Malekoitik

Malekoian.

Zarauzko malekoi publikoan; kokakola batek 2,40 euro balio duen kafetegi batean, hain zuzen, kokakola bat edaten. Axier eta Beñat alboan ditut jesarrita, bata kaña batekin eta bestea ixilik. Arrunta da Beñat ixilik entzutea, edo soilik, ez entzutea.

Elkarrizketa metafisikoak eduki ohi ditugu horrelako arratsalde eguzkitsuetan. Denbora azkarrago pasatzen, edo behintzat, hori pentsarazten diguten solasaldiak. Axierrek eta nik elkarri ohiuka bukatzen dugu eta Beñatek begira, bere bizarra eskuez orraztuz. Beñat ixilik. Ez dakit askotarako balio duten elkarrizketa horiek. Ez dit inporta.

Kamarero ezaguna tokatu behar, nola ez. Erlantz. Hau ere txikitatik lagun, Zarauzko ikastolan hamaika esperimentu eginak berarekin. Lokatzezko presak “Txapas”-i baratza konpontzeko intentzioz, landare basatien transplante klandestinoak eta oilategitik ihes egiten zuten txitak harrapatzeko batidak. Eta orain kamarero lanetan. Diru extra bat irabazteko seguruenik, iskale bizitza ez baita merkea. Hala ere, patata frijituak oparitu dizkigu, Beñati ahoa zabalarazteko bada ere…

Niri koka kola amaitzeak pena ematen dit.

Eguzkiaren izpiek drogatuta bezala, begirada altxa dut. Afrikako sabana dirudi malekoiak, sabana, euriteen garaian. Pertsona bakoitza bere berezitasun eta ezberdintasunekin ñuen migrazioa burutuaz. “AIBALA!” Nor ikusiko eta Josune Murua nire irakasle maitea. Gauza asko irakatsi didana, baina, Ingelesik ez. Kuriosoa, Ingelesa ematen baitzidan 2.batxilergoan. Agurtzera joan naiz.

Itzuli eta dena berdin dago. Beñat ixilik. Beno, dena berdin ez, Zarauzko jendeari animatzen bizi diren bi errumaniar dauzkagu akordeoia jotzen, diru eske. “No tenemos dinero” eta ez diot gezurrik. Azkenak xahutu nituen eztarritik pasa berri zen freskagarri garestian.

Berriz jesarri; 2,40 balio duen koka kolari, kostata, azkenengo tragoa eman eta berriz hasi naiz leoi zahar baten antzera: Paseatzen ari diren ñuei begira.

Oier

Ekaitza bainuontzi batean