Andoni Olariaga: “Identitatearen galerak mina ekarri du askapen mugimendura”

Andoni Olariaga: “Identitatearen galerak mina ekarri du askapen mugimendura”

EHUren “XXI. mendeko abertzaletasunaz” udako ikastaroan eman zuen berbaldian, “Abertzaletasuna, populismoa eta askapen mugimendua” aukeratu zuen berbagai Andoni Olariagak. Filosofoak “Independentzia helburu” (Txalaparta) lana argitaratu zuen iaz, Imanol Galfarsoro, Jule Goikoetxea eta Unai Apaolazarekin batera.

Andoni Olariaga: "Askapen mugimendura mina ekarri duena identitatearen galera izan da"

Jardunaldi hauen subjektua abertzaletasuna bada ere, askapen mugimenduaz berba egin gura zuela argitu zuen, hasi bezain pronto, aurreko berbaldiak streaming bidez jarraitu zituen Olariagak. “Batez ere abaguneak planteatuko ditut, eta galdera asko. Gaur egungo krisian, galdera asko ditut; eta atzo Galfarsoro, Gabilondo eta Apodaka entzunda… oraindik gehiago”, adierazi zuen, berak baino lehen hitz egin zutenen berbaldiei erreferentzia eginez.

Hasteko, zentzuari buruz egin zuen berba, Azurmendiren azken liburuaren haritik, “Azken egunak Gandiagarekin”.

“Nire hipotesia da oraindik badugula Aro Modernotik datorkigun mentalitatea, ilustrazioan sortu zena. Hain zuzen ere, ilustrazioa fedearen eta arrazoiaren arteko apurketa bezala ikasi izan dugu, eta geroztik zientziaren eta arrazionaltasunaren garaiak direla. Azurmendik eta beste batzuk gezurtatu egiten dute hau, Aro Modernoaren aurretik Jainkoak zituen propietateak beste objektu batzuetara aldatu zela, naziora, zientziara, arrazoimenera, horiek absolutu forma bilakatu zirela”, dio Olariagak.

“Abertzaletasunari eta estrategia independentistari buruz hitz egiten hasi nahi badugu, hausnarketa honetatik hasi behar gara. Galdera bat planteatuko dut erantzuna baino gogoeta bilatzen duena: Zergatik gara abertzale; hausnarketa kontziente baten ondorioz edo bizipen multzo irrazional bat da, erabaki bat da abertzaletasuna…”.

.

Nazioaren pisua

Bost puntutan banatu zuen berbaldia filosofoak, arestian aipatutako zentzua hasierakoa zela. “Nire tesia izango da, asko hitz egiten da postnazionalismoaz baina uste dut oraindik nazioak pisu handia duela, balio unibertsalak aplikatzeko nazioa da kontutan hartzen den lehenengo lekua. Konstituzio guztiek nazio bat dute oinarrian; haiek pentsatzen dute nazio bakarra direla, nazio bat baino gehiago izan arren”.

“Egun nazioa da ongia eta gaizkia, balio unibertsalak nola aplikatu eta gizartea nola antolatu definitzeko balio duen kriterio nagusia. Beraz, garai postnazionalista bat bizi dugula esaten den arren, nazioa ez da hildako fenomenoa, baizik eta munduaren ordena zatitzeko irizpide nagusia, kriterio hegemoniko bezala operatzen du”.

Jarraian, zentzuak (edo balioak) prekontzienteak direla defendatu zuen Olariagak marko kognitiboaren ideia azalduta -George Lakoff-en “Ez pentsatu elefante batean” lanaren laguntzarekin-.

Lakoff-ek AEBtako bi tradizio politiko nagusiak aztertu zituen, bi korronte nagusiak, kontserbadoreak eta progresistak. Konturatu zen bakoitzaren atzean familia zegoela nazioaren metafora bezala, “aita fundatzailea, gerrara bidaltzen dituzten nazioen semeak…” Eta erro horietan aurkitzen da bakoitzaren mundu ikuskeraren desberdintasuna. “Aztertu beharko litzateke hau Euskal Herrira ere ekar daitekeen”, proposatzen du Olariagak.

“Kontserbadoreen familia eredua aita (eta ez gurasoak, kasu honetan) estriktoa da. Familia eredu honetan, mundua toki arriskutsua da, lehiakorra oso, non garaileak eta galtzaileak dauden. Umea gaiztoa jaiotzen da, eta aitak du familia babesteko ardura, bera da autoritate morala, haurrari ongia eta gaizkia zer den irakasten diona. Bizitzan arrakasta nahi bada diziplinatua izan beharra dago, esanekoa, eta moralitate hertsi horri jarraituz gero arrakasta izan daiteke, eta norbere interesa bilatu behar da horrek guztion interesen alde egiten duelako”.

“Aita estrikto honek lotura du merkatu libreko kapitalismoarekin. Eredu hau duenak, ondorioztatuko du eskuzabala denak eta ez duenak bere interesa bilatzen sistema hondatzen duela, arrakasta izateko ez baitu bere ongia bilatzen besteen gainetik; hori da morala, merezi egin behar duzu. Beraz, familia eredu hau jarraitzen duen herritarrak logikotzat hartuko du programa sozialei laguntzarik ez ematea”.

Progresisten familia, bere aldetik, “generoz neutrala da. Eredu honetan gurasoak protektoreak dira, seme-alabak onak jaiotzen dira eta hobeak izan daitezke heziketaren bidez. Semea zoriontsu izatea da funtsa, errealizatu dadin, eta hau bakarrik komunitatean gauza daitekeenez, eraikuntza sanoa bilatu behar du komunitatean, kooperazioaren bidez”. Beraz, bakoitzak baditu bere sakoneko balioak eta hauetatik eratortzen dira gero mundu ikuskerak, ikuskera politikoak.

Familien kontzeptu hauek erabili daitezke, filosofoaren aburuz, “Euskal Herrian familiaren tradizioak duen balioa, lehenengo familia babestu eta gero besteak bezalako ideiak babesteko, politikatik datorren xenofobia hain erraz sustraitzeko. Eta ezkerrak ez du aurre egiten honen atzean diren balioetan, eztabaidatzen duena azalean dagoen diskurtsoa da. Besteari ere lagundu behar zaiola uste du, baina ez du zalantzan jartzen gu eta bestearen artean egiten den bereizketa, gu hori eta beste hori nor den. Eta horretan jarri behar da indarra”.

andoni olariaga bi“Hemengo belaunaldien azterketa bat egin beharko litzateke (frankismokoa, trantsiziokoa, demokraziakoa…)eta familia ereduak, balioak, zeintzuk izan diren eta horrek politikan izan duen eragina ikertu. Guzti hau kontutan hartzen ez duenean, ezkerra arrazionalismoan erortzen baita -ondorioztatzen du Olariagak-. Ezker klasikoak ez du pentsatzen bakoitzak zentzu prekontziente bat duenik, eta balio batzuk ez direla arrazoiketa baten ondorioz sortuak, baizik eta bizipenen, praktika sozialen eta abarren bidez oso gotortuak ditugun balioak direla. Ezkerrak pentsatzen du egiak egingo gaituela libre… errealitateak”.

“Errealitate bakarra dagoela uste dugu -jatorri erlijiosoa duen sinesmena-, oso sustraitua dago.  Ikuspegi horretatik, gertaera bat edo beste gure markoarekin esplikatzen ez bada erlatibizatu egiten dugu, edo gutxietsi. Baina errealitatea ez da bakarra, berau ulertzeko marko eta balioak ditugu, eta horiek dira borrokatu behar direnak. Barregura ematen du kasik errealitatea ez dela existitzen esateak, postmodernokeri bat, baina…”.

Hauteskundeetan, esaterako, “bere identitatea, bere balioak errepresentatzen duen horri ematen dio bozka jendeak, gizakia ez baita arrazionala eta, politika, irrazionalaren eremua baita egun”. Olariagak ondorio bat ateratzen du guzti honetatik. “Diskurtso batzuk gure burmuinean marko batzuk aktibatzen dituzte, eta diskurtso batzuk marko zaharrak elikatzen badituzte berriak sortu beharrean gara, derrigorrez. Hori da askapen mugimenduaren erronka”.

.

Erresistentzia izpiritua

“Independentzia helburu” liburuan, hitz egiten nuen Ezker Abertzaleak edo askapen mugimenduak 50 urtetan garatu duen erresistentzia izpirituaz mintzo da Olariaga, “funtsean mundua ikusteko ekosistema bat dena. Egon den tragedia guztiarekin, ekosistema gogortu bat. Eta ez dut kritikatuko gaur egungo betaurrekoetatik; seguraski horrelako borroka tragikoetarako behar dira horrelako identitate zurrunak, baina gaur egungo testuinguruan pentsatuz, identitate horrek birmoldatu beharra du”.

“Azken bost urteetan, abertzaletasunaren baitan, batez ere askapen mugimenduan, diskurtsoak ez ziren arrazionalak, identitatearekin lotuak baino. Zentzuak apurtzen direnean krisiak ematen dira, eta mina ekarri duena identitatearen galera izan da; badago mantentze nahi bat. Berrogeita hamar urteko borroka tragiko horretan garatu diren pentsamolde horiek osatzen baitute norbera zer den, identitate kolektibo bat. Eta hau apurtzean, egokitze bat edo erreakzio bat gertatzen da -dio filosofoak-. Derrota politikoan bukatu den nostalgia bat bada hor, eta gazteek seguraski bizi izan ez duten horrekiko nostalgia ere badute. Izan ere, oso garai kaskarra gestionatzea tokatu zaie, bakea ez baita batere erakargarria; askoz erakargarriagoa da gerra, zentzu zabalean ulertuta”.

