(Ez) beti da ez

(Ez) beti da ez –

Gogoan dut oraindik, ume garaiko oroitzapen bat, igandean gurasoekin mezetara joan eta aitaren haserrea, apaizak sermoi osoa mezetara joaten ez zirenen gainean jarduten eman zuelako: haren helburua zirenek ez zioten aditu, noski,  eta haren esanak entzutera joandakoak, haiei zuzendutako hitz bat bera ere entzun gabe geratu ziren.

Urte asko igarota, duela hamar bat edo, gogoratu zitzaidan kontua, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak istripuen apaltze aldera plazaratu zuen kanpaina gordina ikusita: garrasi, intziri eta negar zotinen arteko gorpuzkin odolduen bistak, lehenago ere orduko 80ean genbiltzanok, orduko 70ra jaisteko balioko zuen agian (nire kasuan bai, behinik behin), baina ez dakit goizeko 4retan arrunt hordi autoa txikitzen duten horietako zenbaten ohiturak aldatuko zituzten, ez baitut uste horietako asko etxean telebistari begira egongo zirenik afalondoko orduetan. Azken honetan, uste dut hasi direla, istripu larrien ondorioz gazte-gaztetatik tetraplejiko geratutako bolondresak, eskolaz-eskola eramaten nerabeekin hitz egin dezaten. Telebistan iragarki batzuk zabaltzea baino askoz ere nekosogoa, noski, baina askoz ere eraginkorragoa baita ere. Komunikazioa ez delako mezua bakarrik.

(Ez) beti da ezKomunikazioan, besteak beste, nork esaten duen eta nork entzuten duen aintzat hartu beharrekoak dira, mezuaren edukia adina. Asteak dira, “Ez, beti da ez” telebistan behin eta berriz entzuten ari garela. Gaia larria da, bistan da, trafiko istripuek eragindako hildako eta betirako elbarrituena bezalakoa. Eta horregatik gaiaren larritasunaren neurriko aurkezpen dramatikoa egiten da batean zein bestean. Gurean, aurpegi serio, tonu zakar antxa eta kopeta ilunez gogora arazten digute, ez beti dela ez behin eta berriz, eta berriz eta berriz, seguru asko, betidanik, emakumezkoen errespetuan adina, sexuaren ukazioan ere hazitako asko eta askori.

Eta esan beharra daukat halako nahigabea sortzen zaidala azkenerako. Zabaldu nahi den “Ez, beti da ez” txalogarri horren ordez, “hemen beti da ez” zakarra iritsiko balitzait bezala. Ez dut uste bakarra naizenik, gaia eta ingurugiroa ezagututa elkartasun mezu ugari espero ez ditudan arren. Baina uste dut auziak merezi duela gogoeta apur bat: Gure artean dauden jazarle horietako zenbat ote daude euskal telebistari begira, iragarki horiek pasatzen direnean? Horietako ia batere ez balego, zer eragin dute iragarkiek, horren helburu objektibo ez diren ikusleen artean?

Zertarako egiten ditugu kanpainak, kanpaina horien  helburu direnengana helduko ote diren jakin gabe? Haiengana nola heldu aztertu gabe? Haiengana heltzeko behar diren baliabideak erabili gabe? Azken galderon erantzuna sinplea da: aspaldidanik itxurakeriaren zibilizazioan bizi gara eta bertan, gauza eraginkorrak egitea baino, gauzak egiten direla azaltzea eta erakustea da inportantea.Euskararen trataeran, besteak beste, honen adibide mordoa aurkituko dugu zailtasunik gabe.

Iragarkiok abisua behar ez dutenei behin eta berriz heltzeak zer eragin dakartzan berriz, galdera askoz ere korapilatsuagoa da, aske eta zinez eztabaidatzea mereziko lukeena. Nire aitak ezin izan zuen  bere nahigabea adierazi eta eztabaidatu, garaiko giroak ez baitzuen horretarako biderik ematen. Berrogeita hamar urte joan ondoren berriz…

(Ez) beti da ez  (Ez) beti da ez  (Ez) beti da ez  (Ez) beti da ez

2 pentsamendu “(Ez) beti da ez”-ri buruz

  • “Zertarako egiten ditugu kanpainak, kanpaina horien helburu direnengana helduko ote diren jakin gabe? ”
    Beno, eskoletan “Emakumeak errespetatu” kartelak jartzean, Eusko Jaurlaritzarenak, ideia bat hartu dezakezu zein den benetako helburua. Hau egiten ari dutenek ez dute akatsez propaganda bere lekuan jartzen. Ez dago bortxatzaile eta matxistengana zuzendua, baizik eta berdintasuna bilatzen dugunongana.

    https://68.media.tumblr.com/cd0dee7522252d5242ff1fd7a3f55c4b/tumblr_nz0c8fNu391uxticxo2_500.gif

  • Juan Inazio: Zu idatzi duzun artikulua bete-betekoa da. Aurreneko letratik azkeneko punturaino sinatuko nuke.
    Artikulu honetan, lehengo zurginak iltzeak sartzerakoan bezala egin duzu. Buruan, lehenik poliki-poliki, gero indar gehiagorekin eta azkeneko bi kolpeak indar guziarekin, kalia zura barneraino sartuz.
    Edo bertsolariak bezala, plega-plega (edo gure herrian esaten den bezala, pleuren-pleuren) jarri arrazoiak aldian-aldian baino bizkorragoak eta, azkenean errematea.
    Ikusgarria atera zaizu Juan Inazio, eta aspaldian bota beharrekoa.
    Euskaltzaleen ehuneko hamarrek irakurri eta oldoztuko balute zuk botatakoa, oraindik balegoke esperantza.
    Nik badaezpada, nire ondoko euskaltzaleei pasatuko diet idatzi hau.
    Besarkada bat.