Anguita

Anguita –

Anguita
Arg: Kippelboy (wikipedia)

Pertsona batzuk hiltzean argizko arrastoa utzi dutela ikusten dugu. Hauetako bat Julio Anguita izan da. Politikan gora heltzeko gai izan direnen artean oso gutxi bueltatzen dira bere aurreko lekura, bere aurreko lanbidera, eta Anguitak horixe egin zuen, institutura klaseak ematera itzuliz. Argi zeukalako zergatik eta zertarako zegoen politikan: zergatia ez zen bere probetxu pertsonala. Antzekoa esan dezakegu bere lemari buruz -”listo” batzuentzat barregarria zena- “programa, programa, programa”. Presio handiak izan zituen gobernu sozialista errazteko, eta bere ukoa adierazteko “programa” ateratzen zuen beti hizpidera. Izan ere, zertarako balio du politikak ez bada dauzkazun ideiak eta egitasmoak aurrera ateratzeko? Honetan ere argi zeukan zergatik eta zertarako zegoen. Espainiako sindikatu handietarako kritika zorrotzak ere bideratu zituen, azken batean bi sindikatu horiek norabidea galduta zeukatelako (eta daukatelako); zergatik eta zertarako dauden ahaztuta gauzak aldatzeko hautuari muzin egin zioten aspaldi, sistemaren barruan egokitze bat bilatuz. Anguitak ikasgai ederra utzi du: ez da makala jakitea zergatik eta zertarako gauden betetzen ari garen lekuan; eta horren arabera ekitea, noski.

Anguitaren beste ezaugarria errazkerian ez erortzea zen. Askotan kritikatzen zuten horregatik, gehiegi exijitzen zuelako, konformagaitza zelako; jendeari azalpen gehiegi ere ematen ziolako  “irakasle” mespretxuz deitu zuten hainbatetan. Joera sinpleak ez zituen gogoko, eta prozesuen, une historikoen eta jokoan dauden interesen ikuspegi zabala erabiltzea maite zuen. Eta bere apustua justiziarena zen, argi zeukan askoren pobreziak zerikusi zuzena daukala batzuen neurrigabeko aberastasunarekin; eta ez zegoen hori ahazteko prest. Azken boladan krisi klimatikoaz eta neurrigabeko kontsumoaz ere ohiko zorroztasunez aritua zen. Honetan ere badugu zer ikasi, lema erraz eta azaleko planteamenduen gainetik zorroztasunez errealitateari begiratu, sustraiak eta oinarriak bilatzeko.

Inoiz ez nion bere partiduari botoa eman, baina bere ibilbidea omentzeko eta eta bere ondare aberatsa onartzeko gogoa izan dut bere heriotzak tristatu nau honetan. Amaitzeko, gogoratuko dut Irakeko gerran semea galdu zuela Julio Anguitak. Orduan bota zuen esaldi hura, amaitzeko hona dakarkizuedana “Madarikatuak izan daitezela bai gerrak, bai gerrak sortzen dituen jende zital hori”.

Anguita

 

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.

Zer duzu buruan “Anguita”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-05-22 10:04

    Omenaldi duina pertsonaiaren ezaugarri hautemangarriak azpimarratzen dituena.