Soziologia kaletarra, ibaian gora ibaian behera
Mendi puntetan hasten dira sortzen gure ibaiak, gailur horietatik behera amiltzen direlako prezipitazioek utzitako ur emariak. Gorbeia (Bizkaia, Araba), Anboto (Bizkaia ), Txindoki (Gipuzkoa), Urbasa (Nafarroa Garaia), Iparla (Nafarroa Behera), Orhi (Zuberoa), Larrun (Lapurdi).
Tontor diferenteak dira horiek guztiak: batzuk luzeak eta penditz handikoak dira, eta, beste batzuk, berriz, laburxeagoak eta malda apalagokoak. Tamaina eta malkar horien araberako izaten da, halaber, beren aldapetatik barrena bultzatzen duten likido kopurua.
Azkenean, alabaina, bat egiten dute ur iturri guztiek, gehientsuenetan, puntu batean; eta desberdintasunak alboratzen dituzte; denak bihurtzen dira ibai.
Antzeko zerbait gertatzen zait, askotan, euskararen bat-bateko presentziarekin, erdaldun elebakarrekin elkarrizketan ari naizean; ordura arteko eztabaidagaia desagertu egiten da, momentutxo batez, gure hizkuntza agertzerakoan, eta eraldatu egiten da solasa; denbora tarte labur batez soilik gertatzen da; alabaina, segundo gutxi horietan, solasketa gehientsuenak fase berera heltzen dira; hitz korronteak ibai bihurtzen dira, alegia.
Honatx adibidea: futbola, zinea edo oporraldiari buruz ari zarete hitz egiten, soilik gaztelaniaz berba egiteko gai den pertsona bat eta zu. Bat- batean, baina, berriketa erdaldun horretatik kanpo dagoen pertsona euskalduna agertzen da, eta euskara txertatzen du mintzasolasean, zeharka bada ere: baliteke lagun euskaldun baten telefono deia izatea edo ezagun euskaldun bateren baten kale agur laburra…denbora tarte murritz batez agertzen da, soilik, gure hizkuntza; baina, osoki aldatzen ditu ordura arteko solas rolak, erdaldun elebakarrarekin, berriz ere hasten zaretenean.
Lekuz kanpo uzten du gure hizkuntzaren agerpenak hura, normalean. Arestian esan bezala, segundo gutxiko kontua da, baina denbora tarte labur horretan, hura atzerritar sentitzen dela esango nuke, edo, bederen, euskaldun betea ez; Euskal Herritar bai, baina euskaldun ez.
Zoritxarrez, laster errekuperatzen dira, eta gaztelaniaz zein frantsesez jarraitzen dute; baina bost edo sei segundoan, beren kontzientzia euskaldun ahuldu horrek hitz egiten die.
Ezin da orokortu, egia da; baina nire esperientziari erreparatuta, erdalduna lotsatu egiten da, gure hizkuntzak biluztu egiten duenean, orduan ikusten duelako bere burua irudikatua.
Bost edo sei segundo iraungo duen euskalduntze prozesurik bai?