303. logela
303. logela –
Orain dela aste batzuk zabor-edukiontzi batzuen alboan zegoen poltsa batek begia jo zidan. Plastikozko poltsa beltz horietako bat zen, erdi irekita, zaborrontzi kanpoan lagata. Lagata, eta ez botata. Ematen zuen norbaitek nahita utzi zuela zaborrontzi kanpoan irekita, barrukoak miatzeko moduan. Edo presaka eta batere kariñorik gabe utzi zutela hor, plof, jasoko dute zabor-biltzaileek, hor konpon, kotxea doblefilan daukat eta banoa. Dena dela, jakin-minak jota, poltsa miatzen hasi nintzen.
Barruan emakume adindu baten iragana zegoen. Argazkiak, paperak, ziurtagiriak, oroigarriak. Noizbait norbaitentzat oso maiteak eta ondo gordeak izan ziren altxorrak, zabor bihurtuta. Itxura guztien arabera, oroitzapen horien zaindaria hil egin zen, eta bere etxea hustu eta ondasunak ateratzeko lanetan aritu zenak zabortzat jo zituen oroitzapen horiek guztiak, jaberik gabeko oroitzapenak ez baitira jada oroitzapen, beste zerbait baizik. Paper horiek jada ez zuten jaberik, eta beraz jada ez ziren oroitzapen. Mari-kuriosa baten eskuetan zeuden istorio-iturriak ziren.
Tartean, gutun bat zegoen. Bere lagun onena zen gizonezko batek bidali zion Malagako Gerra-Komisaria Karlistatik 1937ko apirilean. Laster frontera zihoala zioen. Onik aterako ote zen lagun hura? Bizi ote dira harekin topo egin zuten bestaldekoak? “Lagun onena”, horrela, komatxo artean, jarri beharko ote genuke?
Beste paper bat zegoen: Bilboko Arenalean kokatuta zegoen “Hotel Almirante”-ko agiri zahar bat. Habitación nº 303 dauka idatzita. Hotel bateko logela zehatz bateko papera horitu arte gordetzeko, gauza inportanteak gertatu behar izan ziren bertan.
Denok ditugu gure 303. logelak. Zaborretan bukatuko duten 303. logela geroz eta horituagoak.
Zer egin oroitzapenekin? Gorde, konpartitu edo bota. Baina, batez ere, oroitzapen goxo berriak sortu, jakinda agian norbaiten eskuetan bukatu dezaketela etorkizunean, jabegabe, beste zerbait direnean: norbaiten istorio-iturriak, edo 303. logelan erreserba bat egiteko aitzakiak, adibidez.
Istoria hau benetan zuk bizitua da? Gogorra benetan. Eta zer egin zenuen paper guzti horiekin ondoren? Zeren, orain zeu egin zara arduradun, patuak zeu egin nahi izan zaitu arduradun.
Bai, kontatu bezala izan zen eta zuk egiten dituzun galdera berak egin nizkion nire buruari… zer egin honekin? Etxera eraman? Eta gero? A ze ardura! Zergatik hartuko dut zama hori nire gain? Horren guztiaren jabeak nolabait (eginez edo ez-eginez) botatzea erabaki zuen. Nor naiz ni erabaki hori desegiteko?
Galderetan galduta nenbilela konturatu nintzen ze piura neukan: zaborretan miatzen zebilen izaki ilun bat nintzen. Argazki batzuk atera, eta etxera joan nintzen, dena zegoen tokian utzita.
Emakume adindua hil izanaren itxura du eta bere familiko batek etxebizitza “libratzera” joandakoan egindako astakeria ikusi zenuela uste dut. Emakumeak berak bota izan balitu, bale… baina nork botako lituzke bizi guztian gordeta edukitako gutunak. Nik uste dut emakume horrek gutun horiek zuk gordetzea nahiko zuela. Bere “familikoek” (zerbait esatearren) egin ez zutena egin zenezan nahi zuela. Nork daki? Agian, urte batzutara norbait agertuko zen eta zuk gutunak itzuli ahalko zenizkion…