Pankarta baten aitzakian
Pankarta baten aitzakian (Esan gabe noa)
Deigarria egiten zait iraingarritzat jotzen den pankarta baten harira aireratu diren mamuak. Deigarria ere, Twitterren hasitako sasi-eztabaida baten azken(aurreko) kapitulua haragitu duen eta (fondoan bezala forman) erabat lekuz kanpo dagoen artikuluan irakurritakoa. Norbaitek buruan eman dizun toke baten indarkeria edo “irain onartezina” salatzeko toke hori eman dizunari jipoi konbo bat ematea bezala iruditzen zait (“ergel”, “paternalista”, “sermoilari”, “salomoniko”, “ustezko printzipio moral tinko”, “harroputz”, “apaiz”, “guru”…). Are eta gehiago diskurtso moralista konkretu bati kontra egiteko argitara ematen den beste diskurtso moralista baten baitan. Pulpitutik jaitsi gabe hostiak eta penitentziak banatzea beste helbururik ez diot ikusten aipatu artikuluari. Eta errespetuz diot.
Eztabaida faltsu batera daraman tesi oker bat iltzatzeko aitzakia da pankarta; bide batez, aipatu ere egiten ez dena artikuluan, pankartaren egileak seinalatzen diren arren. Esan gabe noan honen erantzuna probokatu zuen Unai Maleskiren txioan ere, bide berez, pankarta hori modu isolatuan epaitzen zen, ondoan zituen beste bostak (“San Fermin Txikiton euskaraz bizi”, “Euskararen alde egon? Euskararen alde egin!” eta gisakoak, positiboak denak) aipatu gabe.
EHEk sinatu pankartan esaten da: “Erdaraz barra-barra, abertzale kaxkarra”. Ez “kaskarra”. Ez “txarra”. Ez “gaiztoa”. Ez “ankerra”. Ez “zitala”. Ez “traidorea”. Ez “zipaioa”. Ez “sasikumea”. Esan gabe doa pankarta hori euskaldunak diren eta beste euskaldunekin erdaraz barra-barra (ez noizean behin, normalean, maiz…) egiten duten abertzaleei zuzenduta doala, euren abertzaletasunaz gogoeta egin dezaten. Ala norbaitek uste du EHEk pankarta hori jarri duela euskaldunak kulpabilizatzeko edo abertzale(erdaldun)ei “oso kabroiak” direla esateko? Hori uste duenak ez daki nondik jotzen dion haizeak. Eta honekin ez dut kendu nahi halako mezuek izan dezaketen egokitasunari buruzko eztabaida sanoa eta eraikitzailea. Eman dezagun, nahi bada. Halarik ere, badira merezi duten eta egunotan hedabide euskaldunetan ematen ari diren eztabaida eraikitzaileagoak. Hurrengo artikulu batean sartuko naiz hor sakonago. Esku arteko hau erantzun puntual bat da.
Tesi oker edo faltsu bat argudiatzeko eztabaida faltsu bat piztu dela esan dut arestian. Hala ikusten dut bederen Maleskirekin hasitako demaren erdian beste pulpitu batetik nire Twitterreko bio-a ingelesez (ere) badagoela eta ondoko batena latinez dagoela aurpegiratu zaigunean, oraindik ez dakit zer frogatu nahian. Halaxe ere, hona nakarren artikuluan aipatzen diren euskal estatuaz eta euskal nazio proiektu zein identitatearen eraikuntzaz idatzi diren artikuluetan euskaltzaleek euskarari ematen dioten garrantziaz egiten diren hainbat baieztapen modu ez oso inteligentean aipatzen direnean. Edo “tribuari” erreferentzia eginez emandako erantzunetan eta abar. Baita ere, azken(aurreko) kapituluaren egileak egiten dituen bestelako baieztapen batzuetan: “saiatuko naiz nire bizitza osoan gaztelaniaz hitz egiten eta nire ingeles maila kaxkarra perfekzionatzen. Eta, desio gisa, gustatuko litzaidake nire ondorengoek gaztelaniaz jakin dezaten, nik baino ingeles hobea hitz egin dezaten eta, frantsesa jakingo balute, bikain”, etc.
Ai ama… Ta besteok ez ala? Bere tesien aurrean hizkuntza bakarreko existentzia inposatu nahi duten fundamentalistak daudela uste du hori idatzi duenak? Son molinos.
Agian, EHEren mezuetan, pankartetan eta egunero herriz herri eta nazio mailan egiten dituen kontu guztietan ez dauden eta inork ikusiko ez dituen irain eta mamuak (“bigarren mailako euskaldunei, zipaioei, sasi-abertzaleei zuzendutako epai salomonikoak”) behar ditu tesi hori mantentzen duenak existitzen bada testimoniala dena errealitate hegemoniko bihurtzeko. Agian, abertzaletasunari, demokraziari, independentismoari eta abarri kalte handia egiten dion lobby euskaltzale fundamentalista bat (existitzen ez dena) behar da tesi hori lotsatu barik mantentzeko. Agian, norbere jarrera demokratikoagoa eta zentzuzkoa dela frogatzeko parekoaren ustezko jarrera faxista ultra-ortodoxo inposatzaile eta hiper-koherentearen pare jartzeko beharra dago, sinesgarritasuna irabazte aldera. Gutxienez, argi utzi behar da artikuluan EHEri zeharka hala egotzi arren, EHEk ez diola inori inoiz “sasi-abertzale”, “bigarren mailako euskaldun” edo “zipaio” (“zipaio”?!?!?) deitu. Inondik inora.
Izan ere, eta euskararen herri mugimenduaren mundua askotxo/nahikotxo ezagutzen dudala esango nuke, Gipuzkoan bertan ere ez dut ikusten aipatu pentsaera euskararen ikuspegitik hauspotzen duen erreferentziarik/erreferenterik. Halako abangoardia “moralinguistikorik” balego, zeintzuk dira horren sustatzaile publikoak? Non daude iritzi publikoan eragiteko mikrofonoak sudurpean dituzten mantra horien arduradun eta iritzi-sortzaileak? Non daude eta zeintzuk dira hari horiek mugitzen dituzten indarrak? Mesedez… Erridukuluraino eta “más allá”.
Akaso, nahiagoko nuke baten batzuen jarrerak justifikatzeko “al pelo” datorren asmakizun bat izan ordez “arazo” hori benetan existituko balitz, ze horren kontra gero eta dispertsatuago eta ahulago dagoen euskararen herri mugimendu bat baino ez dut ikusten nik. Eta hortik gehiago ikusten dut arazoa. Arazo handi bat, beste arazo handi askoren artean.
Nagusitasun moraletik ez; munduko txikiena izan eta esan gabe noan hau izateak handienaren eta handiusteenen aurrean parez pare, askatasun osoz eta makurtu gabe mintzatzeko ematen didan autoritate moraletik diot hau, isiltasunaren espirala gaindituz, gehiengo zabalaren gehiengo zabalak adarrak jarriko badizkit ere. Borondate on eta zintzotasun osoz. Caiga quien caiga, neu tartean.
Sarrirena ia dena irakurri dut, eta “biba tú” esaten diot ia denari. Eskertuko nuke, alta, Sarri ez manipulatzea. Izan ere, euskal nazio proiektua erdalduna ere izango da, izatekotan; baina kapitalista ere bai, edo gutxienez indibidualista, edo neurri batean matxista edo arrazista izateari utzi ez diona izango da, eta beste gauza asko, izatekotan. Horrek ez du kentzen nik neure ametsetakoa nahi izan eta aldarrikatzeko, ezta?
Barkatuko didazue, edo ez, hain moralista izatea, baina alarde matxistan desfilatzen duen ustezko feministaren “feminismoa” zalantzan jartzen jarraituko dut; eta erabakitze eskubidea demokraziaren kontra dagoela esaten duenak demokraziaz duen kontzeptua zalantzan jartzeagatik ez dut eskapularioa jantziko. Gisa berean, beren enpresan errumaniarrak egunean 12 orduz eta kontraturik gabe lanean dituen “ezkerreko militanteari” ere ezkerra zer den gogoetatzeko esango diot, ahal dudan aldiro, asertiboki, eta noiz edo noiz atzamarra belarriko zuloan apur bat sartuz.
Aparte, Jule Goikoetxearen artikuluari egiten zaion erreferentzia ere… kaxkarra. Hasteko, esan behar dut Julek berak aitortu zidala berak ere ez zekiela guztiz ados zegoenetz esandakoarekin. Artikuluan aipatzen den “batzuek euskaraz bizitzeko ez bada ez dute euskal estaturik nahi (…), espainiar edo frantses estatuan bizitzen jarraitu nahi dutela aditzera emanez, baina esan gabe” erreferentziaz: irakurketa horren ahuldadea bistakoa da. 79an autonomia estatutuari ezetz esan ziotenek frankismoan bizi nahi zutela (baina ez zutela onartzen) esatea adinako… zera da.
Nire nazio identitatea eraikitzeko orduan (niretzat bezala milaka euskaldunontzat) euskara funtsezko osagaia da. Zilegi dugu, ala? Euskal Estatua euskal demokraziaren egituraketa juridiko-instituzionala da, ene uste apalean. Ez dut Euskal Estatua euskaraz bizitzeko bakarrik nahi, baina euskaraz bizitzeko ere nahi dut. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzen ez didan euskal demokrazia (eta bere egituraketa juridiko-instituzionala) ez da ene ustez ez “euskal” ez “demokrazia”. Edo, “euskal” izatekotan “800 balas” euskal zinema den bezain beste. Edo “demokrazia” izatekotan egungoa baino apur bat gehiago akaso baina ez niretzako nahikoa. Zerri askara botatzeko lakoa, baliteke. Zentzu berean, ustezko halako “euskal demokrazia” baten egituratze juridiko-instituzional batean eraikitako euskal estaturik ez dut nahi. Eta ez, horrekin ez diot egungoan segi nahi dudala, niretzat ezinbestekoak diren gutxieneko batzuk (ez euskarari begirakoak soilik) bermatzen dituen beste osoago baten alde egingo dudala baizik.
Dena den, agian merezi du gauzei bere izenetik deitzen hasi eta eztabaidak ganoraz, gune zein euskarri konpartituetan eta ikuspegi eraikitzaile batetik ematen hastea. Bestela, hitz asko, gehiegi, elkarrekin eta elkarren kontra dantzan. Eta bitartean, benetako eztabaida, esan gabe doa eta badoa ez dakigu nora.
Azken (aurreko) kapituluaren egileari, pankartarekin irainduta sentitu denari, berau egin edo jarri duenari zein euskaldunekin erdaraz barra-barra egin arren abertzaletasuna eroso bizi dutenei esango nieke, Ruperrek esan bezala “maite duzun hori” zaintzen jarraitzeko eta Anje Duhalderen ahotsean gogoratzen dudana praktikatzeko: maita dezatela gutxio eta goza dezatela gehio, alegia.
A, eta azken pankarta proposamenari ekarpen bat: kendu “ostias como panes”, eta jarri “¿Verdades como puños?”.
Berandu xamar (edo) iritsi naiz artikulu honetara, baina egoerak bere horretan -edo akaso okerrago- irauten du.
Arrazoiz kargaturiko artikulua hirea, Aitor. Bete-betean bat natorrek.