XXI. mendeko abertzaletasunaz (sarrera)
XXI. mendeko abertzaletasunaz sarrera
Hasier Etxeberria eta Lorea Agirrek gaur goizean eman diote hasiera EHUko Udako Ikastaroen baitan, Jakin aldizkariak eta Zuzeu orainkariak antolatutako “XXI. mendeko abertzaletasunaz” ikastaroari.
Hasier Etxeberriak hartu du lehen hitza, eta ikastaroa antolatzearen arrazoiak mahaigaineratu ditu. Jada adinean aurrera eginda, gauza berriak ulertzea pixka bat kostatzen zaiola aitortu du, eta gazte belaunaldien proposamen berriak ulertzeko nahia azaleratu.
Hasierrek eta bere belaunaldiak mundua eta Euskal Herria abertzaletasunetik ulertu dute, baina XIX. mendeko erromantizismoak utzitako ideia batek balio al du bigarren milurtekoan? Zer da abertzalea izatea, edo nazionalista, edo patriota?
Hizkuntza eta nortasunean oinarritu dute askok beren nortasun politikoa, baina batzuen ustez ez dira zutabe aski; abertzaletasuna independentismo bihurtu behar da. Hitz asko erabiltzen ditugula dio Etxeberriak, baina kontzeptuei esanahia eman eta zorroztea falta zaigula. Horretarako da ikastaroa.
Lorea Agirrek hitz egin die jarraian bertaratutako 50 lagun ingururi. Azken mende erdian betiko zalantzak izan ditugula nabarmendu du: zein dira gure erroak, nor gara, komunitatea, herria, demosa…? Eztabaida zaharra da, baina galdera berriak atera dira.
Euskalgintza eta abertzaletasunaren artean dibortzioa ematen ari da; horren ondoren abertzaletasunaren eta independentziaren artekoa datorrela dirudi; independentzia eta euskararen artekoa ere planteatzen dute askok. Ziurgabetasun asko dauzkagula nabarmendu du Agirrek, aldaketak oso azkar gertatzen ari direla, eta horren adibide gisa jarri ditu Brexit delakoa eta pasa den igandeko hauteskundeak.
Hizkuntza eta independentziari dagokionez, azpimarratu nahi izan du euskararen lurraldea eta abertzaletasunarena oso antzekoak direla, eta horrek zer pentsatua eman beharko lukeela.
Globalizazioaren eta uniformizazioaren garaian, Agirrek identitatearen bueltako borroka eta hausnarketa ugari aurreikusten ditu. Identitate politikoak, kulturalak, generokoak, hizkuntzarenak… Norgintza konstante batean murgilduta gaude. Horrek galdera bat planteatzen dio: sortu beharra dauzkagun espazio hegemonikoak edukiz hustu edo bete egin behar ditugu?
XXI. mendeko abertzaletasunaz sarrera