Zer espero behar dugu euskal taldeez denboraldi honetan?

Athletic: Lehengo urteko taldea mantendu nahi izan du Caparrosek. Horretarako, fitxaketa gutxi (iaz utzita zegoen San Joserena nagusiki; Igor Martinez -Alavesetik- eta Ibai Gomez -Sestaotik- egin ditu eta bere ahalegin guztiak, taldeko izarrak mantentzera bideratu. Macua presidenteak Llorente edo Martinezengatik eskaintza on bat jaso zuela eman zuen lehengoan aditzera eta prentsak Errusiako talde batek Amorebietarengatik erakutsitako interesa agertu zuen.

Talde zuri gorriak ez du aldaketa handirik izango. Iraizozek jarraituko du atean eta atzeko postuetan babesle, Iraola, San Jose eta Amorebieta izango ditu ziur. Ezkerreko hegalerako zalantza gehiago ditu entrenatzaileak eta hautagaien zerrenda luzea da. Gaztetxoen taldetik Aurtenetxe igo du eta Espainiako selekzioarekin jokatzetik itzultzen denean, haserako hamaikakoan egoteko boleto asko ditu. Castillo eta Koikili iaz ere bazeuden eta hauei Numancia taldetik berreskuratu duten Balenziaga gehitu behar zaie. Lau jokalari asko dira postu bakarrerako, baina momentuz, Caparrosek, denentzat tokia badela dio.

Erdi aldean zalantza ugari daude. Eskuin aldean Susaetaren postuak ziurra dirudi. Martinez ere ezinbestekoa da zelaiaren ardatzean. Martinezi laguntzen Orbaiz, Gurpegi edo Iturraspe jarriko dituen zalantzan dago. Orbaiz ez dut nik partida askotarako ikusten eta Iturraspek garrantzia irabazi beharko luke. Ezker aldean ere ez daude gauzak garbi: Gabilondo intermitentea da jokoan, baina eguna duenean baliagarria da; Muniainek jokatu zuen alde horretan Cataniaren aurkako azken partidan eta duela egun gutxi David Lopezek kontratua berritu zuen. Erdi aldean beraz, aukera adina galdera ditu entrenatzaileak, partidaren arabera, bataren edo bestearen artean hautatzeko.

Azkenik, aurrealdeko postuetan, zalantza gutxi ditu entrenatzaileak. Llorente izarra da eta zuri-gorrien joko guztia ardazten du. Bere ondoan Toquero saiatua izango da. Hauen ordezko lanetarako De Marcos eta Velez izango ditu Caparrosek, De Cerio Cordobara joan baita, utzita.

Iturraspe, Susaeta, De Marcos eta Muniainek aurrera pausoa emateko denboraldia da aurtengoa. Horretaz gain, Aurtenetxek eta Ramalhok lehen taldean egonkortzeko aukera izan dezakete, denboraldia luzea denez, jokatzeko aukerak izan izango dituztelako. Beteranoen papera ere aztertzeko dago: Orbaiz, Ocio eta Gurpegik tenplea jarri beharko diote, gaztetasunez borborka dagoen taldeari.

Entrenatzaile eta presidentearen desirak ontzat hartuz gero, Athleticek sailkapenaren erditik gora begiratu beharko luke, Europako postuekin dantzan aritzeraino. Aurredenboraldi ona egin du taldeak, baina iaz bezala, liga luze egiteko arriskua izan dezake.

Aurtengo helburu nagusienetako bat, sailkapen on bat lortzeaz gainera, behin taldea egonkortuta, joko gehiago egitea izango da. Llorente bezalako errematatzaile handi bat izateak jokoa gehiegi baldintzatzen du gehienetan.

Lehen partida: Hercules- Athletic, larunbatean, 18:00etan.

 

Osasuna: Urak harro daude Iruñean. Iaz ez zuten denboraldi ona egin gorritxoek eta aurtengo denboraldi aurrea ez da hobea. Zaleek jopuntuan entrenatzailea (Camacho) eta iraniarrak hartu dituzte.

Iazkoa hobetzeko fitxaketak egin behar izan dituzte. Aurreko alderako, Almeriatiko Soriano eta Belgradeko Izar Gorritik Lekic fitxatu ditu. Eta atzeko aldea sendotzeko, Betiseko Damia eta Sevillatik Lolo. Horri gehitu Realetik fitxatu zuten Riesgo, atezain lanetarako.

Realaren aurka jokatu zuen taldea agian nahikoa izan daiteke ideia bat egiteko. Nahiz eta haseratik atera ez zen, Riesgo jar daiteke atean (konpetentzia gogorra du Debakoak Robertorekin, dena den). Sergio eta Josetxok nahiko ziurrak dirudite defentsaren erdialdean. Monreal, Flaño edota Oier , fitxatu berria den Damiarekin jar daitezke hegaletan. Erdi aldean, Juanfranek hegalean eta Sorianok erdian postua ziurra dute. Hauei laguntzen Nekounam eta Camuñas aritu daitezke, baina nik ez ditut segurtzat jotzen. Goian zalantza gutxiago ditut Pandianirekin.

Inkognita asko ditu Osasunak. Hobetuko al du denboraldiaurreko joko kaskarra? Iaz baino denboraldi hobea egingo al du? Momentuz, eta ikusitakoa ikusita, ezetz dirudi, baina denboraldia luzea da eta Camachok eman diezaioke konponbideren bat.

Harremanak aspalditik gaiztotuta daudela dirudi baina. Entrenatzailearen eta jokalarien arteko elkar ulermen txarraren zurrumurrua aspaldi da zabaldu zela (iaz aldagela matxinatu zitzaiola entzuteraino). Taldeari kalitatea falta zaio. Zelaian ere pisuzko rreferentziarik ez du, jokoa gidatzerako garaian. Baten batek esan dezake talde izaera izango dela gorritxoen ezaugarria, baina asko beharko dute denboraldi ona egiteko Camachorenek.

Fitxaketek ere nola lagunduko dezaketen galdera da Iruñea aldean. Lekicek goleatzaile fama du, baina ez bazaio baloi egokirik iristen jai du. Sorianok ondo jokatzen zuen Almerian, Damia Bartzelonako harrobian aritua da eta Betisen ere une bikainak jokatutakoa… baina ondo moldatuko al dira hauek denak Osasunara?

Osasunak bere jokalari onena saldu dio Marsellako Olympic taldeari. Eta trukean erantzun ziurrik ez duten jokalariak ekarri.

Non behar luke Osasunak? Sailkapenaren erdialdean geratzea ez litzateke denboraldi txarra. Baina behera begira hasten bada, Espainiako ligan 13.etik jaitsierako postuetara alde txikia izaten da eta kontuz ibili beharko luke.

Lehen partida: Osasuna-Almeria, igandean, 17:00etan.

Reala: Bigarren mailatik lehen mailara igarotzea ez da erraza inorentzat. Lehen mailara igotzen diren talde gehienek maila galtzen dute hurrengoan. Beraz, aurreko urtetako joerari erreparatuta, Realak beharko luke jaisteko hautagaietako bat. Baina inpresioak oso bestelakoak dira.

Lehengo urteko taldea mantendu eta haren gainean fitxatu du. Atzeko aldea bere horretan mantendu (Rosenborg Txapeldunen Ligatik kanporatuta, Demidoven fitxaketa gerturatu egin dela dioten arren), erdi aldean sortze lanean behar zutena osatu eta aurre aldean behar den kalitatea erosi.

A priori, Llorente, Tamudo, Sutil, Ifran eta Sarpongen fitxaketak egokiak dirudite. Baina gorritxoen analisian adierazi bezala, zelaian erakutsi behar dute, hemen dioguna hipotesien gaineko analisi bat baita.

Bravo atean izango da eta berari bizkarra zaintzen Zubikarai. Defentsa lanetarako, erdi aldean Gonzalez eta Ansotegi, Labakaren laguntza puntualarekin eta hegaletan, De la Bella alde batean eta Martinez bestean. Erdi aldean Rivas, Aranburu eta Elustondok euskarri lanak txandatuko dituzte eta sortze lanaz Zurutuza eta Sarpong heldu berria arduratuko dira, hegaletatik Prietoren eta Griezmannen igoerak izango dituztelarik. Goian Llorentek ziurra dirudi eta Ifran, Tamudo eta Agirretxe laguntzeko izango ditu.

Talde izaera erakutsi zuen Bigarren Mailan, baina Lehen Mailan ezberdinak dira ezaugarriak. Balioko al diote bigarren mailako bertuteek orain? Elx eta Sevilla bi talde oso ezberdin dira nola izaeraz hala kalitatez. Jokoan ere, Sevilla azkarragoa eta indartsuagoa da eta haren eta antzekoen aurkal lehiatu behar du orain.

Anoetan indartsu agertu beharko dute txuri-urdinek. Etxeko puntuak ezinbestekoak ditu Donostiako taldeak lehen mailan mantendu nahi badu. Lasartek taldean lan psikologikoa egiten badakiela erakutsi du eta hamaikako mentalki sendoa egin beharko du. Horrez gainera, Griezmann eta Prietok bereziki, lehen mailan zer esan handia emango duten jokalariak direla erakutsi behar dute, eta taldea euren bizkar hartu.

Taldearen lehen helburua lehen mailan mantentzea da. Horrekin nahikoa du. Hortik aparte datorren guztia ongi etorria izango da. Behetik gora datorren taldea izateak ilusioa eta indarra emango dizkio. Asko du irabazteko Realak, eta indar hori helarazten dio ikusleari.

Lehen partida: Real Sociedad-Vila-Real, igandea, 17:00etan.

MzE4Mg==

Irudia | gola nagusi | Daquella Manera | Creative Commons By SA
Athletic, denboraldi berria, futbola, osasuna, Reala

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude