Hizkuntz mina

Dolor de llengua - Hizkuntz minaOrain dela hilabete batzuk gomendatzen zuen Malores Etxeberria, Hernaniko euskara teknikariak (1), Enric Larreula (1941), marrazkilari, kantari eta idazle katalan eta bartzelonar joriaren 2002ko Dolor de llengua liburua, Hizkuntz mina. Eta nik, kasu egin eta irakurri dut, eta erosi ere bai gero.

Eta liburua irakurri eta gero, nik ere zabaldu nahi nuke sutsu gomendioa. Bai Maloresek jasotzen dituen arrazoiengatik, eta baita ere, ezin liburu aproposagoa iruditzen zaidalako, gure euskal errealitate diglosikoa eta hizkuntz ordezkapenekoa kolpe bakarrean konparatu ahal izateko, aldi berean, gure garaikide eta guztiz arazokide diren oso hurbileko beste egoera diglosiko denbora berean ikaragarri pluralekin, nahiz denak hizkuntz katalana izan subjektu.

Ze, bertan deskribatzen dira, maiz hiztun katalanen oso hurbileko hitzetan beretan, hizkuntza katalanak oso kilometro karratu eta urte gutxiren bueltan bizi / bizi izan dituen hizkuntz ukipen egoera oso desberdinak. Batzuk gureak baino askoz hobeak, guretzat desiragarriak, eta oso itxaropentsuak. Besteak zeharo inkognitaz beteak, gureak adinakoak. Eta asko oso etsigarriak hiztun katalan bihotzekoentzako, eta ez bakarrik egoera administratibo okerrena duten inguruetan. Are hizkuntzaren, katalandunen, iraupena ziurtatuen dagoen eremuetan ere. Eta horrek ematen du zer pentsatua, gure egoera hobetzen dugunean ere, oraindik izango ditugun barne arazoen inguru.

Egoera administratibo (eta soziolinguistiko orokor) hoberenetatik hasita: Katalunian bertan (Printzerri-edo, Espainian), Balearretan, Andorra independentean, Valentziako Komunitatean, Araneko Haranean, Ekialdeko Zerrendan (Aragoin), Rosellon (Ipar Katalunia, Frantzian), Algeron (Sardinian, Italian) (eta are Espainiako Murtziako El Carxe-ko eskualde ezezagunean). Baina egoera administratibo hauetako bakoitzaren barruan ere, oso egoera desberdinetan, inguru bateko eta besteko egoera soziolinguistiko eta ukipenean diren hizkuntz komunitateetako bakoitzaren pisu demografiko desberdinaren arabera, nahiz denek kasu bakoitzean “eskubide politiko edo administratibo” berberak izan. Hala, esaterako, Bartzelonaren gerriko industrialean, Valentziako hego eta mendebaldean, Andorran…

Eta nola ordea heredatzen diren egoera hauek belaunaldiz belaunaldi, zaharretatik gazteetara, eta iraunkortzen diren, botere politikoak nahi duena nahi dela ere, honen eraginaren arabera indar gehiagoz edo gutxiagoz izango bada ere. Edo heredatu eta iraunkortu diren orain arte behintzat globalizazio eskasagoko garaietan.

Liburua irakurrita, zenbait sentimendu, agian sinple, baina…:

1. Zein konplexuak diren (gure) hizkuntzen ukipenezko errealitate soziolinguistikoak.

2. Zein zailak diren hizkuntzen ukipenezko errealitate soziolinguistikoak erabat aldatzen. Alde batera, zein bestera.

3. Botere politikoak beti eragiten du hizkuntzen ukipenezko errealitate soziolinguistikoa komunitate baten alde edo bestearen alde joan dadin makurtzen. Beraz?

4. Eta ordea, botere politikoa alde edo kontra izan, soilik hizkuntz komunitate bakoitzaren borondateak, nahiak, barne antolaketak eta lanak erraztu edo zailduko dio botere politiko horri bere nahia bete ahal izatea, edo hizkuntzen ukipenezko errealitate soziolinguistikoa azkarrago edo motelago mugitu dadin botereak nahi lukeen norabidean. Beraz?

5. Irauteko, hizkuntz komunitate batek etikoki konbentzitu behar du ondoko komunitatea bere iraute arrazoiez eta hau ziurtatu ahal izateko hartu beharreko neurri demokratikoez, bizikidetza baketsu baten itxaropenean.

6…

 

Zenbat pentsatzeko bide zabal ireki didan gure egoeraz ere goxo Larreularen liburuak… Gomendatzekoa.

Ni bitartean euskaldun bihotzeko. Ni, euskaraz. Zu?


1- Nahiz oraintxe ez dudan espainolez baino aurkitzen Maloresen gomendioa Euskara Gipuzkoan izena duen gunean, eta ez dakit zergatik.

Hizkuntz mina

hizkuntza, soziolinguistika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude