Hego Euskal Herrian Telecinco nagusi (eta beste hainbat kontu)

Hego Euskal Herrian Telecinco nagusi (eta beste hainbat kontu)

Hego Euskal Herrian Telecinco nagusi (eta beste hainbat kontu)

Hona,  fresko-fresko,  euskaldun okupatu, nagi zein despistatuentzat ZuZeuko salabardoak gaurkoan arrantzatu duena. Arantzarik gabe eta irensteko prest.

Europako Parlamentuak gaur onartu duenez, estatuen arteko dei eta mezuek estatu barrukoen prezio bera izango dute 2015eko abenduaren 15etik aurrera. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Parlamentuaren helburuak oso bestelakoak izango baziren ere, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean muga bat gutxiago izango da ordutik aurrera. Bat baino gehiagoren poltsikoak eskertuko du.

Gaur goizean bi polizia operaziotan 9 lagun atxilotu dituzte Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak. 6 ikasle atxilotu dituzte Iruñean, martxoaren 27ko grebarekin lotuta. Bestetik, Bilbon hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, Troikaren Aurka Martxoaren 3an izandako istiluetan parte hartu zutelakoan. Egun berean, bi lagun hil dira Mossoek atxilotu dituztenean, ordu gutxi batzuetako tartearekin.

Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta tortura kasuak aztertuko dituen batzordea zuzenduko du Paco Etxeberria mediku forentse ezagunak. Radio Euskadiko adierazpenotan, torturari buruzko hainbat iritzi bota ditu. “Tortura metodologiarekin jarraitu zen Frankismoa amaituta ere. Ez da hori zuzendu. Atxilotuen kudeaketa ez da ia ezer aldatu”. Ikerketa hori aldarazteko bultzada izango dela espero du. Asteartekoa da irratsaioa, baina merezi du gaur entzuteak ere.

  • Eguneko txioa: 

Urtzi Odrizolak @bidetxea bidez zabaldu duen irudiak oihartzun handia izan du sarean, baita eztabaida bizia piztu ere. Bertan ikus daitekeenez, EAEn eta Nafarroan telebista kate ikusiena Telecinco da, espainiar estatuko beste hainbat tokitan bezalaxe. Katalunian aldiz, TV3 ikusten da gehien. Urtzik dioenez, zer pentsatua ematen du, ezta?

Bihar arte, Telecinco zale!

Hego Euskal Herrian Telecinco nagusi (eta beste hainbat kontu)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Hego Euskal Herrian Telecinco nagusi (eta beste hainbat kontu)”-ri buruz