Trantsizioko elefanteen kontra edo ihesi?

Trantsizioko elefanteen kontra edo ihesi?

Trantsizioko elefanteen kontra edo ihesi?

Europako hauteskundeen emaitzek -Podemosen agerpena eta IUren gorakadarekin- zein Juan Carlosen abdikazioak ezkertiar eta abertzale askoren arteko desadostasuna piztu du: Espainiar estatuko monarkia, bipartidismoa eta neurri eskuindarrei aurre egiteko espainiar(zale) ezkertiarrekin batera egin behar da borroka, edo hori alde batera utzi eta estatu independiente baterako bidea jorratu? Biak batera egitea posible ote da? Desadostasunak ez du zertan txarra izan, ezta eztabaidak ere. Hori dela eta, hona eztabaida (ahal dela) aberasgarrirako lehengai izan nahi luketen hiru gogoeta labur:

  • Orain arte, espainiar estatuko ezkertiarrek Euskal Herriko gatazkarekiko izan duten jarrerak mugatu du eztabaida. Orain, Podemoseko buruek esaterako Katalunia eta EHren erabakitzeko eskubidea defendatzen dutela adierazi berri dutenez, argudio hori ahuldu egin da apur bat. Hala ere, asko dira (eta gara) Espainiako balizko ezkertiarrengan itxaropen osoa galdu genuenak. Ikusteko dago oraindik zein jarrera hartuko duten bake prozesuaren eta bereziki presoen aferari dagokionean.
  • Inor gutxik uste zuen Espainian PP eta PSOEri aurre egingo zion indar ezkertiarrik eratu zitekeenik. Orain ordea, eta ziur asko jarrera optimistegia den arren, bada aldaketa hori posible dela sinesten hasia denik. Hala balitz, printzipioz EHn zein Katalunian erabakitzeko eskubidea (Espainiak baimenduta) praktikan jartzeko aukera egun baino errealagoa litzateke.
  •  Kontu handiz aztertzekoa da CiU eta EAJren jarrera. Frankismo osteko trantsizioko elefante gisa har litezke, eta printzipioz ez dute Espainiako indar ezkertiarrek aurrera egiteko inongo interesik, horrek balizko erreferendumak gerturatuko balitu ere. Azken finean, trantsiziotik datozen egitura eta banaketa soziala probestu eta sustatu duten alderdi politikoak dira.
  • Espainia Europar Batasunaren baitan dagoela gogoratu beharko genuke. Nolabaiteko miraria gertatu eta estatuko indar ezkertiarrek bipartidismoa garaituko balute ere, ez dirudi EBak esanguratsuak liratekeen aldaketak baimenduko lituzkenik, ezta EBtik irtetzea ere. Espainia aldetik datorren euforiaren aurrean, errealista izatea komeni da.

Bote-prontoan bota ditudan lerro hauek aberastuko dituzuelakoan, eman egurra beldurrik gabe.

Trantsizioko elefanteen kontra edo ihesi?