Arnaldo askatu!

Jasanezina egiten zait Arnaldok urtebete barruan daramala pentsatze hutsa. Iruditzen zait gizarteak egin duela atzera. Harritu egiten naiz ikusirik nola distraitzen garen gure taldearen partiduarekin igandean, edo nola joaten garen ogia eta txokolatea erostera nomal-normal bizi bagina bezala…

Gu txikiak ginela, Armando deitzen deitzen genion orain denok Arnaldo deitzen diozuen horri. Itxura denez, bere aita Aszensio nahastu egin zen jaiotza erregistratzeko orduan. Deituraz ere, guretzat Otaegi zen eta ez Otegi, zuek ezagutzen duzuen moduan… Berari buruz idatzi behar dudan bakoitzean, ataka honetan aurkitzen dut nire burua, beti Armando izan dena orain Arnaldo nola den konpreni ezinean…

Bai, zaila egiten zaigu oraingo Arnaldo Otegi hori, gure Armando Otaegi hura bera dela sinestea. Ikastolaren hastapenak ziren, 60ko hamarraldiaren hastapenean, dena gabezia, beldur eta ezintasun, baina dena zorion aldi berean…

Gogoratzen naiz nola behin berak eta biok, biok bakar-bakarrik,  Larraskandarako bidea hartu genuen Madarixatik. Borda batera gindoazen han zeuden Larrañagatarrekin asteburua pasatzera. Hamar urte inguruko ume mokoak baizik ez ginen, motxila handiarekin bi orduko bidea aurrean, beldurrez, kezkaz, baina atseginez ere bai… Eta egin egin genuen bidea, zorionean. Iniziatikoa, nolabait.

Harrez gero bizitzak eraman gaitu bazter banatara biok hala biok, eta ezin esan liteke kuadrilakoak izan garenik, mila bider egin dugun arren topo han ez bada hemen. Haserretxoak ere izan dira tartean, ikuspegi desberdinen arteko ñabardurak…

Baina zer nahi duzue esatea, jasanezinezkoa egiten zait Armando kartzelan ikustea eta, gainera, hainbeste denboran. Iruditzen zait gizarte moduan usteltzen hasita gaudela. Gauza bat dela idealismoak eta utropiazaletasunak porrot egitea, eta beste bat, oso desberdina, honelako izugarrikeriak baimentzea…

Arnasa guztiz, beraz, dator deihadarra: ARNALDO ASKATU!

(Eta orain etorriko da betiko listoa esanez Arnaldo eta ni kate berekoak garela etc. Izan liteke, baina ez da hori, ez da hori. Sinets iezadazu, benetan diotsut eta.)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Arnaldo askatu!”-ri buruz