Hamar minutuen sindromepean, post-idazle bilakatzeko asmotan

Hamar minutuen sindromepean, post-idazle bilakatzeko asmotan

Hamar minutuen sindromepean, post-idazle bilakatzeko asmotan

Kritika nire ezagun bati aditu nion behin. Ekologista talde batek paratutako habia batez ari zen; nonbait, haren kritikaren jomuga zen habia haizeak gogorren jotzen zuen tokian zegoen, adar altu batetik zilintzan: segur aski ekologista horrek, erraten zuen herri batean bizi zen nire ezagunak –egiatan zera azpimarratu nahian, Iruñetik, kapitaletik alegia, etorritako ekologista horrek–, pentsatuko zuen “ni xoria banintz, hor biziko nintzateke”. Eta irri egiten zuen, natura izugarri maite izanda ere, bistan baitzen habia jartzaile hark ez zuela ideiarik basoko xoriek non zuten laket.

Nik ere irri egin nuen, jakina, nahiz eta ideiarik ez dudan ez xoriei, ez arbolei, ez habiei buruz, baina gustatu zitzaidan nire ezagunaren gogoetak egiten zuen desberdintasun hura, alde batetik xoriak non biziko liratekeen gustura, eta, bertzetik, ni xoria banintz, zer toki aukeratuko nukeen bizilekutako.

Irri arteko gogoeta hura maiz etorri zait burura hondarreko hilabete hauetan. Otsailetik hona, eszedentzian egon naiz –tira, ez da eszedentzia izan, baina hala deitzen ahal diogu gauzak sinplifikatze aldera; inporta duena da, nik hala eskatuta, otsailetik hona ez dudala lanera joan behar izan–, eta lagun eta ezagun frankok zer moduz ari nintzen galdegiten zidatelarik, argi zegoen aldez aurretik bazekitela erantzuna. Izan ere, kexarik adieraztea bururatzen bazitzaidan, berehala oroitarazten zidaten zein zen arrapostu ortodoxoa eta bide onera eramaten ninduten: “kexatuko zara, bada, ederki bizi zara eta!” Ez zuten dudarik egiten, beraz, ni naizen xori hau izanen balira zeinen ongi biziko liratekeen; eta, hortaz, beren alegiazko esperientzia subjektiboa ezarrita, xoriaren beraren iritzia –analogia honetan, ni naiz xoria, txistean bezala: zer egiten du ehun kiloko txolarre batek…– ez zitzaien axola handirik. Halere, jarrera horrek ez ninduen sobera molestatzen, ordurako hamar minutuen sindromepean bizi bainintzen.

Duela hiru urte, puntualtasun problema ez larri baina bai jarraiki samarra izan nuen gure semearen ikastolan. Egun gehienetan ni arduratzen nintzen –eta arduratzen naiz oraindik ere– haurra eskolara eramateaz, eta kasik egunero mantso ailegatzen ginen. Minutu bat, bi minutu, gainerako haurrak sartu berritan. Etxetik ikastolara autoz joaten gara, bertze auzo batera –gure auzoan, hau Iruñea da, ez baita D eredurik–, eta bederatzietan ailegatzekotan, beranduenez hamar gutitan abiatu behar dugu. Hainbat arrazoiren kariaz –zenbaitetan lo gelditzen nintzen; bertzetan luzatzen nintzen eguneko klasea prestatzen; bertzetan, umea arrunt logaletua zegoen; bizpahiru aldiz ez nintzen oroitzen bezperan non aparkatua nuen autoa–, ordea, beti bederatziak bederatzi gutitan, zortzi gutitan, zazpi gutitan pizten genuen autoko motorra –edo, garaiz abiatuta ere, trafiko handia harrapatzen genuen eguraldi kaskarreko egunetan–, eta horrek, berandu abiatuta ere agudo joanez gero akaso puntual ailegatuko ginelako esperantzak, estres izugarria sortzen zidan.

Bitan, berriz, edo akaso hirutan, bederatziak eta hamar ziren etxetik abiatu orduko. Ez ikastolara ailegatu orduko, ezta autora ailegatu orduko ere: etxeko atea hetsi orduko. Beraz, suertea izanez gero, bederatziak eta hogeian ikusiko genuke ikastolako atea, eta suerterik izan ezean, batek daki, bederatzi eta erdietan. Bi –edo hiru– egun horietan, halere, lasai joan nintzen; edo, lasai baino gehiago, axolagabe: zernahi eginda ere, desastrea –jar gaitezen, zergatik ez, melodramatiko– hain zen erabatekoa, gure atzerapena hain zen eskandalagarria, berdin baitzitzaidan 20, 25 edo 30 minutu berandu ailegatzea; muga batetik aitzinat, gauzek ez dute erremediorik, eta hori onartzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Horixe da hamar minutuen sindromea –Felipe II.aren sindromea ere izan liteke: ez nituen nire ontziak elementuen kontra borrokatzera; baina hanpatuegia iduritzen zait–. Erraz ulertuko den konparazio bat egiteko, segur aski hamar minutuen sindromea sentitu zuten herritar batek baino gehiagok igandean, Espainiako hauteskundeen emaitzak ikusi eta jakin zutelarik PPk gora egin duela –kasu, halere, sindrome hori ez baita politikoki sobera emankorra–.

Faktorian hasi nintzelarik, azpidazle gisa definitu nuen nire burua –ez nekien nire testurik aipatzea zilegi ote litzatekeen, baina atzo Aritz Galarragak best of-a egin zuenez, aitzindaria eta aitzakia baditut–: “izatekotan, idazten ari dela erraten duen idazlea nintzateke ni, etengabe idazteko asmoa adierazi bai baina inoiz asmo hori burutzen ez duena”, idatzi nuen 2013an, nire kolaborazioak motzagoak zirelarik.

Berriki, Fermin Etxegoienek bota du Twitterren Euskal Herria post-euskalduna dela, eta hori kudeatzen ikasi beharko dugula. Post-euskalduna zer den galdeginda –nik galdeginda, hain zuzen ere–, erantzuna hauxe: “Besteak beste, euskara norberaren autoestimarako balio ez nagusi ez goien gisa hartzen duen herria”. Arrunt pentsamendu interesgarria iduritu zitzaidan –ironiarik gabe diot, argi gera bedi–, buelta batzuk merezi dituena. Halere, gauzak banalizatzeko dudan gaitasunari esker, burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza zera izan zen: hara, Euskal Herria euskalduna izatea erdietsi gabe, post-euskalduna izatera pasatu gara. Baina post horrek egoera bat moralkeriarik gabe deskribatzeko balio duen bezala, porrotaren mamua uxatzeko baliagarria den cooltasun puntu bat ere badu, posten artean –post-nazionalismoa, estatu post-etnikoa, post-identitatea– bizi garen honetan.

Hori nolanahi den ere, Etxegoienen ideiak inspiratuta, lana jarri diot nire buruari uda honetarako: post-idazle bihurtu nahi dut; sekulan idazlea izan gabe –errana dut: gehienez ere, azpidazle–, post-idazle izatera pasatuko naiz –post-idazlea: itxurakeriatan ibili arren, idazteko asmorik / gogorik batere ez duena–. Ez dut uste eginahal handirik egin beharko dudanik. Txistea, jakina, egina didate dagoeneko: ea post-it paperetan idatziko ote dudan –eta, izan ere, bada Post-it bizitzak izeneko liburu bat, Iolanda Zuñigak galegoz idatzia eta Iñigo Roquek Pasazaite argitaletxerako euskaratua–; ea bakarrik gogoratu nahi dudana apuntatuko ote dudan. Txiste –txarrak– txiste, niri, ordea, izendapen dotorea iduritzen zait, aurkezpen txarteletan paratzeko modukoa –Santi Leoné, post-idazlea–. Eta lortzen ez badut, bada, tira, ez du inportarik, azken buruan, hamar minutuen sindromepean bizi naiz.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Hamar minutuen sindromepean / Hamar minutuen sindromepean / Hamar minutuen sindromepean

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.