Eskutitzaren zain

Eskutitzaren zain zaudela, amaiezin egingo zaizkizu hura iritsi arteko egunak. Postaria noiz pasako zain egongo zara irrika eta ilusio itsuz postontzia zabaltzera joateko, baina hutsik topatuko duzu berriz ere, eta hutsik topatutako bakoitzean kolpe berri batek zapuztuko du zure itxaropena; hurrenez hurreneko kolpeek haren habe hilezkorrak kaltetu eta balantzaka jarri arte. Itxaropena berez osa daiteke ordea, eta berak sendatuko ditu gauero azalean zehar hedatu zaizkion arrakalak, irrika eta ilusio itsuzko igeltsua erabiliz. Azkenerako itxaropena irrika bihurtuko da, eta irrika ilusio itsu, eta pertsona horren eskutitza jasoko duzun fedea ez duzu galduko, eta noizbait, berandu baino lehen, eskutitza jasoko duzu, eta konturatu orduko erantzunda izango duzu, eta berriro egongo zara zain: hurrengoaren zain.

RURAL POSTBOX_kalitate baxuan

[Argazkia pasa den urteko udako oporretan aterata dago, irailean, Tralibane izeneko landa-auzoko baserri baten atarian (Bantry, West Cork, Irlanda). Testua berriz duela dozena bat urte pasatxo idatzitakoa da, Unaik garai hartako koaderno batetik hona ekarria, baina are zaharragoa dirudi. Izan ere, noiztik ez dugu eskuz idatzitako eskutitzik bidali edota jaso? Gabon edo zorionetako postalik sikiera? Akordatu ere ez gara egiten! Desagertzeko bidean dagoela dirudien komunikatzeko modua da eskuz idatzitako eskutitzarena. Inor gutxik bidali eta jasotzen ditu, geroz eta jende gutxiagok. Gu biotako inork ez behintzat. Gure etxeetako postontzietara isunak iristen dira noizean behin, eta hilero, insistentzia nekagarriz  banku, elektrizitate eta telefono konpainien amodiozko gutunak, besterik ez. Zuri ere antzerako zerbait gertatuko zaizu ziurrenik, ezta? Hori dela eta, “eskutitz” irakurrita testua erabat arrotza egin bazaizu gomendatzen dizugu beste hitz batez ordezkatzea “eskutitz” hitza, eta testua hitz berriaren arabera eta zure nahierara moldatzea (“postari” hitzak, adibidez, ez luke zentzurik izango bertsio berrian). Saia zaitez; hitz berria “e-posta” izan liteke, baina baita erabat zoriontsu egiten zaituen eta ziztu bizian iragaten den edozer. Gehiengoarentzako aurtengo udakoak amaituta edo amaitzear direla, testua “opor” hitzarekin moldatuko dugu guk, halaxe gaude eta: oporren zain; hurrengo oporren zain!]

aitoretaunai

IRUDHITZEN