Patxi Aristi: “Bere arrisku guztiekin erabaki zuzenena hartu dugulakoan nago”

Patxi Aristi: “Bere arrisku guztiekin erabaki zuzenena hartu dugulakoan nago”

Baleike Zumaiako kultur elkarteak ZuZeuri elkarrizketa paregabea argitaratzeko aukera eman dio: Espetxean 20 urte egin dituen ETAko preso Patxi Aristi ri (Zumaia, 1957) eginiko elkarrizketa zabala. Besteak beste, ETAk ez duela izango “arazorik berak eragindako sufrimenduaren aitortza egiteko” azaltzen du Aristik eta “preso gaixo larriak, zigor osoa beteta dutenak eta kondizionalean sartuta gaudenon kaleratzea” izango dela lehentasuna aitortzen du.

Jarraian Gorka Zabaletak Patxi Aristiri eginiko elkarrizketa, oso-osorik (pdf-n ikusteko jo beheraino):

“BERE ARRISKU GUZTIEKIN, ERABAKI ZUZENENA HARTU DUGULAKOAN NAGO”

Borroka armatuaren amaiera iragarri zuen ETAk joan den azaroaren 20an. Garai berrien inguruan duen iritziaz eta kartzelako bizimoduaz galdetu nahi izan diogu Patxi Aristi preso zumaiarrari.

Hogei urte daramatza Patxi Aristi zumaiarrak preso. Frantziako Angers herrian atxilotu zuten, 1991ko abenduren 11n. Ordurako lau urte zeramatzan errefuxiatuta, 1987ko ekainean hanka egin eta gero. “Oso denbora gutxian inguruan hiru sarekada egin zituzten; hirugarrenean sei lagun eraman zituzten, eta haietatik lau Udalaitz komandoko taldekideak ziren”. Frantziako Poliziak atxilotu zuenean, epaileak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion, “gaizkile elkarteko partaidetza” kargupean. “Kargu horri berez, zortzi eta hamabi urte arteko zigorra zegokion garai hartan… Horrek garbi adierazten du ez zutela inolako frogarik eta zigorra ezarri zigutela kartzelan egin genuen denbora justifikatzeko”.

patxi aristi arrauneanBaina espetxealdia ez zen Fleury Merogisko kartzelan amaitu. Espainiako Entzutegi Nazionalak bere estradizioa eskatu zuen, fiskalak hiru kargu leporatuta. Patxik ez ditu karguak zehaztu nahi, “jende gehiagori eragiten diolako”, baina armak eta lehergailuak edukitzea da, funtsean, leporatu ziotena. “Inolako frogarik gabe, eta soilik zortzi urte lehenago torturapean lortutako deklarazioan oinarriturik, 37 urteko espetxe zigorra ezarri zidaten. Dena den, eta inorkiheska nabilela pentsa ez dezan, militante gisa, erakundearenekintza guztiak, okerrak zein zuzenak, neureganatzen ditut, horixe baita gure jokabidearen eta etsaiaren artekoaren berezitasun nagusienetakoa”.

Orduz geroztik, Carabanchel, Valdemoro, Caceres, Martutene eta Topasko kartzeletan eduki dute preso, egun asko eta asko erabateko isolamenduan. Hala ere, bere pentsaera, bizitza ikusteko modua, ez dela gehiegi aldatu dio. “Besteon-heldutasun puntu bat emango zidan. Baina betiko ametsak gehi berri batzuk berotzen jarraitzen dut”. Eta bere izaerari eusteko borroka horretan, ezinbestekotzat jotzen ditu “kideen laguntza paregabea eta herritik iristen den arnas beroa”. Egindakoaz inoiz damurik izan al duen galdetuta, hona bere erantzuna: “Ez, egindako zein egin gabeaz beti ere arduratu egin naiz”.

Kartzelan daramatzan hogei urte hauetan asko dira “markatu” duten uneak: “Batzuk aipatzearren, aitaren lehen bisita eta hainbat lagunenak. Etxekoen zein ingurukoen heriotzak. Kideak berriz topatzeko uneak. Neska lagunak harremana proposatu zidanekoa. Hainbat borrokaldi. Etxekoen eta ingurukoen jaiotzak, baina batez ere neska lagunak semetxo jaio berriak besotan jarri zizkidanekoak”.

Kalera irteteko data jarri diote, 2013ko abuztua, baina ez du nahi inor gehiegi esperantzatzerik. “Legearen arabera 2008ko maiatzaren 1ean zigorraren 3/4ak bete nituen, eta, beste askok bezala, baldintzapeko askatasunean egonbeharko nuke. Baina gehiegi dira zigor osoa beteta ere kartzelan jarraitzen duten kideak. Beraz, planteamendu hutsak min egiten dit. Ez dut nahi inor gai honekin esperantzatzerik, gauzak oker daitezkeelako eta ondoren izugarri gogorra da berriro burua altxatzea. Etxekoekin elkartzen naizenean, gure ametsak sarritan ‘ateratzen zarenean…’ esanaz hasten dira, baina beti egoera irudikatzen dute eta ez garaia. Aspaldi badut formula bat honetarako ere egoki datorrena: okerrenera kopresta ezazu burua eta ondo irteten bada, gaitz erdi”. Hori bai, garbi du kalera irteten den egunean zer egingo duen: “Lehendabizi etxekoen beharrak betetzen saiatuko naiz, eta hortik aurrera, betiko legez behar nauenak hor aurkituko nau”.

Patxi Aristi

Garai berriak

ETAk borroka armatua uzteko erabakia iragarri zuen azaroaren 20an. Ez da goizetik gauera hartutako erabakia, denbora behar izan da mamitzeko. Zuk nola bizi izan duzu hausnarketa prozesu hori? Parte-hartzeko modurik izan al duzu?

Zeuk diozun bezala, gai honen eztabaida gure artean, kalean bezala, urrunetik dator. Guk borroka armatua helburua lortzeko tresna gisa ulertu izan dugu eta ez dut inor ezagutu bizimolde hori gustukoa izan duenik. Lanabesa izanik, helburua lortzeko baliagarria izateari uzten dionean, baztertu eta berri bat sortu behar da lanean jarraitu ahal izateko. Hori bezain sinplea den hastapeneko planteamenduari 50 urteko historiaren historiaren zama gehitzen badiozu, beste dimentsio batean sartzen da. Iritziak, kezkak eta sentimenduak nahaspilatzen direnean, horrelako erabaki bat hartzea ez da bi eguneko kontua. Hori guztia kideekin partekatzea eta eztabaidatzea izan da niretzat hausnarketan parte hartzeko modua.

ETAk estrategia armatua agortutzat eman du, eta politikaren garaia dela onartu. Ezker Abertzalearen barruan ahalegin handia egin da urteetako dinamika iraultzeko. Bat egiten al duzu hartutako erabakiarekin? Zuk zeuk zer hausnarketa egin duzu? 

Ekimen politikoak eta herri mugimenduak urte luzeetan berez jasan behar izan duten jazarpenari, trabeska ETAren jarduerak eragindako errepresioa zein propaganda pairatu behar izan dute. Hala ere, ahalegin handiz gaindituz euren eginbidean jarraitzen asmatu dutenean, Estatuak, horien dinamika gelditu ezinik “dena ETA da” estrategia inposatu zuen, erakundeak legez kanpo utzi, militante andana atxilotu, torturatu eta kartzelaratu eta euren lana eragozteko. Itolarri honi buelta emateko beharra, eta borroka armatuaren egungo eraginkortasunarekiko hausnarketa izan dira, nire ustez, puntu honetara ekarri gaituzten arrazoi nagusiak, eta bere arrisku guztiekin erabaki zuzenena hartu dugulakoan nago.

ETAren barruan haustura arriskurik ikusten al duzu?

Lehen esan bezala, prozesuak bere denbora behar izan du, arduraz eta heldutasunez une kritikoak gainditzen joan da. Erabaki hau hartu da eta ez, ez dut ikusten haustura arriskurik. Aldiz, ziur naiz Estatuak ibilbide berria oztopatu eta zapuzteko ohiko trikimailuekin batera, guda zikina barne, errepresio armatua erabiltzen jarraituko duela.

Abertzaleen indar metaketa da aurrera begira helburu politikoak gauzatzeko planteatu den estrategia nagusia. Lizarra-Garaziko saioaren ondoren, abertzale askoren iritziz, ETAren indarkeria izan da bide horretan urratsak egiteko oztopo nagusia. Horrek eragina izan al du ETAren erabakian?

Lehen ere, Ezker Abertzalearen baitan Xibertatik Lizarra-Garazira, handik 2004ko Bergarako proposamenera, eta, azkenik, Amaiurren sorrera arte ibilbide luzea egindako asmoa da. Bada buruzagirik aipatutako lehenengo bi saioetan parte hartu ostean haien porrotaren erru osoa ETAri leporatu, eta kargua utzi ondoren “agian gauzak beste era batera egin behar izan zirela” publikoki adierazi duena. ETAk Xibertan frankismoarekiko haustura eta Euskal Herriaren aldeko KAS alternatiba proposatu zituen, eta alderdi eta mugimendu abertzaleen arteko indar metaketaren alde borroka armatua uzteko eskaintza egin zuen. Lizarra-Garazin alderdi interesek herri interesak gainditu zituen arteko su-etena mantendu zuen. 2004ko Bergarako proposamenean Madrilera batera joate aldera indarkeria oztopo izan ez zedin hartu beharreko neurriak hartzera eskaini zen eta, hala ere, proposamena ez zen gauzatu. Bakoitzak bere azterketa egin dezala, baina gaur arte erraza izan da herri eskubideen aldeko norberaren konpromiso falta ETAren indarkeriaren aitzakiarekin estaltzea, baina amaitu dira kontuak eta lana guztiontzat dago.

Nola baloratzen duzu Eusko Alkartasunak prozesu honetan izan duen papera?

Gose greba baten ondorioz erietxean nintzela bisitan etorri zitzaizkidan herritarren artean, bat honela aurkeztu zitzaidan: “Ni EAkoa nauk, baina beti egon nauk presoen alde”. Moduak harritu ninduen, baina berehala jabetu nintzen aurkezpen haren esanahi osoaz. Ez dakit berak honela interpretatuko zuen, baina nire besarkadarekin “segi lanean eta aurkituko gaituk” adierazi nahi izan nion. Lizarra-Garazi hausteko zorian zen. Tantak pixkanaka itsasoa sortzen joan ziren, EAk erabaki ausarta hartu zuen 2005eko hauteskundeen harira, “eserlekuak mantendu eta arima galdu”, edota “kale gorrian gelditzeko arriskua hartuz sustraira itzuli” aukeren artean bigarrena hautatu zuenean. Esatetik izaterako bidean, azken zorriak astindu ditu eta naturala bezain aberasgarria izan den indar metaketa proiektuan eskuzabal ari da.

Presoen etorkizuna da orain mahai gainean dagoen gai nagusietako bat. Zuk zeuk, preso zauden neurrian, nola ikusten duzu gaia?

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa betiko aldarrikapenak egoera berrira birmoldatzen eta prozesuari eragile politiko gisa erabateko bultzada emateko prestatzen ari da, horretarako beharrezkoak diren baldintzak eskuratzeko borroka prestatzen duen artean. Autodeterminazioa eta amnistia lortzeko bidean, lehentasuna gure eskubideen errespetua eskuratzea izango da, eta horien artean premiazkoenak mendeku edota txantai gisa erabiltzen jarraitzen dituzten muturreko egoeren konponketa. Preso gaixo larriak, zigor osoa beteta dutenak eta kondizionalean sartuta gaudenon kaleratzea izango da lehentasuna
hartuko duen eskaera.

Prozesuan gure parte hartzea ahalbidetzeko, berriz, ezinbestekoa da estatus politikoa lortzea eta Euskal Herrian batzea. Ondotxo dakigu, ordea, eskatze hutsa ez dela nahikoa izango ezer lortzeko; beraz, orain arteko borroka iraunkorrari bultzada berri bat emateko prestatzen ari gara. Dena emanda ere, eskaerak lortzeko kostatuko zaigunez, betiko antzera herritarroi dei egiten dizuegu, gurekin batera borroka honetan parte har dezazuen.

