Arte[faktua] 89: Patxi Apalategi, “Gaitzaren loreak”, Beñat Sarasola, Ana Malagon

Arte[faktua] 89: Patxi Apalategi –

Patxi Apalategi itzultzailea izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Egun bizi den Donostiako Gros auzoan elkartuko gara berarekin, Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen liburuaz hitz egiteko: Gaitzaren loreak. Charles Baudelaire poeta frantsesaren lanaren itzulpena da. 1857an argitaratutako olerki horiengatik, inmoralitateagatik kondenatu zuten idazlea, eta lan horretako sei poema kentzera behartu. Klasiko bihurtu, eta modernitatearen ateak irekitzea atxikitzen zaio. Apalategi, etenaldiak tarteko, pixkanaka joan da urteetan zehar lan hau itzultzen.

Bost urte eman zituen Apalategik Parisen Filosofia eta Soziologia Politikoa ikasten. 1968ko maiatza bete-betean ezagutu zuen. Gainera, hango Euskal Etxean euskara irakasten ere ibili zen. Garai hartan, Pio Barojaren Altzateko Jaun-en kontu-zaharra itzuli zuen. Literaturaz gain, Tintinen komikietako bi ale ere itzuli ditu. Bere ibilbide luzeaz nahiz argitaratutako azken lan honetaz solastatuko gara berarekin.

Beñat Sarasola izango da, gainera, Apalategiren gonbidatua. Aurrez aurre elkar ikusi duten lehenengo aldia da. Apalategiren semearen bitartekaritzari esker, liburua, argitaratu aurretik, Beñati utzi zion Apalategik, begirada bat bota ziezaion. Hainbat ekarpen egin zizkiok honek. Batzuk baliagarri izan zitzaizkion; Apalategik dionenez, pentsatzen zuen baino gehiago.

Ana Malagon idazle donostiarra zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Artefaktu[egilea] tartean.

Bestalde, Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko teknikaria den Txemi Valdecantosek Atopia liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Gotzon Hermosillak, Goizalde Landabasok eta Aritz Gorrotxategik, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Tuterako Argia ikastolako Leire Anderez eta Artea Ortiz izango dira aste honetako Booktube ataleko protagonista.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 89: Patxi Apalategi, "Gaitzaren loreak", Beñat Sarasola, Ana Malagon
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 89: Patxi Apalategi, “Gaitzaren loreak”, Beñat Sarasola, Ana Malagon

Arte[faktua] literatur saioa ETBn