Kaskoa bizikletan, nahitaezkoa?

kaskoa“Kaskoa jantzi dudan lehenbiziko eguna da. Barregarria iruditzen zait”. Esaldi paregabe hau erabili zuten El Pais egunkarian, bizikletan kaskoaren derrigortzeari buruzko artikulu bat hasteko. Aipua 1992an jasotakoa da, motorrean burukoa janztea beharrezko izendatu eta biharamunekoa.

Espainiako Trafiko Zuzendaritzak egindako lege zirriborroak derrigorrezko bihurtu nahi du txirrindulari guztiek kaskoa erabiltzea. Inork gutxik ikusi du begi onez zirriborroa, txirrindulari elkarteek barne. Hauen arabera, kaskoak bizikletaren erabilera kaltetuko luke hobetu beharrean. Haien ustez txirrindularientzako neurri hertsitzaileak jarri beharreanbeste neurri batzuekin bermatu behar da segurtasuna (autoen gehienezko abiadura 30 kilometro orduko izatera jaistea adibidez).

Iraganean motorren kasuan gertatu bezala, orain ere aurkariak barra-barra ditu beharrezko kaskoak. Garai bakoitzean izaten da gisa horretako iskanbilarik, segurtasuna eta deserosotasuna aurrez aurre jartzen dituen eztabaidarik. Autoen segurtasun uhalekin gertatu zen, eta orain inork ez du zalantzan jartzen lege zorrotz horren egokitasuna. Non da nahitaezkotasuna ezartzeko marra gorria? Hainbat arrazoi daude bai alde eta bai kontra, pisu desberdinekoak denak ere.

3 arrazoi behartzearen alde

  • Buruko kolpeen zauriak eragozteko balio handia du hainbat ikerketen arabera
  • Kaskoa erabili nahi dutenak istripua izateko aukera gutxien dutenak dira, arriskutsuek ez baitute jantziko
  • Hildakoen kopurua ez da altua, bai ordea buruan zaurituak egiten dituztenena

3 arrazoi behartzearen aurka

  • Bizikletaren erabilera murriztu du, Israelen %40 egin zuen behera
  • Txirrinduan hiltzen diren pertsonen kantitatea oso murritza da, adibidez, urtegietan itotzen direnekin alderatuz
  • Neurri eraginkorrak daude bizikletaren erabilera sustatzeko, kaskoa jarri gabe

Kaskoaren derrigortzea munduan

Australia (1992tik) eta Zeelanda Berria (1994tik) dira bizikletan kaskoa beti erabiltzeko betebeharra ezartzen duten estatuak. Gainontzean, Ipar Amerikako lurralde batzuetan bakarrik debekatu da burukorik gabe ibiltzea. Japonian, Islandian edo Kroazian, beste batzuen artean, 18 urtetik beherakoei derrigotu zaie kaskoa.

Hegoaldean, 2004tik hona herriguneetatik kanpo derrigorrezkoa da kaskoa (salbuespenekin). Iparraldean inon ere ez da behartzen. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren asmoen aurka agertu dira baita ere, Donostiako alkatea eta Gasteizkoa.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

6 pentsamendu “Kaskoa bizikletan, nahitaezkoa?”-ri buruz

  • Ba, argazkian agertzen den kaskoarekin (igitaia eta mailua eta guztiz) baita lotara ere joango nintzateke, kar, kar!!

  • euskovlaams 2013-05-22 07:23

    Kaskoaren aldeko hiru argudioak erraz kontraesan daitezke. Hasteko kaskoaren aldeko kanpainak eta ikerketak normalean EEBBtik datoz, non automobilaren industria botoretsuari ez zaio komeni jendeak masiboki bizikletan mugitzen hastea. Inoiz ez bizikleta erabilera hedatua den herrialdetatik (Holanda, Alemania, Danimarka).

    Kontua hirian barne bizikletan ibiltzea aktibitate arriskutsu bezala planteatzea da, motorrean ala kotxean ibiltzea bezalakoxea balitz. Errealitatean ordea bizikletan ibiltzea (hiribarnean behintzat) oinez ibiltzea bezain segurua da. Zergatik ez oinezkoei kaskoa jarri (umeei gutxienez?).

    Ezjakintasunak eragiten du debate hau.

  • Kaskoa behartzearen aurkako arrazoiak oso ahulak iruditzen zaizkit:

    “•Bizikletaren erabilera murriztu du, Israelen %40 egin zuen behera.”

