Algoritmoak

Algoritmoak –

Astelehena. Guztiz. Erabat astelehena. Portzierto, «El Bilbao» esan izanagatik antolatu dena; edo antolatu nahi dutena edo duguna edo digutena…

Algoritmoak
Irudia: Gam-Ol

Asteartea. Sareak nire cookien bitartez nitaz eraikitzen ari den irudiak kezkatzen nau. Batez ere, gaur bezala, nire publizitate pertsonalizatuaren artean heriotza-aseguruez eta bizitzako azken une horietan aurrezteko trikimaluei buruzko iragarkiak iristen hasi zaizkidanetik. Oso eskaintza tentagarriak daude. Eskerrak algoritmo hori ere nire zaletasunen eta bizioen islada den eta bidaiak, ardoak, hotelak eta jatetxeak eskaintzen dizkidan.

Ni naiz ni eta nire algoritmoa. «Ni naiz ni eta nire zirkunstantziak», Ortega eta Gasset-en planteamendua gainditu dugu; agian gure zirkunstantziak benetakoak baino birtualagoak direlako. Agian gure zirkunstantziak ez direlako jada zirkunstantziak, baizik eta eguna nabigatzen ematen dugun itsaso digitalak. Bukeleren hauteskunde-arrakastaren irudiak “Divergent” pelikulatik ateratakoak dirudite: liderrari txaloka ari den jendetzaren planoek filme horren estetika bera dute, ikuspegi bera. Fotograma horietaz El Salvadorko presidentearen algoritmo argi samarra osa dezakegu.

Asteazkena nire ustez. Euli bat leihoko kristalaren kontra jotzen entzun dut. Negu gorritik ihesika logelako balkoitik sartu omen da eta etxe osoa zeharkatu du honaino heldu arte. Baina ateratzear zegoenean hasi dira komediak. Agian ez du, gaur arte, egoera surrealista hori bizi; ez zeukan hesi, muga garden hori ikusia. Une batez, zuzentzen ari naizen azterketatik begirada altxatu dut, eta, zailtasun handirik gabe, intsektuaren larruan jarri naiz. Hain izan da handia identifikazio-maila, non kolpeak nabaritu baititut aurpegian, eta ikaragarri azkartu egin baitzaizkit bihotzaren taupadak. Erraldoi harengandik, nigandik azken finean, eskapatzeko premia neukan; edo zeukan…

Leihoa ireki diot, baina euliak atzera egin du egongelaren hondoraino, eta azterketen gainean pausatu da; segundo batzuk eman ditu pentsakor haien gainean, irakaslearena egiten. Azkenean, kalera abiatu da. Eman dut goiza pentsatzen ea bere –agian, gure? lehenengo kristala zen. Ea eskarmentu horren ostean errealitateaz biok geneukan irudia, algoritmoa aldatu egin den. Kaleak hartu dituzten traktoreek egunerokotasunari ezartzen diogun erritmo bizia motelarazi digute. Kristal moduko bat ere badago nekazarien eta Administrazioaren artean; nekazarien eta haiek defendatzen omen dituzten sindikatuen artean; nekazarien eta beraien produktuak garestitzen dituzten bitartekarien artean…

Osteguna. «Me la suda», entzun diot ikasle bati pasabidean eskolara nindoala. Esamolde hori oso hedaturik badago ere ez nuen neska horrengandik, Haizearengandik espero. Zein izango da, bestaldetik, nire ikasleok nitaz daukaten irudia? Zertan oinarrituko dira? Nire hizkeran, nire ibilkeran, nire janzieran… Alvesi buruzko epaiketako filtrazioek goizeko telebistako telesaioak elikatzen jarraitzen dituzte, jokalari ohiaren algoritmo berri bat eraikitzen minuturo. Charles III.ari buruzko azkenengo berriek errege gaixo baten profila baieztatzen digute.

Ostirala. DBH 4. mailako gelatik ikusi ditut; mimosak diot. Arraroa da beraietaz ipuin didaktikoren bat egin ez izana, apologoren bat, irakurleari lehen inpresioez fidatzearen ondorio negargarriez ohartarazteko. Ez; ez dut ulertzen nola eskapatu ahal izan zaion –aukera paregabea da– Don Juan Manueli, Iriarteri, Coelhori edo Jorge Bucayri halako kontakizun hezitzailea. Izan ere, mimosak zuhurtziagabekeriaren adibide bikaina dira; hauxe dugu beraien algoritmoa. Otsaila zoroaren laztan faltsuekin liluratzen dira eta, koitaduak, jai daukate: Martxoak eta Apirilak egurra ematen diete eta, lotsati eta desengainuz, Maiatzara arte ez dira berriro ausartzen horitzen. Itunpeko ikastetxeetako irakaskideak lanera itzuli dira; ez dakit, mimosak legez, damutuko diren.

Larunbata. Bai, baina tarteka-marteka. Larunbata honek asteleheneko profilaren zerbait dauka, baita ostiralekoa ere. Nebulossa du izena. Eurovisiorako taldea diot.

Igandea. «Kolperen bat hartu al duzu?», galdetu dit emazteak pasaden asteartetik kopetan daukan hematoma seinalatuz. «Egongelako leihoko kristalaren kontra», erantzun diot xehetasun gehiagorik ematea saihestuz eta koskorra ilepean ezkutatzen.

«En fin…», xuxurlatu du berak, etsita.

Algoritmoak Algoritmoak Algoritmoak

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude