“El País”, iruzurgile baten kronika

Alvaro Ramis kazetariak El País egunkariaren jatorria eta bilakaera azaltzen dituen artikulua argitaratu du Punto Final aldizkarian. Agerikoa den ikuspegi jakin batetik egindako analisia bada ere, interesgarria izan daitekeelakoan pasarte batzuk ekarri ditut hona:

Jesus Polancoren El País

“El País 1976an sortu zuen Jesús Polanco enpresariak, frankismoko hezkuntza liburuen egiletza esklusiboa zuen Santillana argitaletxearekin aberastu ostean. (…) Trantsizioak diktadurarekin harreman zuzenik izango ez lukeen egunkari bati ateak irekiko zizkiola aurreikusi zuen, eta hala, jarrera prodemokratikoa zuen Espainiako lehenengo egunkari estatala bilakatu zen El País. Horri eusteko sinesgarritasuna beharrezkoa zela bazekienez, xehetasun txikiena ere zaindu zuen: diseinu berritzailea hautatu zuen, kalitate kontrolerako tresnak ezarri eta “irakurlearen defendatzailea” atala martxan jarri, baita kode deontologikoa biltzen zuen estilo liburua sortu ere.”

(…)

“PSOEren garaipenarekin, 1982an Espainiako Gobernuaren egunkari kuttuna bilakatu zen. Garai hartan, mugimendu ezkertiar sobietarzaleak kritikatu zituen, baita merkatu librearen aldeko jarrera hartua zuen PSOEren bidea babestu ere. (…) Hala ere, Polancoren El País-ek nolabaiteko oreka eta iritzi aniztasuna mantentzen jakin zuen, horrek izen ona eta inbertsoreak erakarriko zituelakoan. Hala izan zen, 2000. urtean akzioak burtsan eskaintzearekin batera,  Juan Luis Cebriánen botereak gora egin zuen arte.”

Prisaren El País

5aa6d5dc110b341508716c7892c90f5f

“Burtsarako saltoa ematearekin batera, kazetaritza proiektu errespetagarria zena espekulaziorako aitzakia hutsa bilakatu zen.Che Guevarari buruz garai batean eta bestean esandakoak dira aldaketaren erakusgarri.”

1997an, honakoa idatzi zuen El País-ek: “Che Habanan da jada, Fidel Castrok bere gorpua jaso zuen tokian, heroi nazionalaren ohore guztiekin. Ernesto Guevararen -Cubako iraultzaren gerrilero erakargarri eta ezagunena- heriotzetik 30 urte igaro direnean, jarraitzen du idealista koherentearen eta ekintzarako prest den gizonaren sinbolo izaten” (…)

2007an, hamar urte beranduago, beste hau: “Che-k bere bizitza eman eta beste askorena sakrifikatu izanak ez ditu totalitarismotik edaten duten bere ideiak hobe egiten. (…) Guevararen jarraitzaileek latinoamerikako politikari egin zioten ekarpen bakarra orduko tendentzia autoritarioei aitzakia bat ematea izan zen”.

“Prisaren proiektuak irabazi ekonomiko handiak sortu behar bazituen ere, 2008 amaieran akzioek behera egin zuten nabarmen (…) Gaur egun, akzionista nagusiak Liberty Acquisition Holdings erakunde estatubatuarra eta bere zorraren hartzekodun diren bankuak dira: Bankia, La Caixa, Santander, HSBC eta abar”.

Txarretik okerragora

“Polancoren El País-ek akats asko zituen. Lagun arteko kapitalismo baten fruitu zen, Gobernuaren faboritismoen menpe zegoena. Baina hala ere, gutxieneko sinesgarritasuna mantentzen jakin zuen, irakurleei bertan agertzen zenak errealitatearekin lotura zuela sinestarazten ziena. Orain, hautsi egin da lotura hori. Nork hitzegiten du Prisaren El País-en bitartez? Banku hartzekodunek, Liberty taldeak, AEBko inteligentzia agentziek, Espainiako Barne Ministroak? Denek batera agian?”

Cebrián, El Pais, Polanco
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude