Zure internet ‘berdea’ al da?

Interneten nabigatzea “berdea” dela pentsatuko duzu ziurrenik, ez baituzu paperik xahutzen ezta  tinta kutsakorrik erabiltzen jasotzen duzun informazio kantitate beldurgarri hori kontsumitzeko. Baina oker zaude. Dan Ilic-ek eta Patrick Clairrek ABC telebistarentzat egindako How green is your Internet? bideoak agerian uzten du internetek ingurugiroan duen inpaktu handia. Ba al zenekien interneten bideo bat ikusten ematen dugun segundoko, 0,2 CO2 gramo gehitzen ditugula atmosferara? Ez dirudi gehiegi, baina kontuan hartzen badugu egunero 2 mila milioi bideo ikusten direla YouTuben, bakoitza 10 segundokoa batez beste, bota kontuak: 4.000 CO2 tona dira egunero!

 

Horra bideoak ematen dituen datu gehiago:

Planeta osoan dauden 44 milioi internet zerbitzariek planetako CO2 isurketen 2% sortzen dute, hegazkintza industriak edo tamaina ertaineko herrialde batek adina.

“Zerbitzari baserriak” edo datu zentroak hozteko, horiek berak funtzionamenduan mantentzeko adina energia behar da, 130 mila milioi kw/h urteko.

Greenpaceren How dirty is your data? txostenak teknologia industriako enpresa zikinenak Apple eta Facebook direla jasotzen du, bi enpresa horien elektrizitate iturria ikatza baita. Bestalde, teknologia enpresa berdeenak Google eta Yahoo dira, ingurugiroan duten inpaktuaz kontzientziatuta baitaude eta ahalik eta elektrizitate gutxien kontsumitzen saiatzen dira, modu horretan gastua ere murrizteko.

Googlek eta Facebookek planetako internet baliabideen %10 hartzen dute.

Facebooken datu zentro berria ikatzean dago oinarrituta batik bat, nahiz eta energia eolikoa eta eguzki energia ere erabiltzen duen.

Googlek Google Energy izeneko enpresa sortu du. Enpresak 100 milioi dolar bideratzen ditu energia eolikora, 350 miloi eguzki energiara eta 20 milioi dolar Makani Power enpresara, kometen bidez energia sortzen duen enpresa.

Gauza da, gaur egun, munduko populazioaren laurdenak bakarrik duela internetera sarbidea, eta datozen hiru urteetan erabiltzaile kopurua hirukoiztea espero dela.

 

 

UDAZKEN KOLOREAK

Zer duzu buruan “Zure internet ‘berdea’ al da?”-ri buruz

  • kontradikzioak 2011-07-09 15:21

    Aspalditxoan hasi da gai hau hedatzen – itxura, aski konfidentzialki -, eta bada garaia gauza serioski hartzeko. Eskerrik asko, Noemi.

    Kontua da gure komunikabide guztiek eten gabe tentatzen gaituztela bideoak edo loturak eskaintzen, eta aski zaila dela holako apetei aurre egitea.

    Nola erremediatu? Gure egunkari kuttunenek bazka hori egiten ez badigute, beharbada beste batzuetara joango gara. Eta hau lango blogek berek (xumeak diren ber neurri txikiagoan bada ere), ez ote dute kalte berdintsua eragiten.

    Ai ene, kontradikzio sarean zelan gagozan harrapatuta!