bilboko lagun bat etorri zait bisitan, edo berak esango lukeen bezala, “Deusto ez da Bilbo”, beraz, deustoar bat etorri zait bisitan. Hosto eta adaxken bila joan gara pagoetara eta eguraldi ederra egin digu. Pagoetara joan gara, bai, baina ez gara tontorrera igo. Deustok gora-behera gutxi duela garbi geratu da; “Ez, goazen behera laister baten, ez dot nahi gehiago.” kexa, kexa. “Bale ba…” xume bat eta behera. Kotxerik ez, metrorik ez, tranbiarik ez… deustoar batek ez daki nola iritsi Zarautzera.

Auto stop egin dugu.

Jon, txikitan bide-heziketa ematen zigun udaltzainak, poligonoraino jaitsi digu, txintik ere esan gabe. Beno bai, bere taxian jaso dituen azken gaupaseroen istorio beroak kontatu dizkigu. Jon jada ez da udaltzaina. Jon Taxista da. Taxi batean jaitsi gara, doan.

Etxera iritsi eta telebista piztu. Etb1ean errugbia. Telebista itzali eta ordenagailura ihes egin. Pantailatik pantailara, azkar asko aspertzeko. “Hi, wazemank bueltaxka bat ematera!” esan eta egin, Zarautz biluzik erakutsi diot. Udaletxea, musika plaza, Munoa eta hainbeste parranda botatako “zona” deitzen diogun taberna-gunea. Ibai nekatuta dago. Ez du Bilbobusik inon ikusten.

2:00ak, etxera ailegatu eta anaiari, zein bere lagun Pauli pilak jarri dizkiet; 1Formula eta Fernando Alonso eta pantaila karratu madarikatua alde batera laga eta bazkaltzera etor daitezen. Pasta dugu bazkaltzeko, pasta eta albondiga batzuk. Ibaiek esan du ez duela goserik, eta platera ez betetzeko. Denei platera bete diet, arrazionamendu komunista. Ibai gose dela konturatu da; ez, itxura egiten zegoen. Umiltasunak nazka ematen du.

Arrastian, 16:00etan hain zuzen, hondartzara habiatu gara; ni, Axier eta Ibai. Marea goian da, ezin dugu futbol partidurik jokatu. Kaka. Berdin dio, tokeak egitera jokatzea besterik ez zaigu geratu. Mutilak gara. Dena baloi batekin konpontzen da.

BaƱu bat hartzea erabaki dugu. Ibaiek, Zarauzko dama parean, ea arrokak dauden galdetu dit; “Un bilbaino en Zarautz” izan zitekeen pelikula honen titulua, baina, ez gara topikoetan eroriko.

Oier

Ekaitza bainuontzi batean