“Izpiritu horrek zituen eskema batzuk agortuta zeuden. Arrazionalismoa eta infantilismoa talde batek duen indarraren arabera neurtzen dugu, esaten diren ideiek jendartean sortzen duten onarpenaren arabera baino. Atzean zentzu komuna nahiko zabalduta duen adibide bat: “Euskal Herria konkistatua izan zen eta beraz askatua izateko eskubidea dauka”. Eslogan horrek funtzionatuko du politikan aplikazioa badu edo edo jendea konbentzitzen badu, baina horretan sinesten duena infantilismoan erortzen da; ez dagoelako berreskuratzeko etxerik, berria eraiki beharrean gaude. Honek oraindik nazioaren ikuspegi finkoa dugula erakusten du, eta ez egunero eraiki eta deseraikitzen dena -zure eraikuntza momentutik abiatzen zara-, eta estatuarekin berdin”.

Olariagaren aburuz, nortzuk gauden eta testuingurua zein den aztertu beharra dago;  gizartea kontutan hartu behar da.Iraultzaile ilustratuak ez dituzte gizarte hegemonikoaren ideiak kontutan hartzen. Eta haientzako mingarria bada ere, ideia hegemoniko horiek onartu beharra dugu, gero buelta emateko. Krisi sakon eta eskubideen galera izugarriaren ondorioz, askapen mugimenduak, gizartearen eskubideak eta duintasuna babesteko ondorio logikoa independentzia dela ondorioztatu du. Ondo, baina berak bakarrik atera du ondorio hori, eta gizarteak atera behar du, hor dago koska”.

Proiektu politiko bat egikaritzeko eraginkortasuna da kontutan hartu beharreko beste elementu bat, filosofoaren esanetan. “Zein aldagaitan erreparatu behar den ezagutu. Eta horretarako soziologia minimo bat ezagutu behar da, diskurtsoak non mamitzen diren…”. Baita zein momentutan gauden ere. “Gizartea bloke zurrunetan banatuta dago -gurea zaharkitua da gainera-, eta oso astiro aldatzen da, oso zaila da pentsakeraz aldatzea”. Gainera, konfrontazioa toki egokian planteatzen ere jakin behar da -eta borroka zikloek gorakadak eta beherakadak izaten dituztela-. “Desobedientzia, borroka eremua, leku egokian jartzen asmatu behar da, irabazi daitekeen gaietan, jakinda atzetik diskurtso bat ekarri behar duela, euskal gizarteak gure ondorio berdina atera dezan -metafora zaharren agorpen baten aurrean ere ba omen gaude eta kontzeptuak elastikoki erabiltzen ikasi beharra omen dugu-“. Izan ere, Olariagak uste du egungo statu quo-arekin ondo bizi denaren sentipena duela gizarteak “eta hau aldatu behar da; badago non eragin”.

Olariaga ados dago politikaren ziklo populista batean gaudela diotenekin. “Errealitatea azaltzeko EH vs. Estatua ardatz bezala hartzeak ez du funtzionatu. Sintagma, 15M, Occupy Wall Street edo mugimendu faxistek ez dituzte artikulatzen subjektu ezberdinak (langileak, ekologistak, euskaltzaleak), ez. Gu akumulazioen logikan gauden bitartean, Podemosek, esaterako, herria aldarrikatzen du, komunean daukaguna”, eta antagonismoak elikatu. Guzti honetaz aparte, filosofoak onartzen du hizkuntza aldrebestu akademikoa ulergarriagoa egin behar dela, “berdina esan beste hitz batzuekin, edozeinek ulertzeko moduan”.

Abertzaletasunak pisu handia du jendea mobilizatzeko, “eta nazioaren berridazketa egin behar dugu, ezinbestekoa da. Alegia, nazionalista ez dena konbentzitzea zail samarra izango zaigu nazionalista ez dena arrazoi hutsaren bidetik -horretan mugak baititugu-, eta hortaz, nazio inklusiboagoa eraiki beharko dugu, eta irrazionalki jokatu. Hau da landu beharreko eremua”.

Irakurketa soziologikoa egin eta konfrontazioa leku egokian planteatuta -gizartearen pertzepzioa aldatuko dituzten talkak sortzeko-, “ezinbestekoa da proiektu bat garatzea”, proposatzen du Olariagak, proposamen taktikoak egin beharra. “Jendeak ez du ulertzen, ze euskal Estatu, non dago? Jendeak ez du salto egingo huts-hutsean, are gutxiago ezer ez badago”. Egiturak irudikatu behar ditugu, gero prozesuan jendeak edukiz bete ditzan, bidean zuzenketak eta kritikak eginez. “Konfederala, demokratikoa, soziala izan beharko luke, erakargarria”. Estatua, espainiarra, ez baita inoiz demokratizatuko.

.

NOLA JARRI MARTXAN GAUR EGUN PROZESU INDEPENDENTISTA BAT

  • Gizartearen irakurketa soziologikoa egin.
  • Konfrontazioa leku egokian planteatu.
  • Proiektu bat garatu.
Andoni Olariaga / Andoni Olariaga / Andoni Olariaga / Andoni Olariaga / Andoni Olariaga / Andoni Olariaga / Andoni Olariaga / Andoni Olariaga

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Andoni Olariaga: “Identitatearen galerak mina ekarri du askapen mugimendura””-ri buruz