Quantum: Einstein, Bohr eta errealitatearen izaeraren inguruko eztabaida handia dibulgazio-liburua argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak

Quantum

Elhuyar Fundazioak Manjit Kumar fisikari eta filosofo indiarraren Quantum: Einstein, Bohr eta errealitatearen inguruko eztabaida handia dibulgazio-liburua argitaratu berri du, euskaraz, eta Durangoko Liburu eta Disko Azokan dago salgai. Publiko orokorrari dago zuzendua zientzia-dibulgazioko liburu hau, “Z izpiak” serieko hirugarrena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Sailaren laguntza jaso du argitalpenak.

Fisika eta filosofia dira liburu honen ardatz nagusiak. Einsteinen, Bohrren eta beste zenbait zientzialariren nortasunak erakusten dizkigu istorio honek. Drama, tragedia, irrika, ustekabeko gertaerak, ekintza heroikoak eta beste zenbait ezaugarri ditu, eta horiei esker, ez da eduki zientifikoko edo dibulgazio zientifiko hutseko liburua, nahiz eta informazio asko dagoen mekanika kuantikoari buruz. Liburu historiko edo biografiko baten antzera antolatuta dago; pertsonaia (aditu) bakoitzaren nortasuna zehatz azaltzen du, eta bakoitzaren izaerak nolako eragina duen aurkikuntzaren garapenean edo aurkikuntzan bertan: Planken kontserbadurismoak azpimarratu egiten du aurkikuntza; Pauliren adimena eta umore txarra erabakigarriak izan ziren; Bohrren irmotasuna eta lotsa, berriz, ezinbestekoak; Eisnteinen irudikapenak eta askatasunak polemika bizirik iraunarazi… Horiez gain, Heisenberg, Shröringer, Dirac, Born, Bohr, Compton, De Broglie, Sommerfeld, Lorentz, Boltzmann, Rutherford, Uhlenbeck, Goudsmith, Bell eta abarren izaerak ederki jasotzen ditu liburuak, eta haien erretratu zuzena egiten du.

 

Dagoeneko salgai dago liburua, 15 €-an, Elhuyarren on lineko dendan (www.elhuyar.org) eta Durangoko Azokan bertan. Datorren astetik aurrera, liburu-denda nagusietan ere izango duzue.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Zer duzu buruan “Quantum: Einstein, Bohr eta errealitatearen izaeraren inguruko eztabaida handia dibulgazio-liburua argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak”-ri buruz

  • Nire ustez, eztabaida haiek, eta gai haiei buruzko hurrengoak, aspaldi egon behar zuten gure Institutuetan. Zientzia zein letra adarretan. Aztergai eta eztabaidagai. Kontu fisiko eta filosofiko horiek kontutan hartu ezean, ihes egingo digu (edo gainetik pasatuko gaitu) tren teknologikoak. Eta hori bai dela abiadura handikoa, eta geltoki gutxikoa.

    (Bidenabar, mezu hau moderatzailearen eskuetara iristen bada: Etxenikeren geltokian badaude mezuak, moderatzeko zain)