Tortura eraginkorra da

Tortura eraginkorra da –

Tortura eraginkorra da

Tortura eraginkorra da, ongi egiten denean batez ere. Era guztietako umilazioak, eraso psikologikoak eta aztarnarik utziko ez duten zigor fisikoak behar bezala uztartzen direnean, ez du sekula hutsik egiten.

Eraginkorra da, besteak beste, ETAkide bat atzeman eta inkomunikazio egoeran ezarri ostean, bestela inondik inora emango ez zukeen informazioa lortzeko; eta eraginkorra da, nola ez, nahi beste autoinkulpazio eskuratuta unean uneko errudun zein errugabeak beste frogarik gabe itzalpetan usteltzera kondenatzeko ere. ETA, ezker abertzalea, independentismoa edo enbarazu egiten duen beste edozein erakunde zein mugimendu kontrolatu, zigortu, ahuldu eta suntsitzen ahalegintzeko, ezin eraginkorragoa da tortura.

Tortura eraginkorra da, eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta ikerketa batzorde batek azken 50 urteotan gertatu direnak aztertu behar dituen honetan, ez genuke hori ahaztu behar. Izan ere, hori bera da Espainiako polizia eta Gobernua salatzen dituena.

Bi urteko epean milaka datu eta testigantza zabalduko ditu ikerketa batzordeak, eta argituko du zalantza bat edo beste; baina inork ez diezazkiela jipoi, bortxaketa eta tratu txarrak gorrotoak jandako polizia bero bakan batzuei egotzi. ETAri aurre egin ahal izateko GAL eta tankerako talde paramilitarrak eratu zituen estatuak tresna ezin eraginkorragoa den tortura erabiltzeari uko egin diola sinetsi behar ote dugu?

Tortura eraginkorra da; ustelkeria bezainbeste, bereziki epaileak, estatuko abokatuak eta indultoaren komodina zure esku dituzunean. Eraginkorra da, zureen artean justifikazio morala emango dizun “etsaiaren” balizko ankertasuna nahi beste puztu eta lau haizetara zabal dezakezunean. Baina zorionez, egiazko justizia eta giza eskubideak ez dira eraginkortasunaren irizpideen arabera neurtzen. Ea, ikerketaren aitzakian, bisitan ekartzen ditugun.

Tortura eraginkorra da

NIRE KONTRA ESANAK