Beganismoaz
Beganismoaz –
Azken urteetan, began edo haragi jatea ukatzen duten aktibistek eramiten ari diren ekintzek hiltegian egin entzunikusek “bazterrak harrotu dituzte“. Gizarte arazo horren inguruan, hara ene ikusmoldea. Abereen eta gizakien arteko loturarik gabe bizitzea posible da?
Badu engoitik hamar milaka urte kabalekin bizi garela, bakoitzaren interesak elkarbizitza batean oinarritzen direlako edo bakoitza ohartu delako hobe genuela bizi adostasun batean, elkarren kontra edo bizkar baino. Mota guzietako kabalak beren munduaz haratago, humanoen egunerokoaren partaide osoak bilakatu dira. Baditaike funtsean kabala edo animale batek humanoen bizitzako kodeak hobeki integratzea edo ulertzea humanoek haiena baino. Agian pentsa daiteke logika hortarik abiatuta, egunerokoan gurekin bizi diren kabala horiek ez dutela askatasun edo libertate osorik desio, ez dutela salbaitasun osora itzuli nahi. Ez dut uste ere nahiago dutenik esterilizatuak izan, puntaren puntan desagertzeko arriskuan izan arte, begano batzuek aldarrikatzen duten bezala. Uste apala dut, gurekin nahi dutela bizi, gu haiekin bezala, bizitza duin eta errespetuzko batean.
Pentsamolde iraultzailea?
Duela ez hain aspaldi arte, munduko hainbat emazte eta gizon sobera fite eta handizki hiltzen ziren hiru arrazoiengatik: epidemia eritasun, gerla edota goseteengatik. Alta 60. hamarkadaz geroztik gutxi gorabehera, ez da gosete masiborik (matizatu daiteke afirmazio hau) munduan zehar, ez behintzat janari elikaiengatik. Gaur egun guneka ezagutzen diren gosete bakarrak, molde interesatuan batzuek erabiltzen duten arma politikoa soilik ez dira. Gosez hiltzen badira batzuk oraindik, beste batzuek erabakita da. Ez dut ikusten zertan beganismoak egitate horiek alda ditzakeen. Alderantzizkoa agian baiezta dezakegu. Goseteak orohar desagertu badira da arrazoin begibistako bat dela medio: laborantza iraultzak agronomia sortu zuen eta ondorioz hazkuntzak erregulatuak lurrarentzat oinarrizko hazkurri den ongarria produzitzen hasi zen. Ez, gazte edo ez hain gazte batzuek aldarrikatzen badute ere “Beganoa naiz”, ekintza edo pentsamolde iraultzaile bateko partaide gisa, edo hiltegien eta harakinen kontrako ekintzak konparatuz erresistentzia zibil gisa, ez zait iduritzen beganismoak kabalen emanzipazioan edo berdin humanoen emanzipatze prozesu bati mesederik ekartzen dion. Alderantziz baizik, hurbileko animalirik gabeko eta hazkuntzarik gabeko laborantza bat goraipatuz, begano mugimenduak urrats handiagoz multinazionalen atzaparretan ezartzen gaituzte, gisa hortan gure alienazioa eta janari menpekotasuna larriagotuz uste baino fiteago. Beganismoaren teorizatzaileak eta militanteak, agian ohartu gabean, kapitalismo itsuenaren eskumakil ments eta ertzoenak bilakatzen ari dira. Alta 21. mende hastapen honetako lanjerrik handienatarik bat litaike hazkuntzarik gabeko laborantza bati buruz joatea. Jakin badakigu badirela jada inbertsioak eta esperientziak “haragia” produzitzeko laboratorioetan, oilasko, behi edo urde muskulo zelulen bidez edo arroltze eta esnea jitez aldatutako altxagarri zelulen bitartez. Laborantza zelulario horren promotoreak multinazional firma jakin batzuren baitan kausitzen dira (Gafa, inbestitze fondo etabar.). Baditaike aski laster gisa hortako lehen haragi artifizialak merkatuan sartzea “carpaccio” moduan, ondotik emeki eta segurki in vitro produkto bezala komertzializatuak izaiteko. Proteinaz beteriko haragi masa batzu antibiotikez hantuak kontaminazioak saihestuz molde seguru eta duinean.
Zer nolako janaria etorkizunean?
Beganismoa lanjerosa da. Humanoa eta animaliaren arteko lotura beharrezkoa handitu eta hautsi baizik ez du egin nahi. Iraganeko denboretarat kondenatu nahi gaitu. Animale edo kabalen munduarekin haustura bilatzen dute, betirako. Alta, haragia jatea betitik humanoen historiako zati izan da, partekatze momentu bat: halabeharrezkoa edo hautatua. Koherentzia osoz eta sinesgarria izateko, harreman horri oinarritu behar da hazkuntza jasangarri eta eginahala biologikoan, lurrarekilako errespetuzko lotura batean, gisa horretan urrunduz laborantza, hazkuntza eta janari industrialetarik. Garrantzitsuena humanoaren biziraupenerako ez da funtsean jakitea kabale haragirik gabe bizi daitekeen bainan bai konturatzea zer nolako janari “kultura edo molde” egokienek segurta lezaketen bizitza orekatu bat.
Began jateak, haragirik gabe, badut beldurra kondenatzen gaituela hainbat bortxaz edo jitez aldatutako produkto irenstera, orohar soilik molekulaz osatuak eta oroz gainetik B12 bitaminaz hantuak.
B12 bitamina halabeharrez bestenaz begano ohi batzuek dioten bezala, ultra janari erregimen horiek emeki emeki osagarria desorekatzen omen dute, hasita izpirituarenetik. Beganismoa mehatxu oraindik haundiago baten aliatua da. Alabainan gure ondarea eta ingurumena ez kolpatzen segitzeko molderik erradikalena da hauetarik arrunt eta betiko moztea eta urruntzea. Mega hirietan gakoturik metatzea molekulazko janariz aseturik. Ez gehiago zikinik, ez gehiago garbirik, soilik izpiritu sanoak puntako morala soil bati dedikatuak: humanoaren betiereko hobekuntza ingurumenetik erabat mozturik. Bai, argiki erran daiteke beganismoak transhumanitatearekin errimatzen duela. Mundu latzgarri eta lotsagarri bat, ez ?
Beganismoa fenomeno pendularren adibide argienetakoa da. Animalien proteinan oinarritutako dietari kontrajartzen zaio landarena soilik aldarrikatzen duena. Alegia, egunero okela jaten duen mendebaldeko jendartearen erokeria suizida batetik. Eta bestetik, erleen ezti goxoa errefusatzen duen mendebaleko (hau ere) gizarte modernoa.
Nere ustez biak ala biak zentzu gutxikoak. Erizpideren orokor bat hartzekotan zer elikadura den egokiena erabakitzeko garaian, inguruko ekosistemak eta naturak markatu beharko liguke bidea: Mongoliako artzainak esnekijaleak edota inuit balejale ertsiak oker dabiltza? Ekialdeko populazio arrozjale amorratuak B12 bitaminarik behar du?
Ekosistemara egokitu beharko genuke, lurraren mugak ezagutuz errespetatu eta demasiak ekidin. Etorkizuna jokoan da.
hortaz nere hausnarketa bat: https://zuzeu.eus/buruari-bueltaka/beganismoaz-ii/