"Bost urterekin galdetzen zidaten aitaren errekorraz"

Iñaki Perurenak duela 23 urte egindako balentria ez da irudi hunkigarri bakarra. Inaxio semea bost urterekin plazara aurreneko aldiz atera zenekoak zur eta lur uzten du ikuslea. Eta 2003ko Euskadiko Sei Orduetan Inaxiok 263 kilokoarekin kale egin zuenekoa. Eta lau urte geroago 285 kilokoa altxa zuenekoa, Sei Orduetan bertan. Semeak hauspoari buelta ematen zion bitartean, kamerak aitari jarraitu zion. Emozioak jota, negar batean ibili zen Iñaki handia. Herri kirolek badute berezitasunik, baina kirola da azken batean, eta kirol guztietan bezala garaipena eta porrota txanponaren bi aldeak dira. 2009ko abenduan Asteasun 300 kilokoa mendean hartzekotan izan zen Inaxio, marka mitikoa inondik ere, baina bizkar gainean zuela erori egin zitzaion. Markak hatz artean ihes egin zion. Horiek guztiak kirol irudiak dira, baina beste esparru batzuetakoekin hornitu du lana Garañok: Perurenatarrak lanean ageri dira, esate baterako, edo Peru-Harrin harriari eskainitako atari libreko museoa.

Irudi ikusgarriak eta hunkigarriak bai, eta gogoeta egiteko hitzak ere bai. “Bost urterekin, plazara aurreneko aldiz atera nintzenean aitaren marka noiz gainditu behar nuen galdetzen zidaten”, oroitzen du Inaxiok. Harriak altxatu aurreko urduritasunaz ere jardun da. Segundo gutxi batzuetan dena eman beharraz: “Urduri jartzen ez dena ez da pertsona!”. Aitak egin bezala, interpretazioaren munduan sartuko ote litzatekeen galdetuta, azkar erantzuten du Inaxiok: “Egun batean enpresaria, beste batean mafioso… Hori aitarentzat uzten dut!”.

Iñaki Perurenak ere gogoeta egiten du Jon Garañoren kamera parez pare duela: “Gizarte modernoan herri kirolek tartea ote duten galdetzen didatenean, hauxe erantzuten dut: “Gizarte moderno honetan Euskal Herriak ba al du tokirik? Euskal Herriak lekua baldin badu herri kirolek ere izango dute”.

Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu dute dokumentala. Perurenatarrak bertan izan dira eta Itziar Alduntzin kazetariak eta kirolarien herrikideak egin ditu aurkezle lanak. Emanaldiaren osteko solasaldian, Inaxiok iragarri du luze jo gabe saiatuko dela berriz ere 300 kiloko harria altxatzen. ETB1en emango dute dokumentala hilaren 19an, 22:00etan.

Inaxio Perurena

Irudia | Inaxio Perurena | Jon Garaño | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.