Argi izpi horren atzetik…
Goizean goizetik Bilbon argiarekin jolasean ibili ondoren, Hondarribirat jo nuen, han ere argiak joko politen bat emango zidala pentsatuta.
Azken bi urteetan Hondarribiko Ostiral Santuko prozesioa eliza barruan egin izan dute (euriarekin ez dira elizatik ateratzen, irudiak ez daitezen busti), eta ostiralean egiten zuen eguraldia ikusita, argi nuen Hondarribira joango nintzela.
Buruan nuen, orain 3 edo 4 urte, azken aldiz Hondarribiko prozesioa kalean egin zutenean, Denda Kaletik eguzki izpi eder bat sartu zela Kale Nagusiraino, justu prozesioa elizatik irten eta Kale Nagusian behera abiatu zen une berean. Argi hura nahi nuen, hari zukua atera.
Arratsaldeko 5ak jo baino lehen, bertan nintzen, Kale Nagusian. Jendea oraindik mezetara sartzen ari zen eta itxaronaldiak luze joko zuela banekien, baina Hondarribian Ostiral Santuan aparkatzea erraza ez dela jakinik, nahiago nuen bertan aspertu gero ezin iritsita ibiltzea baino.
Denda kaleak, kale Nagusiarekin topo egiten duen iskinean jarri eta eguzkirantz begiratu nuen. Egia esateko, ez zirudien bi ordutan eguzkiak bertatik kuku egingo zuenik, baina nik banekien momentua iritsiko zela… edo hori nahi nuen sinetsi. Eguzkia bertatik azaldu zen Ostiral Santu batean argazkiak egin nituela banekien, baina ez nuen ordua eta data konfirmatzeko ‘ikerketa’ lanik egin, eta Martxoaren bukaera edo Apirilaren erdialdean izan, eguzkiak ez du ibilbide bera egiten. Ez nuen lan zaila, orain 3 urteko argazki bat hartu eta aste santua zein egunetan izan zen eta prozesioa zein ordutan pasa zen ikusi nezakeen, argazki guztiak datu hori gorde egiten baitute, baina burua beste nonbait nuen eta xehetasun hori begiratzea ahaztu egin zitzaidan. Banuen niregan fede apur bat hala ere. Orduko hartan ere Apiril erdialdera izan zela nuen barruan iltzatuta.
Lehen esan bezala luze jo zuen itxaronaldiak, oso luze. Jendea pilatzen hasi zen bide bazterretan, eta nik ez nuen neuretzako tokirik hartu. Ez nekien eskuineko edo ezkerreko espaloitik ateratzea komeni zitzaidan, eta gainera behin bertan izanik, ez nuen arazki horretara mugatu nahi, zer edo zer gehiago ere egin nahi nuen, beraz kalearen erdian nintzen, beste argazkilari eta TB kameralari batzuekin, blagan. Kontatu nuen ‘nire’ argiarena, eta aurpegi arraroarekin begiratzen zidaten; ia sei terdiak ziren eta eguzkia etxe atzeetan ezkutatzen hasia zen.
Igo ziren kalean gora ‘Jaungoiko Hartzaileak’ beraien musika geldi eta erritmo pausatuaz eta sartu ziren elizara. Horrek mezaren bukaerara iristen ari zirela iradokitzen zuen eta gutxi falta zela prozesioa abiatzeko, baina oraindik izpi horren aztarnarik ez.
Halako batean, eliza barruan Jesus gurutzetik jaisten duten unea antzezten ari zirenean, lurrean 10-15 zentimetroko zabalera eta metro erdi bateko luzera zuen argi bat azaldu zen. Bertan zegoen jada; eguzkia jaisten zijoan arabera, izpi hori igotzen joango zen. Prozesioaren unearen nik desiratutako tokian egotea falta zitzaidan, eta ez zirudien asko falta zenik, jendea hasia baitzen elizatik atera eta kale bazterrak erruz betetzen.
Prozesioko parte hartzaileak elizatik ateratzen hasi ziren unerako, eguzki izpi hori nik nahi nuen tokian zegoen. Kalearen zein aldetan jarri erabakitzea tokatzen zitzaidan eta eskuin aldean jartzea deliberatu nuen. Jendeari trabarik ez egiteko beraien aurrean makurtu nintzen, eta zain egon. Eguzki izpi horretarako neurtu nuen argia eta kamera listatu. Hasi zen lehen ‘koadrila’ jaisten, beraien irudia bizkar gainean zeramatela, pasa ziren izpiaren paretik eta nik KLIK eta KLIK. Aaaargh! argia bertan zegoen, baina eszenak ez ninduen konbentzitu: Ni makurtuta, kalea aldapan eta irudia bizkar gainean, oso kontra-pikatuta zen planoa eta gainera irudiaren fondoa ‘zikin’ geratzen zitzaidan… Argazkia ateratzeko, tokia aukeratu eta neurketak ondo egiteaz gain, zortea ere behar nuen; izpiak 15 zentimetroko zabalera bakarrik zuenez, goitik behera zetozen aurpegi bakoitzean segundo bakar batez ematen baitzuen, eta momentu hori eszena txukun bati egokitu behar zitzaion.
Apostoluak izpi parean tokatzean argazki pare bat egin eta gustura egon gabe jarraitzen nuenez, espaloiz aldatu nuen. KLIK egin nien. Deus ez. Itzaletarako egin nuen neurketa eta argi izpiaz paso eginda, abiadura jaitsita beste bi argazki atera nizkien KLIK eta KLIK. Argazkia salbatzea errazagoa zen, baina nik ez nuen argazkia salbatu nahi. Ez nuen inor argazki horren zain eta nik arratsaldea bertan pasatzera eraman ninduen argazki hura nahi nuen.
Hurrengo irudia pasatzen utzi eta atzeko jendearen zain geratu nintzen. Izpiak gizon baten aurpegia argitu eta KLIK egin nuen, ustez eszena garbi batekin, gainera kandelak piztuta zeramatzaten eta agian horrek itzal guzti hari beste puntu bat emango zion… Geratu egin ziren nire aurrean, berriro ere abiadura jaitsi eta KLIK, KLIK… Horrela jarraitu nuen prozesioak pasatzen eta argi hark bere tokian jarraitu zuten 10 minutuetan, baina beste behin aldatu nuen espaloiz. Eguzkia etxeen atzean ezkutatu zenean, beste ideia batekin hasi nintzen lanean: aurpegia zimurtu haiek gertuagotik, eskuak, kandelak…
Etxera iritsi, argazkiak deskargatu eta banan-bana ikuskatzen hasi nintzen. Egun guztian buruan izan nuen argi harekin atera nituenetatik, bakarra salbatzen zen, baina egia esan, ez nuen gehiagorik behar. Enkoadrea zuzendu, argiak hobeto doitu eta… hemen duzue.
Datorren urtean Jaungoikoak nahi badu (aurtengoan prozesio gehiegi ikusi ditudalakoan nago), eguzkia ateratzen bada, agian, beste ahaleginen bat egingo dut.