Indarkeriaren biktimena da heldu beharreko beste gai bat. EPPK-k sinatutako Gernikako Akordioak honela dio: “Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori”. ETAri dagokionez, nola erantzun beharko luke berak eragin dituen biktimen aurrean?

Biktimen gaiarekin nahasketa eta erabilpen handia dago. Antzeko prozesuetan unea iristean naturalki heldu eta jorratu den gaia hemen txantai gisa erabili, baldintza gisa ipini, politikoki baliatu eta egoera bortxatu nahian erabili izan da, berez behar lukeen errespetuzko tratamendua desitxuratuz. Sufrimendua geure larruan pairatzen jarraitzen dugunok gutxienez besteena ere errespetatzen dugu, eta ETAk ez du izango arazorik berak eragindakoaren aitortza egiteko. Erantzuteko era aztertu egin beharko du, baina ziur naiz betiko antzera gai mingarri honi ere adarretatik helduko diola. Indarkeriak zauri sakonak utzi ditu euskal gizartean, min handia eragin du: hildakoak, bahiketak, mehatxuak, presoek eta haien senideek pairatutako neurri zanpatzaileak, alderdien legez kanporatzeak, komunikabideak itxi dira, ideien jazarpena… Ez al da zama astunegia izango etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko? Begira, munduan izan diren eta diren gatazka guztiak kontuan hartuta, konponketa aukerarik izan ez balitz gizonemakumeak aspaldi desagertuak ginateke. Muturreko ugari jasoa izan arren, jendearengan sinesten jarraitzen dut eta batzuetan horretan jarraitzeko arrazoiak azaltzen zaizkit. Duela hilabete batzuk, oraindik gaurko egoera usaindu ere egiten ez zenean, gure indarkeriak zuzenean kolpatu eta ia burua galtzeraino sufritu duen pertsona batek, beste harremanik izan gabe, gure amari lore sorta bat eskaini zion. Pertsona horrek sufritzen jarraitzen du eta ezerk ez du bere hutsunea guztiz beteko, baina bere bihotza sendatzen hasi den momentuan lehen urratsa eman eta keinu xume horrekin konponketarako borondatea azaldu dit. Lerro hauen bitartez zera esan nahi diot: jaso dut mezua, baita biziki estimatu ere, eta ahal dudanean, zu prest bazaude, handikeriarik gabe, elkar hartuta erakutsiko dugu ez dagoela eraman ezinezko zama astunegirik etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko.

“ISOLAMENDUA ESPETXE BARRUKO KARTZELA DA”

Hogei urte joan dira. Kartzela bat baino gehiago ezagutu duzu, eta denbora asko isolatuta egin duzu. Kontatuko al diguzu nolakoa den kartzela barrutik? Nolakoa da zure ziega? Zure egunerokoa nolakoa da? Nolakoa da isolamendua?

Kartzelak, gertakizunen arabera, egunero deskribapen ezberdin bat eduki dezake, eta bada nik baino hobeto egin duenik, baina nire iritziz atal ezberdinetan azaldu beharra dago. Sistemaren aldetik, batez ere zeure izaeraren funtsa desegiteko saio etengabea da. Hasieratik gurpil zoro alienatzaile batean sartu nahi zaituzte, zurekiko erabaki guztiak euren esku dituztelarik. Inor edo ezer ez zarela sentiarazi nahi dizute uneoro. Zure beharrak haien borondatearen arabera beteko direnez, beharrak gutxiengora murrizten dituzu, ahal den neurrian, aginduak saihestuz. Baina horrek ere zigorra dakar. Zigorpean bizitzera moldatzen zarenean, beti ere okerrago egon zaitezkeela gogoraraziko dizute, eta, hala ere makurtzen ez bazara, errudun sentiarazi nahiko zaituzte zure senide eta lagunak zigortzen dituzten artean. Inoiz pazientzia galdu edo bortizki erantzuten baduzu, zaude ziur gupidarik gabe txikitu egingo zaituztela.

Kideen aldetik, aldiz, baldintzarik gabeko laguntza espazioa da kartzela. Elkartasuna, maitasuna, adiskidetza, babesa. Ukapenaren aurrean, bazarela eta gehien bat bagarelaren baieztapen osoa. 720 bihotzek taupada berean mamutzar honen suntsidura edo eta otzanketa plangintza, behin eta berriro porrotera eraman duen indarra.

Fisikoki berriz, geureengandik eta mundutik banatu nahigaituen eraikin doilorra. Honen barruan, teorian espetxe egoera arruntera moldatzen ez diren presoentzat prestatutako txoko bat dago. Isolamendua espetxe barruko kartzela da. Hemen sistemaren krudeltasunak gailurra jotzen du eta kartzelarien inpunitatea erabatekoa da. Eraikina hiru galeriak osatzen dute, eta galeria bakoitza hamar ziega eta patio batek. Ziegak lerrokatuta eta patioaren nibelean eraikita daude. Horietako bakoitza, funtsean, 4,5 metro luze, 2,20 metro zabal eta 2,30 metroko altuerako zementuzko kubo bat da. Burdinazko ate korrederak, kristalez estalitako behatxuloa eta janaria pasatzeko erabiltzen den leihatila ditu.

Barneko elementu guztiak, plastikozko aulki bat salbu, zementu, burdina edo altzairuzkoak dira, eta lurrera edota hormetara finkatuta daude. Atetik eskuinaldeko pareta noizbait zuria izan zen, eta argazkiak eta abar edukitzeko kortxozko paneltxo bat eduki zuen.

Ate pareko hormaren erdian, metroko altuerako eta 60 cm zabalerako burdinazko leiho bat dago, kanpotik zutikako lau barrotez babestuta. Leihoaren erdia bakarrik zabaltzen duen orri bakarrekoa da. Bertatik alboetara begiratu ezin denez, parera begiratuta lau metrora beste galeriaren patiotik bereizten gaituen horma grisa dago, txarrantxez koroatuta, eta zerua behar lukeen lekuan barilazko sare batek sabaia osatzen du. Hala ere, gauez belarria kristalera itsatsita gora begiratuz gero, izarrak eta batzutan ilargia ere ikus ditzakegu. Leiho azpian eskuineko hormaren kontrarainoko hormaren kontra, zulo honetako pribilejio bakarra den tubozko berogailua. Mahaiaren ertza eta ezker hormaren 175×85 cmko ohea, eta ziega erdiraino irteten den gerrirainoko paretatxo batek bereizita, konketa, komuna eta dutxa, leporainoko paretak atetik banatzen duena.

Patxi AristiElementu horien guztien artean 4 metro luze eta metro bete zabaleko tarte librea gelditzen zaigu pasiotxoak eman eta kirol pixka bat egiteko. Han-hemenka, berriz, betiere kartzelarien miaketa sarriak errazteko mugatuta, arropa, liburuak, prentsa, aldizkariak, irratia, telebista eta garbiketarako gauzak. Kartzela zabaldu zenetik gaur arte pintura ezagutu ez duten horma zikinetan garai beretik irekita dauden pitzadurak, duela bi urtetik mila aldiz salatu arren, geure ekintza zuzenak beste konponketa saiorik izan ez duen labezomorro izurrite etengabearen kabi. Hemen eguneko 20 ordu pasatzen ditugu eta beste laurak, eguraldiak uzten digunean, 32 pausoko luzera eta 11ko zabalera duen patio huts batean.

Hala ere, ez dugu bata bestez aspertzeko astirik izaten, eta gehienetan argia itzaltzean eguneko plangintza osatzeke gelditzen zaigu. Argituko du hurrengo egunak jarraitzeko.

“INPUNITATE OSOZ MANIPULATZEN DUTE”

Kartzelak emandako azken bi idatziak bidali dizkigu elkarrizketarekin batera, “egungo eta azken urteetako egoeraren argigarri”. Azalpen honekin lagunduta: “Espetxeetan euskal preso politikoei ezartzen zaizkien neurri bereziak berezko arrazoiengatik baino xantai edota mendeku gisa erabiltzeko baliatzen dira. Neurri horiek sistematikoki ezartzen dira, eta, horretarako, errealitatea inpunitate osoz manipulatzen dute. Nire kasuan, komunikazioei dagokien agiriko lehen puntuan aipatzen den “hilketa” kargua ez da agertzen ez nire epaiketaren sumarioan, ez eta sententzian ere. Kartzelaldiaren graduari dagokion idatzian, berriz, ez da zehazten lehen gradua aplikatzen jarraitzeko arrazoia”.

PatXiPatxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi Patxi Aristi: “Bere arrisku guztiekin erabaki zuzenena hartu dugulakoan nago”

baleike, espetxea, ETA, Euskal Herria, kartzela, patxi aristi, presoak, Zumaia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

12 pentsamendu “Patxi Aristi: “Bere arrisku guztiekin erabaki zuzenena hartu dugulakoan nago””-ri buruz

  • Oso interesgarria bai,baina denok dakigu preso eta preso ohien artean bestelako iritziak ere badaudela. Nonbaiten galdetzen eta argitaratzen al zaie horiei? Pentsatu al du norbaitek adibidez zergatik Gatzak ez zuen Gernikako akordioa sinatu? Eta zergatik Garak elkarrizketatu zuenean ez zioten prozesuaz eta estrategiaz galdera bakar bat ere egin? Iruditzen zait komunikabideetan iritzi bakarra islatu nahi dela iritzi oso desberdinak daudela nabarmena denean.

  • “Ari”k azaltzen duenaren harira, duela egun batzuk Iñaki Egañaren “Los puros” izenburuko artikulua sartu nuen web honetan “Benetakoak” moduan itzulita.

    http://www.gara.net/paperezkoa/20111219/310632/es/Los-puros

    Egañaren artikuluari erantzuten atzo asteazkena 21 Borroka Garaia webgunean “Los puros, los impuros y los juncos” argitaratu zuten.

    http://borrokagaraia.wordpress.com/2011/12/21/los-puros-los-impuros-y-los-juncos/

    Dauden iritzi desberdinak agerian utziz.

  • Ba ni nolabait galdu egin naiz I.Larreak jarri duen bigarren estekako analisian eta erantzunetan. Oso termino abstraktuko “debatea” iruditu zait. Uste dut garaia dela arazo konkretuei soluzio konkretuak borrokatzeko, eta ez hainbeste pajeo ideologikoetan aritzeko.

    Bestalde, 30 urte berandu egiten diren erreflexioak dira guztiak. Orain eratzen ari garen polo famatu hori orduan eratzeko ausardia izan bagenu…

  • TroelsLundsVej 2011-12-23 12:13

    eter, ez dakit hauek “pajeo” ideologikoak diren, eta ez dakit horietarako garaia den ala ez, baina badakit “pajeo” ideologiko horiek baino askoz gehiago dagoela sobran “berandutasunaren” kontu hori. Guzti hau berandu datorrela ez da inola ere erreflexio eraikitzailea, lor dezakeen gauza bakarra min ematea eta gauden garaia (“prozesua” dei diezaioket?) desprestigiatzea eta zikintzea da. Hori bai dagoela sobran.
    “Pajeo”-etaz, eman diezaiola bakoitzak nahi duen abstrakzio maila. Dialektika askatasuna horretarako dago, eta abstrakzio maila bat edo beste bat erabiltzeak ez du inongo kalterik egiten (“berandutasunaren” kontua ateratzeak ez bezala). Zu galdu egin bazara (zuk esan duzu) hor konpon, utzi besteak lasai.

  • TroelsLundsVej, bai bai noski bakoitzak egin dezala bere ekarpen, gogoeta, pajeo, lanketa ideologikoa edo nahi duen modukoa. Noski baietz. Nire iritzia da sarritan energia gehiegi xahutzen dela marko ideologikoa zehazten, eta gehiago gastatu beharko genukeela kemena praxian. Gauza konkretuetan. Baina nire iritzia da, noski, denak errespetatzen ditut.

    Eta berandutasunarena ere iritzi bat da, iritzi pertsonala eta inori ezarri nahi ez diodana. Baina aizu hori prozesua desprestigiatzea eta zikintzea bada, onartu beharko litzateke inori buruzko iraganeko iritzi bat bera ez dela plazaratu behar, bestela min ematea, desprestigiatzea eta zikintzea bailitzateke hori. Ta ni ez nago ados; hain zuzen iruditzen zait iragana ondo aztertuz eraikiko dugula etorkizun sendoagoa.

    Zure hitzak erabiliz, berandutasunarena sobran dagoela iruditzen bazaizu, hor konpon, utzi besteen iritziak lasai.

  • Duela 30 urte Eteren gogoeta horiek, edo oso antzekoak, egin zituzten besteak beste Euskadiko Ezkerrak, PNVk (EAkoak barne zeudela) eta LKI-EMK (gaur egun Zutik, Batzarre). Arrakasta handiz alafede !!
    Ze betegarria den duela 30 urtetik arrazoia edukitzea!!!
    Ameeeeeeeennnnnn!!!

  • TroelsLundsVej 2011-12-23 15:17

    Ameeeeeeeennnnnn!!!

  • Joe, la hostia da hau. Hau da dena arre edo so ulertu beharra. Pajeoak utzi eta konkretura jaistearekin ez dut esaten inolako amorerik ematea erreibindikazio eta soberania lanketan. Nik dakidala ez euskadiko ezkerrak, ez PNVK ez LKIk ez zuten polo soberanista bat eraikitzeko hauturik egin ez eta soberaniaren alde benetako biderik urratu ere.
    Orain prozesu honekin lortu nahi dena posible zen duela 30 urte ere, eta zinez uste dut 30 urte galdu direla estrategikoki. Nire IRITZIA da, arrazoia izate ustearekin zerikusirik ez duena. Baina aizue, zuen arrazoiari ezin bazaio iritzirik kontrastatu, agian arrazoi du Egañak, hemen eztulik ere onartzen ez duen puru gehiegi dago.

  • TroelsLundsVej 2011-12-23 16:41

    Arrazoiak emanda daude. Horiek irakurri ordez probokatzen jarraitu nahi baduzu, segi lasai, norbait sartuko zaizu ta beharbada (alde nahiz kontra).

  • 30 urte galdu direla esaten duenak zer esaten zuen orain dela 30, 20 edo 10 urte?
    ” Depues de visto…”. Eta horren errua edo erantzunkizuna beti-beti-beti batzuei leporatzeak usain txarra ematen dio argumentazioari. Ez al da ba egon “eragile” gehiago zera guzti honetan (agerikoak eta ezkutukoak)? Noski, erantzunkizun mailak ez direla berdinak. Horiek ongi identifikatzeko garaia iritsi eta euskal jendarteak zeregin horretan nahikoa gaitasun izatea nahiko nuke. Konspirazioaren teoriak aurpegiratzearekin ahoa errezegi itxiz, edozein argipen ezkutatu nahi izan da. Gatazka historiko honen azken mende erdiko gerraren kronika zehatza egiteko gauza izango gara? Sikeran gure kronika.

  • Eztabaida hamar minutu hauek, estatuari aurre egin ez zaion hamar minutu dira. Salbuespena balira sikiera….

  • Aluzinatuta!

    “erantzukizuna beti-beti-beti batzuei leporatzea” egozten zait orain. Lehen mezuan “bagenu” aditza erabili dudanean, lehen pertsona. Eta gero argi eta garbi esan dudanean ez EE ez PNV ez LKI ez horrelakoak ez ditudala kontuan ere hartzen, ez direlako inoiz soberaniaren bilaketan izan eta izango.

    eta “probokatzen jarraitu” nahi izatea ere leporatzen zait, zergatik eta denbora galdu dugula (dugula,lehen pertsona) uste izate hutsagatik.

    Barkatu, baina prozesua aurrera eramango badugu (lehen pertsona, zuek eta nik), polo zabala eraiki nahi badugu (lehen pertsona), onartu beharko dugu (lehen pertsona) denok ez dugula iritzi bera matiz guztietan. Eta matiz desberdina izatea ez dela ez probokatzea, ez zikintzea, ez gutxiestea. Horrela, ez baitugu (lehen pertsona) ezer eraikiko. 100% berdin pentsatzen dutenak ya elkarrekin baitaude, horientzat ez da ezer batu edo eraiki beharrik.

    Agur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude