Kamera… ekin!

MzE1MQ==

Egia da etxe ondoko supermerkatura joateak edota Ondarretako uretan murgiltzeak ekar dezakeela ezusteren bat (hortxe ditugu fragata portugaldarrak) baina horiek ere ez dute kontakizunik sortzen. Udako programazioan aldaketaren bat sartzea erabaki nuen orduan eta, aroa bukatzeko gutxi falta zenez, pentsatzeko denbora gehiegi hartu gabe, kanpinera joan ginen denda eta koltxoneta hartuta. Urteak ziren kanpadendarekin ez ginela joaten, baina erraz instalatu ginen: lur gainean koltxoneta jarri, lo zakua gainean zabaldu, gauerako linterna gakoan eskegi eta prest geunden gure abentura txikia hasteko.

Lehenengo egunean ibilaldi polita egin genuen bertako ermitaraino, ez zen mendi gailurra, baina kilometro batzuk goraka ibili behar izan genituen; hankak nekatu, bapo izerditu, eta bueltan hartutako garagardoa ondo irabazita zela pentsatu genuen. Gauean, ederki afaldu eta gustura lo egin genuen kanpin-dendaren babesean.

Hurrengo egunean, basoan barrena buelta ederra eman genuen. Eguna euritsu esnatu zen eta ibilbide gehiena euri-langarrak bustita egin genuen.

Hirugarrenean gertatu zitzaigun idazteko aitzakia eman didana.

Mendian gora joan ginen eta gailurrera iristean, foto batzuk atera. Ederrak ziren bistak. Han zebilen bikote bati eskatu genion argazki bat egiteko. Senar-emazte izango ziren, biak adinduak. Atseginez egingo zigutela esan eta kamera hartu ziguten. Ez genien esan behar izan nola funtzionatzen zuen, berdina zuten haiek ere. Pare bat atera zizkiguten eta hezibide oneko irribarrearekin, agur esan genion elkarri. Ibilaldia bukatu genuenean, egindako argazkiak begiratzen hasi eta hara non konturatu ginen azkeneko foto gutxi batzuk kenduta, beste guztiak ez zirela gureak. Bilduman atzera egin eta harri eta zur geratu ginen: adindu bikotea ikusten zen ohe gainean, jarrera erotikoetan. Gainera, gehienetan hirugarren pertsona zegoen tartean: emakume ederra, ezaguna egiten zitzaiguna, oso ezaguna, baina ezin bere izena gogoratu. Pixka bat lotsatuta, kamera itzali genuen arnasa hartzeko, baina azkar piztu genuen berriro. Hantxe pareja zaharra, hantxe neska xarmagarria. Orduan, haren hanka luzeak eta ezpain oparoak ezagututa, konturatu ginen nor zen: aktore hori, bai, Donostia saria jasotzeko izendatua… nola du izena?

Besteen argazki kamera ekarri dugu bueltan, baina ez ditugu fotoak ezabatu; Imajinatu nahi dugu casting baterako probak edo horrelako zerbait dela eta iruditzen zaigu erreportajea altxor preziatua izango dela egileentzat. Horregatik, ZuZeutik dei egiten diegu, sarrera honen iruzkinetan idatz diezagutela izena eta helbidea, kamera itzuli eta, bide batez, gurea berreskuratzeko.

Irudia | tartean | Sindrome feliz | Creative Commons By SA

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Kamera… ekin!”-ri buruz