“Haustura hidraulikoa ikertzen inbertitzen duguna ez dugu aurreztean eta eraginkortasuna hobetzean inbertitzen”
Frackingari buruzko eztabaida Elhuyar aldizkariaren apirileko zenbakian
Eztabaida bizia piztu du Arabako zenbait lekutan lurpeko gasa haustura hidraulikoaren bidez (ingelesez fracking) erauzteko aukerak. Teknika horri buruz hitz egiteko, Javier Arostegi Garcia geologoarekin eta Itxaso Arostegi Olalde ingurumen-aholkulariarekin bildu da Elhuyar aldizkaria. Haustura hidraulikoa erabiltzeak izan ditzakeen aukeren eta arriskuen berri emateaz gain, energiaren kostuari eta erabilerari buruzko gogoeta egin dute, apirileko Elhuyar aldizkariaren erreportaje nagusian.
Haustura hidraulikoa arroken poroetan gordetako hidrokarburoa erauzteko teknika bat da. Gasa dagoen sakoneraraino zundatu, eta ura sartzen da presioan, beste hainbat konposaturekin batera, arrokak puskatzeko, haietan gordetako gasa putzura jariatu dadin, gero biltzeko.
Arg. © Luis Jauregialtzo/ARGAZKI PRESS
Estatu Batuetan aspaldi erabiltzen den teknika izanagatik, gutxi hedatu da handik kanpora, ohiko gas-biltegiak ustiatzea baino garestiagoa delako, besteak beste. Hidrokarburoen gailurrera iritsi ahala, ordea, ez ohiko iturriekiko interesa handitu egin da, lehen errentagarri ez zena, lehiakorrago baita itxuraz orain.
Ingurumenaren ikuspegitik, teknikaren alde txar nagusiak dira akuiferoak kutsatzeko arriskua, kontsumitzen duen ur kantitatea, eta ustiaketek hartzen duten azalera handia. Teknikaren segurtasuna zalantzan jartzen ez dutenek, berriz, autonomia energetiko handiagoa eskuratzeko aukera, eta sorraraziko duen jarduera ekonomikoa nabarmentzen dituzte alde onen artean.
Horretaz guztiaz ari dira Elhuyar aldizkariaren apirileko zenbakian Itxaso Arostegi Olalde ingurumen-aholkularia eta Javier Arostegi Garcia EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko irakaslea: teknikaren ezaugarriez, Arabako proiektuez, balizko arriskuez eta aukerez, bai eta errentagarritasun ekonomikoaz, diru-laguntzez, eta gure estrategia energetikoaz ere. Haien esanean, alde handia dago haustura hidraulikoaren balizko kalteen eta onuren artean, eta epe luzera begiratzeko aldarria egiten dute, dagoen dirua aurreztean eta eraginkortasuna hobetzen lagunduko duten ikerketetan inbertituz.