Elhuyar Fundazioak STIMULA hezkuntzako ikerketa-proiektu europarra koordinatuko du

PO129-Stimula-proiektuko-kideak

Bi urte iraungo duen proiektu honen helburua da 12-18 urteko gazteak zientzia- eta teknologia-gaietan motibatzea. Partzuergoa honako erakunde hauek osatuko dute: Zaragozako Unibertsitatea; Belfasteko St. Mary’s University College; Alemaniako Steinbeis ikerketa-zentroa eta Phaenovum elkartea; Errumaniako National College Nicolae Titulescu Ikastetxea; eta Elhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioak Europako Batasunak finantzatutako STIMULA Stimulating Science And Technology Competences Through Innovative Means For Teaching And Learning (Zientzia eta Teknologiako gaitasunak estimulatzen hezkuntza-baliabide berritzaileen bidez) ikerketa-proiektua koordinatuko du. Bi urte iraungo du proiektuak, eta helburua da 12-18 urteko gazteak zientzia- eta teknologia-gaietan motibatzea. STIMULA proiektuan, Elhuyar Fundazioaz gain, honako erakunde hauek arituko dira elkarlanean, eratu duten partzuergoan: Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); St. Mary’s University College Belfast (Ipar Irlanda/Erresuma Batua); Steinbeis ikerketa-zentroa eta Phaenovum elkartea (Alemania) eta National College Nicolae Titulescu ikastetxea (Errumania). Gaur elkartu dira lehenengoz erakunde horietako ordezkariak Elhuyar Fundazioaren egoitzan, eta egunotan Euskal Herrian izango dira proiektuaren hastapenetan.

Ikasleei zientzia- eta teknologia-gaietan interesa piztea dute helburu erakunde horiek guztiek. Hori horrela, hezkuntza-metodologia berriak sortu nahi dituzte, ikastetxeak eta zientzia eta teknologiaren esparruko erakundeak elkarlanean jarriz. Horretarako, besteak beste, Europako ikasleen iritziak hartuko dituzte kontuan, eta trebakuntza-plangintza berezia egingo dute irakasleentzat.

hezkuntza, ikerketa, Teknologia, zientzia

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude