UEMAko 40 udalek hitzarmena sinatu dute Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin

Kutxa biek hartutako konpromiso nagusiak honako hauek dira: langile finko zein aldi baterakoak euskaldunak izatea eta behar bezala prestatuta egotea komunikazioak euskaraz ondo eskaintzeko; bezeroei lehen hitza euskaraz egitea; produktuak kontratatzen direnean eskaintza euskaraz egitea; txartelak euskaraz sortzea kontrakoa esan ezean; euskara erabiltzeko sustapena era desberdinez egitea; publizitate, kartel eta esku orriak euskaraz egotea eta lehentasuna izatea; libreta eta kontuetako idazpenak euskaraz egotea; etab.

Bost urtetako iraupena duen hitzarmen honen jarraipena egiteko, urtero helburu zehatzak ezarriko dira eta bilakaera nola doan ikusteko, hizkuntza neurketa zehatza egingo da udaletan.

Finantza erakundeen aldetik, hitzarmena Marta Medinabeitia Gipuzkoako Kutxako Mendebaldeko zuzendari komertzialak eta Juan Mari Osteriz Euskadiko Kutxako Gipuzkoa-Kostaldeko Lurraldeko zuzendariak sinatu dute; eta, beste aldetik, Jon Bollar UEMAko lehendakariak eta 40 udaletako ordezkariek. Sinatzaileen kopurua handitu egingo da hurrengo asteetan UEMAko beste udal batzuekin.

Debako herriaren eskaera

Hitzarmena sinatzea eta bestelako ekitaldia ekitaldiak Deban egiteko arrazoi nagusia da Debako Udalak UEMAn sartzeko eskaera egin diola. Udalak aho batez onartu du eskaera egitea, eta, horrez gain, herriko elkarteek ere bere egingo dute eskaera. Beraz, udalak ez ezik, herriko eragileek ere egingo dute UEMArekin bat egitearen aldeko apustua.

Horren berri jendartean emateko, udalean ordezkaritza duten ordezkari politiko guztiek eta herriko elkarteen ordezkariek agerraldia egin zuten Debako pilotalekuan, eta herritarren aurrean UEMAn sartzeko eskaera berretsi zuten.

Nabarmentzekoa da UEMAk lehendabiziko aldiz jaso duela udalaren eta herriko elkarteen eskaera, orain arte udalek baino ez zutelako egiten eskaera.

UEMAren Batzar Nagusia

Goizeko lehen ekitaldia UEMAren Batzar Nagusia izan da. Bertan, UEMAko udaletako ordezkariek 2010eko balantzea eta 2011rako egitasmoa eta aurrekontuak onartu zituzten.

Horrez gain, UEMAk haurrak euskaraz erregistratzearen aldeko mozioa ere onartu zuen. Izan ere, gaur egun EAEko 230tik gora bake epaitegitan ezin dira jaioberriak euskaraz erregistratu, eta UEMAk dagokien erakundeei neurriak hartzeko eskatu die, ahalik eta lasterren aspalditik datorren urraketa sistematikoa buka dadin. UEMAk ez ezik, beste 17 udalek ere onartu dute mozioa, eta hurrengo asteetan beste askok onartzea espero dute. Nabarmentzekoa da Nafarroako UEMAko herrietan aurreratuago daudela kontu horiek: Iruñean ez ezik eremu euskalduneko bake epaitegietan badago haurrak euskaraz erregistratzerik.

Azkenik, UEMAk baren hausnarketa prozesuaren berri eman du, eta iragarri du datorren urteko udaberrian topaketa batzuk egingo dituela, UEMAren aldeko mezua zabaltzeko. Ardatza hizkuntz ekologiaren aldeko diskurtsoa izango da, eta hizkuntza gutxituek bizirik irauteko zer-nolako ingurunea behar duten jorratuko da, nagusiki.

OHARRA: Kutxekin hitzarmena sinatu duten udalak honako hauek dira: Aduna, Aizarnazabal, Alegia, Altzaga, Altzo, Amezketa, Anoeta, Antzuola, Arama, Aramaio, Arbizu, Areso, Aulesti, Azpeitia, Baliarrain, Beizama, Belauntza, Bera, Bergara, Elduain, Elgeta, Etxarri-Aranatz, Ezkio Itxaso, Gaintza, Gaztelu, Goizueta, Ikaztegieta, Irura, Itsasondo, Larraun, Leaburu-Txarama, Leitza, Mutriku, Oiartzun, Orexa, Orio, Usurbil, Zalbidia, Zestoa, Zumaia. Halaber, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak berak ere sinatu du hitzarmena. (Negritan dauden udalek Euskadiko Kutxarekin sinatu dute hitzarmena, Gipuzkoako Kutxarekin ez dutelako loturarik).

UEMAko udalek eta kutxek hitzarmena sinatzeko ekitaldia

Irudia | UEMAko udalek eta kutxek hitzarmena sinatzeko ekitaldia | Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea | Creative Commons By SA
Euskadiko Kutxa, euskara, Gipuzkoako Kutxa, udalerri euskaldunak
UEMA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude