Barne bakardade isila, askatasunaren iturri

Barne bakardade isila, askatasunaren iturri – 

Inozenteen eguna zela-eta, nahiko uzkur agertu nintzen egun berezi hortik kanpoko ustez egiazkotzat ditugun urtean zeharreko gainontzeko albisteekiko. Eta uzkur edo mesfidati agertzeaz bat, halaber, sistemarako, geure sostengarri den sistema-lursoro horretarako, beharrezko, ezin saihestuzko jo nituen ez-egizko trikimailu horiek, paradoxikoa irudi balezake ere. Gaurko testu honetan, hori dela-eta, txanpon honen beste aldea hartu nahi dut hizpide; materiala den eta hain gotorra den edo dirudien sistema ustez ezin aurreratuago honek, ordainean, barnetik ezdeusten, husten gaitu; kanpoko ordena delako honek, barrutik, geure psikean, ez-ziurra, anabasa sor diezaguke geure bizialdian zehar zenbait eta zenbaitetan.

Gizarte honek, sistema honek, bere onura tekniko material ezin ukatuzkoei eutsi diezaien, egia estal diezagukeen zenbait eta zenbait trikimailu praktiko darabiltzan honetan, lur finko sikiera apurño baten behar gorrian gaude, eta non atseden hartu aurkitu behar dugu lehenbailehen. Konplexuegiak dira geure gaur egungo bizitzak, eta izan lezaketen on material guztia tarteko ere, tamalez, horren ordainetan, konplexutasun gaitz, eskerga horren ezin konta ahala geruzetan galtzen gara, geure burua bera ere galtzeraino zenbaitetan. Ez dakit nik bada, antropologikoki hau guztiau ez ote zaigun handiegitxo geratzen, honaino ailegatu izana ez ote zaigun jada psikikoki eramangaitz samar egiten. Non deskantsatu behar dugu, non atseden hartu, garen “hori” berriz ere aurkitzeko, garen horrekin berriz topo egiteko eta berarekin, geu garen horrekin, patxadaz egoteko, benetan eta zinetan ziurretan ziurrena dugun horretan sartu ahal izateko.

Aurkeztu nuen jada Bitoriano Gandiagaren kasua, zenari bakardadea, isiltasuna, bakardade isila zitzaion azkenerako ezinbesteko, bizitzaren muina aurkitzeko, egunerokotasunaren zarata burrunbatsuaren erditik tarteka atera, eta arnasa hartzeko burua altxatu ahal izateko, eta, hartara, oxigeno hartuta, guztiz bestela ikusi egunerokoan esku artean zeramanaren zentzua.

Ezin konta ahalakoak dira, dena den, erlijio, espiritualtasun edota literatura testuetan aurki ditzakegun bakardadearen aldezpen eta goraltxatzeak:

Behin itsu geratzen naizela,
Behin zu mutu geratzen zarela,
Oraindik eskuak
Eta isiltasuna izango ditugu (Eloy Blanco)

Literaturan bakardadea beste zenbait kontzepturekin loturik aurkeztu izan dute, hala nola, carpet diem, locus amoemus, edota tempu fugit, besteak beste. Eta Mendebaldeko kulturari begiratuko bagenio, antzinate zaharreko berroren aldeko ezin konta ahal testu-testigantza aurki ditzakegu; bihoaz orain, adibide horietariko batto gisa, K.a. I. mendeko Horacioren lerrotxo honako hauek:

Zorionekoa negozioetatik aldendutako hori,
Aspaldi zaharreko gizajendea antzo,
Goldatzen doazen idiei jarraika.

Jada adierazi nuen moduan, Gandiagak bakardadean, apartatze horretan, eguneroko errealitatea guztiz bestela ikusteko parada aurki uste zuen. Bere esanetan, bakardadean gauzen artetik gauzen barrura joango gara, begiak argi izango ditugularik geure-geuregana. Bere burua nahiko zaio norberari bakardadean, eta han aurkituko du behar duen isiltasuna eta bere barneko ahotsa entzun ahal izateko behar duen giroa. Bakardadeak norberari begiak sakonagoak izanarazten dizkio, bere barrura itzul ditzan eta, ilusioaren gezurraz haraindi, gauzen itxurari bainoago, beren muinari lot dakion. Belarri bakartia nekez bizi da ilusioaren gezurretan; haren belarriak, gauzen zaratari baino, haiek zartatzen dituanari jarriagoak, beste horrenbeste, gauzen zaratari bainoago, beroiek zartatzen dituenari lotzen zaizkio.

Kanpo bakardadea praktikatzen zuen Gandiagak, hau da, ez soilik baitaratze pertsonal hutsa, baizik-eta hori benetako “apartatze” fisiko baten bidez lortu; Urbiara igotzen zen, edota inguruko beste edozein larretara abiatzen zen…, eta, oro har, naturarekin nolabait edo beste bat eginez egin ahal izaten zuen. Gehienetan, fisiko den kanpo bakartze hau egitea oso berezko izan bazuen ere Gandiagak, barne, barrurako bakartze huts batez mintzo zitzaigun sarri askotan bere olerkietan. Garrantzizko diot zinetan bereizte hau egiteari; izan ere, bigarren barne bakartze honelakoak, norberak, begirada aldatze baten subjektibo baten bidez egin litzakeen horiek, dira hain justu ere gure gizartearen estresaren zarata alienatzailearen zamatik nolabait edo beste libra gaitzaketenak. Eguneroko zalapartan bete-betean ezin saihestuki murgilduak egoten bagara ere, praktikatuz gero, pixkana-pixkana trebatuz joan gaitezke inguratzen gaituen burrunba horrekiko bere burua “des-identifikatzen”, berorrekiko distantzia subjektibo bat zabaltzen eta hartara benetako aldentze fisiko batek lekarzkigukeen onura berberak lortu ahal izan.

Esandako azken honen iradokigarri Gurutzeko San Joanen ohiko hitz batzuk ekar genitzake hona. Guretzeko San Joanen mintzaera naturarekin hertsiki lotuta agertzen denik ezin uka. Adibiderako, aipatu eta aipatu zituen “bailara bakartiak”; geldoak, aberatsak, freskoak… atseden emaileak, gune propio direnak bakartasun eta isiltasun bake emailea aurkitzeko dira aipatu bailarak. Itsaso baztergabea ere izango da bere ideien inspiragarri. Inspiragarriak dira, iradokigarriak, horretarako propio eta naturako gune aproposetan aproposenak ditugun horiek; denoi gertatu ohi zaigu horrelako hunkitzeak izan izana paisai zoragarri bat ikusitakoan, egunsenti polit bat ikusi orduko, itsaso baztergabera gure begirada zuzendu dugunetan… Alabaina, kanpoko gune honelakoek propio horrelako barne bidaia erraztu baliezagukete ere, ez gaitezen engaina, barnekoa da gertakaria, geure baitan gertatutakoa. Kanpo bitartekaritza izan dute, bai, baina bitartekaritzak bitartekaritza, gure begirada, gure begiratu moldea da, berez, barne eraldaketa hori ahalbidetzen duena. Giza barnekoitasuna bilakatzen da bakardade gune sakon eta baztergabe. Hartara, gure baitan zabaldutako barnekotasun horretan askatasun iturri ezin agortuzko bat aurki dezakegu. Eta, itxura guztien arabera askatasun-bakardade hori kanpoko espazio batekin, gehienetan naturarekin, loturik baldin badago, bestetik, eta bereziki, gure baitako bakartze horrekin dago loturik, letra larrizko benetako askatasuntzat jo litekeen horrekin barne bakartze horrekin:

“Ekitean isiltasuna aurkitu duenak, isiltasuna bera ekintza dela ulertzen du eta argia eta bakea aurkitzen ditu bere ekintza guztietan” (Bhagavad Gita, 4.18).

Barne bakardade isila, askatasunaren iturri

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude