Donostiako Zinemaldian euskarak izango duen presentziaren inguruko irakurketa

Donostiako Zinemaldian euskarak izango duen presentziaren irakurketa –

Pantailak Euskaraz ikusentzunezkoen mundu geroz eta anitzagoan euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek ekainean sortu zuten mugimendua da, pantailetan euskararentzat etorkizun osasungarri bat lortzeko helburuz sortutakoa. Streaming plataformetan euskararen presentzia sustatzeko duela hilabete batzuk sorturiko Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz herri ekimenek; zinema aretoetan euskara sustatzen 25 urte daramatzan Tinko Euskara Elkarteak; euskarazko bikoizketak eta bikoiztaileek azken urteetan jasandako murrizketei aurre egiteko duela 3 urte jaio zen Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE); “Zinemak Euskaraz kanpainaren sustatzaileek, eta bideojokoen munduan euskara sustatzen duen Game Erauntsiak osatzen dute mugimendu hau.

SSIFF DONOSTIA ZINEMALDIA

Datorren ostiralean Euskal Herrian ikusentzunezkoen alorrean urteko gertakizun garrantzitsuena dena (emanaldi zein ikusle kopuruan, eta bertako nahiz nazioarteko oihartzun mailan, besteak beste) hasiko dela eta, kultur ekitaldi honetan euskarak duen presentziaren inguruko irakurketa partekatu nahi du Pantailak Euskarazek. 2021eko zinemaldiak izango dituen 511 emanaldiak banan-banan aztertu ondoren, azaleratutako datuak gordin bezain kezkagarriak dira:

511 emanalditik, jatorrizko bertsioa euskara, elebidun, edo hirueledun dutenak, 27 dira. Euskarazko azpidatziak izango dituzten saioak, berriz, 33. Hau da, emanaldien %11 izango da euskaraz (batzuk eleanitzak) edo euskarara azpidatzita. Kontuan izan behar da Zinemaldiko araudiaren 6. artikuluak emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin ikusi ahal izatea ezartzen duela, baina ez dio ezer euskaraz ikusteko aukera bermatzeari buruz . Beraz, emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin eskainiko dira.

Zinemaldiko sail bakoitzean euskarak izango duen presentzia:

  • Sail Ofiziala: 106 emanalditik, 6 J.B. euskaraz.
  • New Directors: 53 emanalditik, 12 euskarazko azpidatziekin.
  • Horizontes Latinos: 41 emanalditik, 2 euskarazko azpidatziekin.
  • Zabaltegi: 75 emanalditik, 4 J.B. euskaraz eta 8 euskarazko azpidatziekin.
  • Perlak: 84 emanalditik, 0 euskaraz.
  • Nest: 15 emanalditik, 0 euskaraz.
  • Culinary Zinema: 17 emanalditik 2 euskarazko azpidatziekin.
  • Made in Spain: 16 emanalditik, 0 euskaraz.
  • Zinemira: 35 emanalditik, J.B. euskaraz 8, J.B. elebiduna 7.
  • Haur Zinema: 6 emanalditik, 6 euskaraz.
  • Atzera Begirakoa (Koreako Zinema): 24 emanalditik, 4 euskarazko azpidatziekin.
  • Elkarrizketak: 7tik 0.
  • Klasikoak: 6tik 0.
  • Galak eta gainontzeko atalak: 24tik 0. (sarituen artean euskarazkoren bat egon daiteke).

Nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea. 10/1982 Legeak (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa), bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio “Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino” besteak beste, zineman eta ikusentzunezko grabaziotan (25. artikulua). Lege honek 40 urte egingo ditu laster, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen. Pantailak Euskarazek hau ozen salatu nahi du.

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c) artikuluan dio Estatuei dagokiela “beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da”.

Zinemaldian euskararen presentzia %11koa da, baina Euskal Herri osoko zinema aretoetan urtean zehar estreinatzen diren filmen %1 inguru estreinatzen da euskaraz. Gainera, zinema ikusteko ohiturak aldatu dira azken hamarkadan, eta geroz eta ohikoagoa da filmak ordainketa bidezko plataformetan ikustea (euskaldunen erdiak kontsumitzen ditu jada): nagusi diren plataformetan euskararen presentzia ez da % 0,1era iristen.

Agerikoa da aisialdia pantailei geroz eta lotuagoa dagoela (mugikor, tablet, TB, ordenagailu…) eta aisialdiko esperientziek hizkuntza ohiturekin duten harremana hamaika ikerketa soziolinguistikok jorratu dute. Azken asteotan argitaratu da D ereduko ikasleen erdiak ez duela DBH amaieran euskara maila nahikorik lortzen, eta beraz, esan daiteke egungo hezkuntza eredua ez dela nahikoa haur eta gazteak euskalduntzeko.

Pantailak Euskarazek uste du estrategikoa dela euskarak aisialdian eta bereziki pantailetan bizi duen egoera goitik behera aldatzea, euskal hiztun komunitatearen etorkizuna jokoan dagoelako. Horregatik, alde batetik, www.pantailakeuskaraz.eus weborrian dauden sinadura kanpainak babestera eta mugimenduaren laguntzaile egitera animatu nahi ditu herritarrak, eta bestetik, indarrak batzeko deia egin nahi die euskalgintza eta ikusentzunezko alorreko eragileei, datozen hilabeteotan Euskarazko Ikusentzunezkoen Aldeko Manifestua elkarrekin osatzeko.

pantailakeuskaraz

Donostiako Zinemaldian euskarak izango duen presentziaren inguruko irakurketa