Wikileaks afera: kontua ez da kondoien puskatzea, baizik politikari eta berriemaileen fidagarritasuna
Wikileaks guneak politikarien fidagarritasuna kolokan jarri du. Hacker talde batek baino ezin zuen egin horrelako hedabide bat. Julian Assange hackerrak eta gainerakoek ederto erakutsi digute zelako hipokrisia duten politikariek. Nola gauza batzuk esan, eta beste batzuk egiten dituzten. Horrexegatik uste dugu askok Wikileaks gunea beharrezkoa dela benetako demokrazian sakontzeko.
Interneteko informazio erregina den Arianna Huffington-ek esan berri du titular batean Huffpo infoblog arrakastatsuan: hedabideak oker dabiltza Wikisleaks-en aferan Assange kriminalizatu nahiean kondoi baten puskatzeagatik. Hedabide handimandiak eri daude. Itxurakeria maite duten politikari eta kazetari batzuek ezin hobeto erakutsi digute bidea: kazetaritza partehartzailea da etorkizuna. Fidagarritasuna ezin aurkitu dagoeneko hedabide handietan. Kazetaritza digitalak azken boladan utzi digun estatistikak ere hori diosku. Informazio digitalaren esparruan, blogak dira kontsultatuenak hizkuntz ingelesaren esparruan. The Huffington Post-ek laster harrapatuko du New York Times trafikoari dagokionez, behin L.A. Times, Washington Post eta abar atzean utzi eta gero. Halaber, Technorati-ren datuei erreparatuz gero, Techcruch, Mashable, Gizmodo eta hainbat blog-ek ere gainditu dute hedabide handimandien trafikoa Internet-en. Azken bi urteotan lehia handia egon da Huffpo eta gainerako blogen artean Interneteko trafiko handiena eskuratzeko, lehen posizioetan ageri direnak aski parekaturik ibili baitira. Jeff Bercovicik lehengo egunean esan zuen bezala, Huffpo-ren eta NYTen artean bistan dago diferentzia. Aro Digitaletik datozen egunkari eta hedabideek maiz ez dute aldatu pentsamoldea. Jakin ere ez dakite zer den Web 2.0 eta prosumerren garaian gaudela. Azken datuek erakutsi bezala, Huffpo-k berehala gaindituko du NYT egunkariaren trafikoa. Huffpok Web 2.0 iraultza bere egiten asmatu du eta New Yoirk Times egunkariak ez.
Hainbat kazetarik uste dute YouTube ez dela prosumerren hedabidea, Web 2.0ren izaera ulertu ezinik. Oraindik uste dute askok Internet Sarearen esparruan betikoek aginduko dutela, Aro Analogikoan errege izan direnek, alegia. Eta konturatu ere ez dira konturatzen, orain Sarean, Google bezalako Linux enpresek agintzen dutela, herritarren fidagarritasuna lortu dutelako. Hala ere, erne ibili behar zeren eta oraindik baitira fidagarritasuna mesprezatu arren, arrakasta lortu duten komunikazio zerbitzuak, Facebook bezala. Noiz arte iraunen dute zerbitzu horiek. Herritarrek esanen dute: fidagarritasuna eta onesta izatea nahiago, ala maskaraturik agertzen diren betiko enpresen esku egon.
Segi dezatela hedabide handimandiek idazten eta informatzen Assangeren kontra kondoiaren tarrat egiteaz, zeren horrela hobeto ikusiko baitugu herritarrok nola desbideratu nahi duten arreta eta Iritzi Publikoa okertu. Gero eta ageriago ukanen dugu herritarrok self media eta kazetaritza partehartzailearen beharra. Larry Flint-ek 50.000 dolar eman dizkio Wikileaks proiektuari, Michael Moore dokumentalistak ere dirutza eman dio… Fundazio batzuk diruz laguntzeko prest daude. Haiek bezala, asko dira herritarrak, Wikileaks-ek errepresentatzen duena txalotzen dutenak, Huffpost-eko blogger progresista gehienak bezalaxe. Nik ere idazten dut blogetan informazioa sindikatzen eta ZuZeu bezalako gune gazteetan, Nafarroa Osoan ere Huffpo bezalako infoblogak hasi direlako kazetaritza partehartzailea zabaltzen.