Sautrela 365. saioaren aurrerapena (Josu Zabaleta)

Josu Zabaleta2014ari itzultzaile batekin emango diogu hasiera Sautrelan. Josu Zabaleta izango da gurekin, berrikitan Espainiako Itzulpen Sari Nazionala jaso duen ibilbide luzeko itzultzailea. Legazpin 1948an jaioa, besteren artean Petrarca, Pirandello, Maupassant eta Saint-Exupery ekarri dizkigu euskarara, edo azken urteotan, Machado de Assis eta Andrej Longo. Urte luzetan pilatu duen eskarmentuari buruz arituko zaigu: nolakoak izan zituen itzultzaile gisako hastapenak, zertan egin duen aurrera euskal itzulpengintzak, zeintzuk diren erronkak, nola kokatzen den euskal itzulpengintza mundu zabalean. Sarritan literaturaren baitan bigarren mailan ipintzen dugun hori izango dugu, bada, protagonista: itzulpengintza. Eta gure arteko itzultzaile nabarmenetako baten bidez gainera.

Aurretik, erreportajean, hainbat idazle ikusiko dugu beren irakurgai gogokoenen inguruan mintzatzen. Bereziki gogoan dituzten tituluen gainean arituko dira, besteak beste, Jon Sarasua, Joxemari Iturralde, Mari Luz Esteban eta Jean-Louis Davant. Maiz ahantzi egiten dugu idazleak ere irakurle direla eta oharkabean igarotzen zaizkigu zeintzuk diren haien irakurketak. Haiengandik ere asko ikas dezakegulakoan galdegin diegu, bada, idazleei. Zeintzuk ote dira beren idazle kuttunak? Zeintzuk beren obra irakurrienak? Zein irakurketak liluratu zituen gaztaroan?

Azkenik, Beñat Sarasolak mende hasierako liburu bat berreskuratuko digu: Agustin Anabitarteren Donostia. San Sebastian eguna igaro berri dela profitatuz, Donostia protagonista duen liburu hari buruz arituko da Sarasola. XIX. mende amaierako Donostia ezagutuko dugu Anabitarteren lumaren bidez, Bigarren Karlistaldiaren ondorengo hiri gatazkatsu eta bizia.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.