Janaria ote porno berria?

Janariaren sexualizazioa eta kaloriaren gorazarrea da Food porn delakoa. Gainera garai bikainak bizi ditu interneten eta publizitatean. Ikusi besterik ez dago, esaterako, Kanadako Guide Restos Voir gidak, (Michelinen parekoak), 2014an 18 urte betetzen dituela ospatzeko eskaini duena.

Haragia

 (Azaleko ostra eta haragi hau, Guide Restos Voir-eko irudiak dira)

Carl’s Jr AEBtako hanburgesa kateak, Kim Kardashian edo Paris Hilton jarri ditu hanburgesa gogaikarri artean. Kateak praka batzuk ere eskaintzen ditu “jan zerorrek nahi bezala” lemarekin.

nina-11

 (Nina Agbal maniki daniarra Carl’s Jr katearen promo batean)

 Telebistak ere badu Britainia Handian bere pornostar partikularra. Saatchirekin dibortzio kontuetan, kokaina ibilerak haizatu dituen Nigella Lawson, hain preseski: ezpainak handi, bularrak borobil, oihal fin batean gorderik…

Nigella

(Nigella Lawson)

Jamie Olivier chef ospetsuak ere, sexu terminologia darabil bere prestaketak erakusteko. Metafora sexualak nonahi. Esaten dutenez,  gizonak identifikatu egiten dira berarekin eta emakumeek gurtu egiten dute.


(Jamie Olivierren hiztegi sexuala)

 Bestalde, foodporn modu bat da azukre edo gantz gehiegi duten jakien milioika argazki zabaltzea, antza denez jaki debekatuu eta transgresoreek, eszitazio handia eragiten dute. Tumblr, twitter, blogak, facebook… foodporna denean dabil eta jarraitzaile sutsuak ditu. Statigramen estatistiken arabera, Instagrameko 20 milioi argazkik daroate fooporn izena.
Gauzak horrela, zein izan da 2013ko izarra? Cronut izeneko gozokia, New Yorken bizi den Dominique Ansel gozogile frantziarrak asmatutako aberrazio bat, croissanta eta donutsaren arteko konbinaketa ezinezkoa.

Cronut

 (Cronut)

Foodporn hitza, 90. hamarkadan zabaldu zen AEBetan. Halako batean, 80 ko hamarkadan ezagututako aberastasunari krisia iritsi zitzaion: lau iparamerikarretatik bat gizen-obesoa da. Osasun agintariek guda egin nahi izan zioten gantzaren epidemiari eta janari azkarraren kateak auzitan jarri eta ebanjelio berri bati eman zitzaion hasiera: erregimeak, low tankerako jaki geldoak eta dena bio. Jateko ohitura txarrak salatzen hasi ziren eta, jakina, jakien industriak kontraerasoa hasi zuen gantza eta kalorien irudia hobetu nahian. Kaloria cool da, eta zer da cooletan coolena sexua ez bada?

Hori egiaztatzeko aski da ikustea kontrako bidean dazenek egiten dutena, adibidez, animalien heriotzaren aurkakoa den Peta erakundearen bideo hau. Bideo ultra sexya egiten dute barazkizaletasunaren alde, pornoaren mugetan. Telebistek zentsuratu egiten dituzte iragarki hauek, baina sarean arrakasta itzela lortzen dute. Barazkizaletasuna bultzatzeko, erakargarri izan behar dira eta ez soilik irentzaileak, horregatik erabiltzen dituzte pin-up moduko emakumeak barazkiekin jolasean.

 


(PETAren iragarkietako bat)

Baina industriak ez du sekula etsitzen eta laster aurkitzen ditu euren irudia eskainiko dieten izarrak: Eva Longoria, Heidi Klum eta Kim Kardashiamen Instagrama kontuek, foodporn platerak erakusten dituzte erruz. Kardashian lehen aipatutako Carl’s Jr katearen irudi izango da, Klum Mac Donalsen irudia izanen da Alemanian eta Eva Longoriak janariaren inguruko bere enpresa sortuko da, errezeta koipetsu eta latinoz osatutako liburu bat argitaratu eta gero: Cooking with love for family and friends. Egia da, hala ere, katearen beste aldean geratzen dela Gwyneth Paltrow gantz gutxiko janmoduen alde eginez.

AEBetako “gustu onaren erregina” den Martha Steward, itxura nazkagarriko platerak hasi zen zabaltzen twitterren. Jarraitzaileak kolokan, gertaera berriaren aitzinean nola kokatu erabaki ezinean…

Erroma zaharreko orgiak, jaki afrodisiakoak… sexua eta janariaren arteko lotura zaharra baino zaharragoa da. Janaria metafora sexual moduan erabiltzea du ardatz zinemako film klasiko batek, La Grande Bouffek, Marco Ferrerik 1973 egindakoak. Baina ez dugu ahaztu behar Bertolucciren Azken tangoa Parisen ere, zeinetan Marlon Brandok uzkian gurina jarri zion Maria Schneiderri hobeto sartzeko asmoz. Adrian Lyneren Bederatzi aste t’erdi ere aipatu behar da hemen, nahiz eta zinemaren historiako pelikula kaxkarrenetako bat izan. Irikita dagoen hozkailu baten aurrean, begiak itxita dituen Kim Bassinger-ek, gozamen ikaragarriz jasotzen ditu Mike Rourkek ahora ekartzen dizkion guztiak: arrautzak, mahatsak, mailukiak, ezpainetan behera irristatzen den gerezizko erreximenta, gozokiak, pipertxoak, eta baita eztularentzat siropa ere! Azkenean, eztitan bilduta amaituko du, jakina.

(Bederatzi aste t’erdi)

Afreeca TVri esker, porno mota honen voyeur direnek, ordaindu eta gero aukera dute bulimikoen intimitatean sartu eta haiek nola jaten duten ikusteko. Gaztea eta polita den Diva-k etengabe jaten ditu pizzak, arroza, amandrongilak, hogeita hamar arrautza frijitu, oilaskoa… Dagoeneko hamar kilo gizendu da, baina bera bezalako foodpornolari batek, 1000 euro atera ditzake bideoko, Los Angeles Timesek argiataratu duenez. Argi dago, erromatarren garaiko talde-orgia haiek, bakarkako eta metaforiko bilakatu dira gaur.

The-Diva-jan-eta-jan

(The Diva jan eta jan)

 Garaiekin, janariarekiko gure harremana askoz mentalagoa egin da, sakonagoa, nolabait. Transgresiotik harago, “benetako zerria naiz” eta “zikin nazkarri bat” bezalako foodpornoaren metaforak, sexualitatearen kodeekin lotzen dira supituan. Jaten duguna baizik ez gara, eta Steven Pool kazetari britainiarrak dioen bezala “janaria erotizatzeko gure obsesio garaikide honek, gero eta argiago adierazten du super sexoaren bilaketa desesperatu bat, benetan aurkitzen ez den horren bilaketa ero bat. Azken finean, desira kontrolaezinaren sublimazio bat da, bere lekuan menperatzeko errazagoa den desira otzanago bat ezartzen dugu janariarekin”.
Baina izan gaitezen zintzoak, azken finean komunera joatea bezala,  jatea bakarka egiten den gauza bada, foodpornoarena ez ote da izango onanismo abstinente baten metafora?

Gehienetan janedan kontuez aritzen naiz, baina inor ez badago begira, lokatzatan etzaten naiz gustura