Gentrifikazioa, modaren epidemia
Zer da gentrifikazioa?
Labur esateko, auzokoa zen bizilaguna (maila ekonomiko baxukoa gehienetan), aburgesatu edo dirudunago batek ordezkatzen duen uholdea da, auzoak moda arrazoiengatik edo hiri erdigunearekiko gertutasunagatik beste aurpegi eta itxura bat duelako.
Bukowskiren aferan, Egia izan daiteke gentrifikazioaren kokaleku eta eredu. Erdigunetik gertu dago, eta Gasteszenak, Tabakalerak eta Bukowski, Garraxi eta antzeko tabernen zirkuitoarekin giro eta ezaugarri ezberdineko auzoa bilakatu du. Gentrifikazioa auzo deskapitalizatuagoak izendatzeko erabiltzen da, baina balio dezake, beste neurri batean, Egian gertatzen dena azaltzeko.
Ingalaterrako eredua
Ulertuko duzuenez, hitza ingelesetik dator eta, gentrifikazioa bera ere, handik eratortzen da. AEBtatik lehendabizi, Ingalaterratik gero. London hirian, auzo bakartu eta isolatua zena, urtebeteren buruan modako auzo bilakatu daiteke artistak eta arropa denda erreferentziazkoak hara mugitu direlako. Horrek, jakina, auzoaren balorizazioa dakar, hango bizilagun historikoek ezin dituztelarik etxe depauperizatuetatuko alokairuak ordaindu.
Hiri ereduaren mutazioa da finean migrazio honekin gertatzen dena. Ezin hobeto Bricklane edo West-End inguruetan ikusten (eta nozitzen) dena.
Hala eta guztiz ere, euskal hiriburuak ez daude eredu horietatik urrun. Zer da bestela Bilbo Zaharrean gertatzen ari dena edota Gasteizen Alda Zaharrarekin proposatzen dutena? Bilbo Zaharrak, urte batzuetatik hona, oraingo taberna, arte eta arropa denda eta jatetxe berezituekin galdu du aspaldi zuen auzo izaera itxi eta iluna, bertako bizilagunen eta ondorioz auzoaren beraren izaera aldatuz.
Kalifikazio berria
Etxebizitzaren puxikaren hustearekin eta hau inbertsiorako ondasun gisara ez ikustearekin batera geratuko al da fenomeno hau? Gentrifikazioak, azpitik, lurren eta etxeen errekalifikazioa dakar. Balio gutxiko eraikin eta auzuneak baliozko eta modako bilakatzen baititu, ekonomikoki (eta sozio-kulturalki) etxe eta auzuneek zuten balioa irauliz. Balio ekonomikoan irabazten dutena xarman galtzen du, dena den auzoak.
Bukowski aferak, eta bere ondorengo erreakzioek, Egiaren gentrifikazio berantiar posible bat azaleratu dezake, Donostiarako duen erreferentzialtasunarengatik, auzoa izateaz landa.
Ezagutzen ez ditudan gainerako hiriburuetan, Iruñean eta Baionan, eman al da halako kasurik? Eta gentrifikazioa amaitutakoan, izan al du kontrako norantzan, berriz pobretu eta ahultzeko joerararik ekimen honek?
Info gehiago:
Bukowski afera eta musika (Iturri)