    Horrek jendearen aurkako jarrera erakusten du bakarrik, ez kaskoak segurtasuna ematen duen ala ez. Agian kontzientziazioa eta ohiturak aldatzea da koxka, beste arlo askotan bezala.

    “•Txirrinduan hiltzen diren pertsonen kantitatea oso murritza da, adibidez, urtegietan itotzen direnekin alderatuz”

    Konparazio absurdua alde batera utzita, hildakoak eta, batez ere, zaurituak askoz eghiago izango dira baldin eta, egunetik egunera, zorionez, gero eta jende gehiago animatzen bada lanera edo eskolara bizikletaz joatera.

    “•Neurri eraginkorrak daude bizikletaren erabilera sustatzeko, kaskoa jarri gabe.”

    Zergatik plantatzen dira bi kontuok “eskluiente” balira bezala? Bultza daitezela beste neurri eraginkor horiek, eta bultza dadila kaskoa, benetan segurtasuna bermatzen badu. Zeren eta horixe baita benetako galdera: kaskoak segurtasuna handitzen du, bal ala ez? Nik baietz uste dut.

  • euskovlaams 2013-05-22 09:46

    Nattin, erantzuna argi eta garbi: Ez, kaskoak globalki ez du segurtasuna haunditzen. Segurtasuna bizikletaren erabilera hedatzen denean haunditzen da, kaskoak erabilera murrizten duenez globalki kalterako izango da. Adibideak? Holanda versus Australia edo EEBB.

    Dena den zure argudio sinplista hori auto gidariendako ere balio du. Auto gidariek kaskoa erabiliko balute bizitza mordo bat salbatuko liratekela frogatzen duten ikasketa serioak daude, test emaitza eta guzti. Ea nork planteatzen duen hori gaur egun. Kotxeen lobbyen erantzuna izugarria izango litzateke.

    • Erabat adoseuskovlaams-ekin. Kaskoak ez du txirrindularien segurtasuna handitzen, eta badaude hori frogatzen duten ikerketak. Ikusi bestela artikulu honetan ematen dituzten datuak (gaztelaniaz, barkatu):
      http://www.enbicipormadrid.es/2013/05/lo-que-opine-un-ciclista-es-irrelevante.html

      Bide batez, gogorarazi nahi nuke, nahiz eta datu bakar batek ez duen agian ezer adierazten, Espainian errepidean kaskoa derrigorrezkoa dela, eta Euskal Herrian azken aldian txirrindulariak hiltzen ari direla errepidean, nahiz eta kaskoa jantzita eraman.

      http://eu.wikipedia.org/wiki/I%C3%B1aki_Lejarreta

      Bestalde, artikuluaren egileak txirrindulariak motoristekin konparatzen ditu, eta badirudi horrek kaskoaren aldeko argudioei indarra ematen diela. Nik oinezkoekin konparatuko ditut txirrindulariak: kaleetan gehien hiltzen direnak auto gidariak eta bidaiariak dira, eta ondoren oinezkoak. Zergatik ez da proposatzen oinezkoek kaskoa eraman dezaten? Batez ere egokia litzateke umeak eskolara oinez joan daitezen, edo beren gurasoen autoetatik irteten direnean eskolara sartzeko, kaskoa jantz dezatela.

      Are gehiago, autoek harrapatuta gehien hiltzen direnak adinekoak dira. Zergatik ez behartu aiton-amona guztiek kaskoa eraman dezaten zebrabideak gurutzatzen dituztenean?

      Nire buruan agureak kaskoarekin kaletik irudikatzen ditudanean, orduan bai ikusten dudala benetan zein den kaleetako segurtasun faltaren erantzule nagusia, eta ez da ez oinezkoa ez txirrindularia, automobila baizik. Kaleetako istripu hilgarri eta larri gehienen eragilea autoa da. Beraz, ken dezagun argi fokua txirrindularien gainetik eta jar dezagun autoan. Ez dezagun proposatu istripuak arintzeko aspirina bat, baizik eta istripuak ahalik eta gehien saihesteko benetako konponbide bat.

  • Kaskoak segurtasuna eskaintzen duen ala ez eztabaida interesgarria da.
    Hala ere, inork derrigortu dezake inor kaskoa erabiltzera edo segurtasun uhala erabiltzera? Gehienezko abiadura muga ezar liteke txirrindula nahiz autoentzat, hirugarrenei eragin diezaiekeelako, baina nik kaskoa eramateak edo ez eramateak ez dio ondokoari eragiten, neure buruari eragiten dio (buruari hain zuzen ere) eta hortaz, nire ardurapeko erabakia baino ez behar luke izan.