Manifestazioen ondorenekoak

Garai berrietan murgilduta gauden honetan atzokoan berriz  manifestazio jendetsua  burutu zen  Bilboko kaleetan . Kasu honetan bake prozesu baten norabidean  ezker abertzaleak behar duen legalizazioaren alde.  Bestelako begiradak agindu ditu Tartalo begibakarrak eta oraingoan manifestazioren atzealdeko  argazkia eta denok bizkarra emanda aukeratu du. Manifestazioaren ondorenekoa edo irudikatzearren.

 Hala da, manifestazioa amaitu, etxerako bidea hartu, kotxeko irratia piztu eta “dejavu” delakoa sumatu dut . Iñigo Iturrate EAJ-ko kideak manifestazioan egoteko zituzten arrazoiak aipatu eta gero, bi kritika luzatu ditu. Omen gonbidatuak ez direla izan bata, horrelakoak ezker abertzalearen hauteskunde kanpainaren baitan kokatzen direla bestea. Horra hor jada polemika sortzeko eta gaur eman den milaka eta milaka herritarren argazki gardena ahal duten neurrian zikintzeko adierazpenak. Zalantzarik gabe gaurko aldarrikapen sendo eta jendetsua kamusteko urratsa.

“Dejavu” bai, ez baita lehen aldia. Pasa den Urriaren 2-an ikaragarrizko manifestazioa burutu zen Bilbon ere  eskubide zibil eta politikoen alde. Hurrengo egunean EAJ-k eta Aralarrek EH Adierazik manifestazioaren amaieran izan omen zuen gehiegikeria salatzen zuten berriz ere argazkia ilunduz eta polemika sortuz.  EAJ-ren izenean Urkullu mintzatu zen, manifestazioaren amaierako interbentzioa “mingarri”  izan zitzaiela esanez, Aralarrek ordea hurrengo batetarako gauza gehiago “lotu” beharko liratekeela aipatu zuen “horrelakoak” berriz ez gertatzeko.    Hamar egun beranduago, urriaren 12-an Manifestazio jendetsua egin zen Iruñean, kasu honetan  Independentistak deituta  eta hurrengo egunean Aralarreko Jon Abrilek Radio Euskadiko elkarrizketa bat baliatu zuen ere bezperako manifestazioa eta independentisten antolaketa modua eta estrategia  kritikatzeko. Alegia, gosaltzen ari ginen  argazki jendetsuari berriz ere indarra kentzeko. Urtarrilaren 8-an izan zen hurrengo manifestazio  erraldoia, kasu honetan euskal presoen eskubideen aldekoa. Hurrengo egunetan ez zen aitzitik  itxura bereko  polemikarik izan zorionez ETA erakundeak su etena iragarri baitzuen.

Atzokoa da egutegian hurrengo manifestazioa. Jendeak erantzuten jarraitzen du. Herritarrak erruz ari dira irekitako fasea bere parte hartzearekin bultzatzen, babesten, sostengatzen. Baina badira  horrelako argazkiak maite ez dituztenak, polemika gogokoagoa dutenak, garai berriei betiko moldeekin erantzuten dietenak…. Alperrik ordea,  bereziki ezker abertzaleak eta inguruan duen eremu zabalak antolatzen dituzten manifestazioen ondorengoa  ere hobeto prestatzeari ekingo baliote. Batzuk manifestazioa prestatzen duten  bitartean besteak ondoreneko polemika  diseinatzen baitute eta herritarrek emandako babesa desitxuratu. Dena dela,batzuen egin ahalen gainetik, atzokoak berriz ere Tartaloren begi bakarrarentzat argazki zoragarria!

Milaka herritar legalizazioaren alde

Irudia | Milaka herritar legalizazioaren alde | herritar bat | Creative Commons By SA

Begibakarra noski. Baina begi bakarra izateak ez du beti begirada berdina suposatu behar. Are gutxiago ikuspegi bakarra!

Zer duzu buruan “Manifestazioen ondorenekoak”-ri buruz

  • Nork gonbidatu behar zuen EAJ, Arzallusek agian? Manifestazio bat da eta ez besta bat. Gizarte osoa zegoen gonbidaturik, EAJ barne. Ez baziren gisa ofizialean joan, nahi ez zutelako izan zen, ez besterik. Gainontzekoa aitzakia merkeak dira.