ABCk Iruñeko jai batzordeak paratu ditu jomugan

Jai batzordeek besta herrikoien aurkako erasoak gehitu direla salatzen ari diren honetan, ABC egunkariak ez du dudarik egin hauen aurka egiterako tenorean. Astelehenean argitaratu zuen albistea eta interneten bolo-bolo dabil “los proetarras se van de fiesta” izenburua duen artikuloa. Bertan ezker abertzalearen “estrategia” batez mintzo da, Iruñerriako jai batzordeak eta peñak bere menpean hartzeko helburua duena. Hau Gora Iruñea! plataformaren bidez egiten duela azaltzen du. Navarra Confidencialek ere ez du dudarik egin ABCren salaketak bere gunean biltzerako tenorean

MzE4MQ==

“Presoen aldeko brindisak eta pankartak, ikurrinak, peñen egunetan ekitaldi ofizialei boikotak, agintariak iraintzea, poliziaren aurka egitea, enpresari txikiei bestak lagun ditzaten mehatxatu eta derrigortzea, ‘La Roja’ janzten dutenen aurka oldartzea, herri-salaketa bihurtzen diren ETAren aldeko mezuak helaraztea …” hori guztia egitea leporatzen dio ABCk Gora Iruñea! plataformari, beti ere Segurtasun Indarrak iturritzat harturik, eta hori guztia da jai eredu herrikoia eta “ETAren aldekoak” lotzeko froga. Baina plataforma eta jai batzordeen izena ez ezik, ezker abertzaleko militante bat paratu du “ederki egituraturiko estrategia” honen gibelean: ‘Piru’ Zabalza. Egoera hau ematen den herri eta auzo zehatzak ere ageri dira, Arrosadia, Txantrea, Errotxapea eta Donibane (Iruñeko auzoak) eta Burlata, Atarrabia, Berriozar eta Barañain.

Sanferminetan ere Peñen Federazioan zituen militante kopurua handitu izana leporatzen dio ezker abertzaleari. Militanteak erakartzea eta “ETAren aldeko mezua” karrikan hedatzea omen da Batasunaren asmoa. Gainera, eredu hau Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako hiriburuetara zabaltzen ari direla ere ohartarazi du egunkari espainiarrak.

abc, jai herrikoiak, jaiak
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude