Arotzaren semea

Irudiaren kreditua: Patrick Hendry

Ardura ez da sekula berriz -zuretzat behintzat- pentsatzen zenuena izango baizik eta Mikelen sukarra, Mikelen berandutzea; samurtasuna, Mikelen matela; abenduaren hamaika ez da data bat izango Mikelen urtebetetzea baizik.

Gutxi hitz egiten da maitasunak dakarkigun nortasun-galeraz. Anerekin -holan deituko diogu- maitemintzen zara eta bere etxea helbide bat izateari uzten dio eta Aneren kale bihurtzen da. -Aneren kalean kinkilidenda bat dago -diogu kale horri -Lope de Vega- izen berri horrekin bataiatuz. Lan egiten duen enpresa ez da Vitrocar izango; orain Aneren lantegia da. –Aneren lantegian kotxe haizetakoak konpontzen dute -jakinarazten diozu kristal hori apurtu berri zaion koadrilako bati. Aneren gurasoek Blas Piñeiro eta Carmen Bernal izateari utziko diote. -Aneren gurasoekin egon gara oporretan -kontatuko dugu. 

Kepa Odriozolak, Miren Tellok eta Jabi Albizuak beraien izenak galduko dituzte eta Aneren laguna edota lagunak izango dira hortik aurrera. Nieves, Kerman, Julia, Kepa… -beraiek ez ba dute aldaketa berezirik nabarituko ere-  Aneren auzokideak izaten hasiko dira. Zu zeu Aneren ingurunekideontzat ez zara Josu Beitia sekula gehiago izango baizik eta Aneren bikotekidea, nobioa. Zure burua -Aneren bikotekidea naiz- era horretan -harro, gainera- aurkeztuko duzu. 

Beraren gauzek ere une horretaraino zeukaten identitatea galduko dute eta, ordutik, Levis horiek Aneren prakak izango dira, telefono zenbaki bat, Aneren mobila etabar. 

Eztialdia ez da berriro -zuretzat behintzat- eztialdia izango baizik eta Aneren begirada; haize bolada, Aneren ilea. Bikaintasuna, Aneren horkatilak.

Agian berarekin bizitzera joango zara eta seme bat -Mikel deituko dioguna- izango duzue eta haziko den heinean den dena berrizendatu beharko duzue: Mikelen eskola, jostailuak; Marta bera jada ez da Marta Villares izango Mikelen andereinoa baizik; Gabriel Aresti BHI Mikelen instituto bilakatuko da. Injeniaritza ez da une horretara pentsatzen genuena baizik eta Mikelen karrera. Clio, Mikelen kotxea.

Ardura ez da -zuretzat behintzat- pentsatzen zenuena izango baizik eta Mikelen sukarra, Mikelen berandutzea; samurtasuna, Mikelen matela; abenduaren hamaika ez da data bat izango Mikelen urtebetetzea baizen.

Mikel Janirerekin -halaxe deituko diogu- maiteminduko da eta ordutik zuretzat behintzat Janire ez da berriro Janire izango; Janire Mikelen neskalaguna izango da.

Beharbada -edo beharbada ez, trankil- Mikel pikutan dagoen beste hiriren batera -ordutik Tokio Mikelen hiria izango da- lanera -aukera paregabea omen zen- joango da eta aireportutik bueltatuko zarenean Mikelen kaleak Mikelen kalea izateari utziko dio eta Lope de Vega izaten bueltatuko omen da.

Agian -edo agian ez, lasai- zerbaitek -edo norbaitek- bananduko zaituzte- eta gutxien uste zenuen egunean Ane ez da zure alboan egongo. Orduan zure amaren sukaldeko leihotik begiratuko duzun munduak, nortasuna aspaldian galdu zuten gauzek, arinka eta presaka, berreskuratuz joango dira. Eraldaketa zorabiagarri horrek arnasarik gabe eta dardarka utziko zaitu.  -Hotz egiten du -esango duzu ozenki zure burua lasaitzeko; hor kanpoan -eta barruan- dena estaltzen, ezabatzen doan azaroko laino zerratu horri garrantzia kentzeko.

Auzunean -hauxe oso leku txikia da- komentatzen hasiko dira itzuli zarela, Amparoren mutila, arotzaren semea bueltan dagoela. -Pasaden egunean arotzaren semearekin topatu nintzen -esango du Marisaren alargunak Alfredoren tabernan. -Bai, ama, Alfredo… okinaren iloba, Markelen aita… gogoraraziko, alferrik, diozu.

En fin

Arotzaren semea

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude