Ikusezina izan, eta itzala erakutsi nahi

Ikusezina izan, eta itzala erakutsi nahi

itzalaAldi berean ikusezintasuna aukeratzea eta itzala erakutsi nahi izatea ez da oso zintzoa. Bata ala bestea aukeratu behar da. Batez ere, zein majoa zaren entzun nahi baduzu. Itzalari baino erreparatu ezin badiogu, ordea, itzalari baino ez diogu erreparatuko, interpretatzen saiatu. Baina anonimotasunari kargu hartzen zaion bakoitzean, ohiko erantzuna etortzen da beti: garrantzitsuena argudioak omen dira, ez nork idatzi duen mezua. Azken finean, diote, muina argudioetan dago, ez argudioak idatzi dituen pertsonaren nortasunean, izan urlia, sandia ala berendia. Argudioek irudi osoa ematen omen dute, beraz. Eztabaida bera errepikatu da arestian nik idatzitako azken sarreran, eta hausnarketa haietatik dator berri hau.

Zuzentzat jo liteke argudioen aldeko argudioa, eta aldi berean ukatu. Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Ezin da esan kasu guztietan sinadura derrigorrezkoa edo garrantzitsua denik, ezta anonimotasuna beti onartezina denik ere. Niri neuri anonimotasuna onargarria iruditzen zait batzuetan eta beste batzuetan ez; izenpea, ordea, beti onargarria eta desiragarria. Anonimotasun guztiak ere ez ditut berdinak ikusten, nortasuna ezkutatzeko arrazoi asko egon bailitezke, arrazoi zilegiak eta ez-zilegiak.

Egoera berezi eta ezohiko batzuetan salaketa anonimoak kontuan hartzea bidezkotzat jo liteke; adibidez, norbaitek bizilagun bortitza ertzain-etxean salatzea emaztea edo seme-alabak jipoitzen dituelako. Horrelako egoera batean salaketa anonimoa edonori irtenbide egokia irudi lekioke, ekintza altruista eta ongilea, akatsik gabekoa, zertarako eta ahula babesteko. Salaketaren helburuak eta salatzailearentzako balizko kalte bidegaberik saihesteak zuritzen dute anonimotasuna. Baina zer gertatzen da benetako salaketekin batera salaketa faltsuak egiten hasten badira, gero eta gehiago, gainera. Azkenean, ezin da jakin zein den benetakoa, zein faltsua. Alabaina, egoera horretan norbaitek salaketa sinatuko balu, sinatzeagatik bakarrik sinesgarritasun handiagoa izango luke.

Baina, sinesgarritasunaz aparte, kasu askotan egilea nor den jakiteak argudioak modu batean ala bestean ulertzera eraman dezake. Demagun: “Euskal Herrian ez dago askatasunik giza-eskubideak errespetatzen ez direlako”, ezizen batez sinatua. Baina pertsona hori Basagoiti edo Permach izateak zentzua aldatzen dio esaldiari, mezua aldatu egiten da. Gauza berbera gertatzen da “maite zaitut” esaldiarekin: nori esaten diozun, seme-alaba txikiari, amari, lagunari, maitaleari… zentzua eta helburua aldatu egiten dira. Eta “maite zaitut” zirriak egiten eta gehiago nahi denean edo larrua jo ondoren maitalea agurtzeko esatea ez da gauza bera.

Hainbeste adibideren ondoren benetako kasu bat. Nork egin zituen adierazpenok?: “Hay una sensación de que no se puede hablar por teléfono. La sensación no es de que haya unos servicios de espionaje extranjeros ni unas bandas de crimen organizado quienes nos están espiando, es decir, la convicción generalizada es que quien nos está espiando es el propio Ministerio del Interior”. Ni nahiko ados nago argudio hauekin, aipatutako beste horiek ere espiatzen gaituztela gehituz gero. Gero argituko dut nork egin zituen, asmatu ez baduzu.

Ikusezina izan, eta itzala erakutsi nahiKasuz kasu osagarri bakoitzaren garrantzia aldatzen bada ere, ekintza komunikatiboak bost osagarri izan behar ditu beti osoa izateko: helburua, enuntziatzaileak (egilea/arduraduna eta rola), enuntziatarioa (jasotzailea eta rola), testua eta testuingurua (lekua, garaia, egoera…). Bakar bat ere ezin da baztertu, baina bai ezkutuan utzi, elipsian, beste osagarriek argitzen dutelako eta argitzen dutenean, gaizki interpretatzeko aukerarik utzi gabe. Bestela, beharrezko osagarriren bat ezkutatzeak beste osagarriei eragin diezaieke, desitxuratu, mezua eta argudioak beraiek gaizki ulertarazteko bide eman. Eta zaila da zinez osagarriren bat erabat bazter lezakeen ekintza komunikatiboren bat topatzea. Arte-lan bat, adibidez, erabat anonimoa izan liteke, baina horrek ez du esan nahi enuntziatariorik ez daukanik, behar ez duenik: sinadurarik gabe ere, enuntziatarioaren rola (artista izatea, kasu) funtsezkoa izan liteke arte-lantzat hartzeko; horrenbestez, Arco bezalako erakusketa azokan batean egon dadin. Paperontzia artea izan liteke, edo paperontzi hutsa, kasu.

Baina helburua, enuntziatarioa eta testuingurua ere funtsezko osagarriak dira. Stop seinale batek erabateko zentzua dauka bidegurutze batean, baina mendiko larre baten erdian ez: ez dakigu zer esan nahi duen, nork jarri duen, norentzat, zertarako… Mezuak bakarrik (“geldi zaitez aurrera jarraitzeko arriskurik ez dagoela ziurtatu arte”) ez du ekintza komunikatiborik osatzen. Edo izan liteke gaizki interpretatzen ari garela: ez dute jarri stop seinalea larrearen erdian ibilgailuen edo behien trafikoa zuzentzeko, txantxa egiteko baizik, edo arte lana egiteko (stopa Arcon balego, ziurrena), edo kritika politikoa egiteko, agian, auskalo. Jakin badakigu, ordea, ekintza komunikatiboaren osagarri beharrezko batzuk nahita ezkutatu dizkigutela, eta ezinbestez horrek ageriko beste osagarriak susmopean jartzen ditu; horrenbestez, ekintza komunikatiboa eta mezua ezbaian.

Labur esanda, testu hutsaren autonomia onargarria izan liteke baldin eta beste osagarriak ezkutatzeak argudioei beraiei eragiten ez badie. Bestela, ez.

Nork egin zituen adierazpenak? Sitel

Gonzalo Etxague

Ikusezina Ikusezina Ikusezina Ikusezina Ikusezina Ikusezina Ikusezina Ikusezina
hedabideak, hizkuntza, informazioaren leihoa, Internet, kazetaritza, komunikabideak, zuzeu
Gonzalo Etxague

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

6 pentsamendu “Ikusezina izan, eta itzala erakutsi nahi”-ri buruz

  • Zurekin bat nator gauz askotan, ala ere kontrakoa ere egin dezakegu, hau da, nola izena ematea, argudioak ez dizuten zilegitasuna eman dezaken.

    Troikak txosten bat atera zun esanez % zor publiko bat izaniz (uste det BPGren % 110 dela), herrialde bat ezin zula hazkunderik izan. Txosten hori “Jakintsu” batzuk egin zuten, izen onekoak, eta Troikak herriari ezarri. Zor hori “txikitxeko” , defizita kontrolatu behar zan, izugarrizko murrizketak egin, estatu soziala suntsitu…..

    Bost minutu pentsatzearekin, txosten horri buruz esandakoa ez zun ez hanka ez bururik,, gehiago zorpetzea ez delako ez ona ez txarra, inporta dana da, zertan erabiltzen dezun zorraren diru hori eta ze etekin edo onura ateratzen diezun.

    Hau da, nik 20 mila zor baditut eta norbait 20 mila prestatzen badizkit negozioa muntatzeko eta negozioa ondo ateratzen bazait, nere zorra txikituko da eta mailegua itzuli alko det. Dirua farretan gastatzen badut, (balio ez duten azpiegituratan, lapurretan…),nahiz eta gutxigo eskatu, ezingo det bueltatu eta gehio zorko dut.

    Orain esan dute, unibertsitario batek txostena irakurri eta akats ugari aurkitu zitula, zor haundia zuten herrialdeen hazkundea ez omen zuten kontuan izan.
    Argudio hori bera ez du ez hanka ez buruik (bainan ez nazi askoz gehio luzatuko).

    Beraz izena eta aurpegia duten “jakintsu” batzuen argudioei kasu eginez, ezagutu ez dugun hondamendia etortzen ari da.

    Aurpegia ematen duten “Jakintsuei” jassu egiteagatik, behar den janariaren bikoitza produzitzen da bainan munduaren herena gosea pasatzen du.
    Aurpegia ematen duten “jakintsuei” jasu egiteagatik, aberatsak gero eta aberatsago.
    Aurpegia ematen duten “jakintsuei” kasu egiteagatik, jende asko esklabutzan bizi dira eta beste ehundaka milioika ez dute lanik eta biderkatzen dakien edonork, ikusi dezake janaria soberan badagola, posible dela gosea ez izatea. Bainan “Jakintsuen” argudioak…

    Jarri pentsioen erreforma, jarri hezkuntzako erreformak, jarri milaka espertuei kasu egiteagatik nun gauden… Eta dena argudio soilik gabe, Indarrarekin eta irrati/telebista…. kontrolatzen, bainan argudio gabe, eta dena fedez sinisten dute milioika, ez denok, askok badakitelako beraien gezurrak.

    Beraz azkenean gauza ez da anonimo edo ez, baizik eta bakoitzaK egiten dun erabilpena, baita era hoien “argudioak”, daukaten BOTEREA. BOTEREA daukana izango du “zilegiagoa” den argudioa,. Edo behintzat nahi duna egingo du.

    Eta ezer pertsonalizatu gabe.

    Ongi izan.

  • Beraz azkenean gauza ez da anonimo edo ez, baizik eta bakoitzaK egiten dun erabilera.

    Bai, akats asko daude, bainan bestela uste det esaldi hori ez dula zentzu askorik.

    • Gonzalo Etxague

      Baina, Sugar, ontzia eta eta edukia nahasten dituzu. Nik esandako guztia ontziari dagokio, ez edukiari. Edukia zuzena, egokia, okerra, gezurra… mila gauza! Euroa txanponari eztabaidatu dezakegu, etorkizuna duen, txanpon segurua ote den… Hori bestelako eztabaida litzateke. Baina nik mahai gainean jarri nahi dudana eskuan daukadan billetea benetakoa ala faltsua den da, nola fidatu billete honetaz.

  • Barkatu, esaldi bat idazten dudanerako, beste hamar pentsatu ditut eta askotan bakarrik nere burun du zentzua.

    Ontzia Mildton Friedman bada, zilegitasuna ematen zaio berez berak esandakoari, nahiz eta agian
    esandakoa zentzurik ez izan Friedman delako. Troikako ekonomilariak diranez, agian merezi ez duten “zilegitasuna” ematen zaie beraiek esandakoari.

    Bainan Mildton anonimotasunetik barrabasakeri bat botako bazun (orain jada ez hilda dagoelako), eta hortan oinarrituta izugarrizko murrizketak egingo bazizkiguten, jendea, beste ekonomilari askok, bankariak… argudioak begiratuko zuketen, gehio fixatuz eta bere akatsak azalerazten zaiatuko zian.

    Beraz izena emateari ematen zaion zilegitasuna, ez da gauz ona, zilegitasun esandakoa ematen duelako, esandakoa eta egindakoa.
    Horregatik nitzako, zilegitasuna argudioak ematen dituzte, eta argudioen barrun sartzen dut, anonimotasunari ematen zaion erabilpena.

    Igual gauzak nahasten jarraitzen ditut.
    Ongi izan.

    • Gonzalo Etxague

      Berriro diotsut, Sugar, ez duzu ulertzen. Ekintza komunikatiboa sinesgarria denean (Friedmanek sinatua eta ez faltsukeria, adibidez, telebistako elkarrizketa delako), orduan zilegitasuna dauka mezua helarazteko, mezua edozein delarik ere, hau da, mezu hori benetan Friedmanerena dela pentsa dezagun, horretarako zilegitasuna eta beste ezertarako ez. Ekintza komunikatiboaren sinesgarritasuna eta zilegitasuna hori besterik ez delako, mamian sartu gabe. Gero mezua aztertu, kritikatu, goraipatu, mespretxatuko, bidegabekeriatzat jo edo delitutzat joko dugu.

  • Hori da gauza, nitzako Friedman esaten badu, esan dezaket, Friedman esan duenez…. orduan argumentuak ez badituzu entzuten Friedman delako (eta hori zilegitasuna ematen diolako), bere gezurrak (esango balitu), ez genukeen ikusiko, hortan oinarrituta izugarrizko barrabasakeriak egingo balira ze? Ba hori egiten ari da, zilegia da? Nitzako ez.

    Ba hori izango zan izena begiratzeagatik argumentuen ordez.

    Erabilpena da gakoa, edozertarako.

    Norbait ezagutzea segurtasuna senti arazi dezake, bainan hori ez da zilegitasuna, hori guk ematen diogun “zilegitasuna” da. Nitzako ez da berdina eta ez dago ondo.

    Nitzako lehengo argumetuak eta gero nork idatzi dun.

    Ez da berdina Aznar edo zuk zerbait esatea, Aznarrek inpunitatea du eta zuk ez, bainan zu inpunitatea ez dezunez, anonimotasunetik komentatzen badezu eta zure argumentuak Aznarrenak baino koherenteagoak baldin badira (ez duk zaila baina tira) , nitzako zuk izango zenuke zilegitasun gehio eta ez bera.

    Eta zure izena ez jakitea, aurreiritzia ez izateko balio izango dit, eta zurekin justuago izateko.

    Ulertu gabe jarraitzen badut, lasai ez naiz honetan tematuko, lagatzen dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude