Infernuan ibili naiz bart

Brueghel, Wikipediatik

Gau oso txarra pasatu dut, amesgaiztoak izan baititut aspaldiko partez. Egia esanda,  infernuan ibili naiz.

Beti iruditu zait adierazgarria Brueghel Zaharrak nola antzirudikatu izan duen infernua bere koadroetako batean: jendea biluzik eta hotzez, eternitate guztirako euripean. Hotza eta hezetasuna jarri zituen Brueghelek gure su eta bero katolikoaren lekuan. Egia esanda, biak oso izugarriak dira baina, aukeran, nik sutan erretzen nahiago beti hotzez eta bustita dardarka baino.

Nire gaurko ametsetako infernua, dudarik gabe, nire izaera ero honentzat berariaz asmatutakoa izan da. Nire psike gaixotu honentzat bakarrik balio duena eta ez beste inorentzat. Gaurko hizkuntzan esateko, infernu pertsonalizatua izan da niri atsedena lapurtu didana bart.

Uxue Alberdik kontratatuta, herri edo auzo hipereuskaldun batera eramaten ninduten (Alkizara, Aiara edo horrelako batera) herriko jaietan eguerdiko pilota partida jokatzera nik ez dakit noren kontra. Okerrena zen, ordea, tanto batetik besterako tartean, mundu guztiaren aurrean bertsotan deskribatu behar genituela bi pilotariok tantoaren ipi-apak…

Ez dakizue zernolako angustia, zernolako itolarria eta izerdia!

Ametsetako geografia erruralean ihes egin dut  bazter batera bertsogintzan berotzera, kontua baitzen bertsotarako gai nintzela, baina aspaldi ibili gabekoa… Sudurra, elurra, gezurra, muturra... hor ibili naiz errima bila,  fatalitateak ekarri behar zuen eguerdiko hitzordua atzeratu nahian…

Infernurik niretzat baldin bada, horixe izan da bat. Sekulakoa. Kasik Brueghelen hotza eta hezetasuna nahiago. Aukeran.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)