Bi pertsona mota
Bi pertsona mota –
Euskal gizartean pertsonak klasifikatzeko joera dugula iruditzen zait. Badakizu, ez dugu beste ezer egiteko. Horretarako metodologia ugari garatu dira azken urteotan, oso anitzak denak: “Nongoa zara?” galdera klasikoa, “Zertan egiten duzu lan?” beste ohiko bat. Edo beno, basikoenentzat “athletic ala erreala?”.
Baina bada beste klasifikazio tresna bat, joko asko ematen duena. Une batean marraren alde batean eta 10 minututara beste aldean jar zaitzakeena. Gure esperientzia pertsonaletan eta gaztaroko pasadizoetan oinarritzen dira klasifikazio tresna honi emango zaizkion erantzun batzuk. Sudur puntan jartzen zaigun horretan beste batzuk.
Esaldi ezagun batekin hasten da klasifikazio prozesu hau: “bizitzan honetan, bi pertsona mota daude”. Zuk ere entzun duzu noizbait, badakit. Esaldi magiko horren atzetik datorrenak klasifikatuko zaitu kasu honetan. Edozein izan daiteke gaia. Baina erantzunez gero, akabo. Sailkatua izango zara betiko.
Bi pertsona mota daude: usoak gorroto dituena eta jaten ematen diena. Zein zara zu? Bi pertsona mota daude, dragoi bolaren hasierako abestia osorik dakiena eta playback-era jotzen duena. Bi pertsona mota daude: Hocus and Lotuseroa dena eta horien existentzia nondik datorren usaindu ere egin ezin dezakeena. Bi pertsona mota daude: Harry Potter zalea dena eta filmetako bat ere ikusi ez duena. Bi pertsona mota daude: kan ken kin kon kun diona eta kin kan kun diona. Bi pertsona mota daude: munduaren beste puntan euskaldunen bat entzutean nahita euskaraz ozen hitz egiten hasten dena eta paso egiten duena.
Bi pertsona mota daude: Donostian inork euskaraz egiten ez duela uste duena eta beti euskaraz egiten duen donostiarra. Bi pertsona mota daude: gaztefobia duena eta gaztea dena. Bi pertsona mota daude: lasai bizi dena eta prekarioa dena. Bi pertsona mota daude: zinemaldiko alfonbra gorriko izarra dena eta orduko 3 euroren trukean lanean diharduena. Bi pertsona mota daude: futbolera seme edo alaba eraman eta nola iraintzen den erakusten aditua dena eta irakasle dena.
Bi pertsona mota daude: eztabaida batean arrazoia bai ala bai eduki nahi duena (eta beraz, eztabaida guda hori irabazteko gezur eta astakerietara jo behar bada joko duena) eta hausnarketa bat egitera animatzen den ausarta. Bi pertsona mota daude: edozer kritikatzeko jaio dena eta edozer kritikatzen duen hori kritikatzen duena.
Bi pertsona mota daude: lerro hauetan egindako erreferentzia guztiak ulertu dituena eta apurtxo bat zaharragoa dena (barkatu). Bi pertsona mota daude: sailkapen hauen zalea dena eta sailkapenik egitea gustatzen ez zaiona.
Azken horietakoa naiz ni. Sailkapenak eta aurreiritziak eskutik baitoaz askotan. Axola du Lesakakoa den edo Mutrikuarra? Garrantzitsua da benetan Harry Potter ikusita edukitzea pare bat sagar eta 3 tomate erosteko? Benetan zerbait aldatuko du erizaina ordez, arrantzalea dela jakiteak? Artxibategi hutsak gara.
Hori bai, kin kan kun esaten duen horietako bat bazara oraindik gauzak alda ditzakezula esango dizut. Bi pertsona mota daude: hipokrita izan dena noizbait eta… em ba hori.