Zarautz Ehuntzen: 100 proposamen zehatz, eta zarauztarrekin gardentasunez hartutako konpromisoa

 ehundu

Zarautz Ehuntzen aurkeztu genuen atzo eguerdian udal langileen aurrean, eta arratsaldean herriko talde, elkarte, eragile eta hainbat alorretako ordezkarien aurrean, eta gaur goizean egin dugun hedabideen aurreko agerraldia, ekimena zer den aurkezteko.

Zarautz Ehuntzen, azken batean, 100 egitasmo biltzen dituen udal-plana da.
Zarauztarren bizimodua hobetzeko 100 proposamen zehatz dira.


Bi urte eta gehiagoko bidean, norabidea eta iparrorratza argi izan du Udal Gobernuak: udal hauteskundeetan 4.276 zarauztarrek bozkatu zuten Bilduren udal programa, eta gerora EHBildu koalizioa osatzearekin batera, Aralar alderdiak gehitutako ekarpenak. Bi urte hauetan, ordea, sailez sail izandako bilera eta harremanetan, zein aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko auzoz auzo eta alorrez alor egindako bilera guztietan, herritarren, elkarteen, taldeen eta eragilen dozenaka kezka, eskaera, proposamen, galdera eta iradokizun jaso ditugu. Horiek guztiak aztertu, eta etorkizuneko baloreak eguneroko bizi-ohitura bihurtu nahian, Udal Gobernuaren iparrorratza denari gehitu dizkiogu. Emaitza, aurkeztu berri duguna da: Zarautz Ehuntzen, 100 egitasmo edo proposameneko udal plana.

webazala

Herriko elkarteak, taldeak eta eragileak gonbidatu genituen atzo, mezu argia emateko: gaurtik hasi eta 2016ko urtera arte, hurrengo lau urteotan, 100 egitasmo hauek betetzeko konpromisoa hartzen du Zarauzko Udalak, eta zarauztarrak izango dira emandako hitza betetzen dugun egiaztatuko dutenak. Fiskalizazio lana egingo dutenak, egiaztatzaileak, notarioak.

Horretarako, ehuntzen.info webgunea izango da ardatza. Bertan ageri dira, hurrengo egunotan herriko etxeetan banatuko den aldizkarian bezala, zein diren ehun proposamen hauek.

Webgunean, gainera, ehun proposamenak zehazki ikusteaz gain, bakoitza zein egoeratan dagoen ere erakusten da. Hasi gabe, bidean, ala amaituta. Eta horrela, emandako hitzaren %1a, %25 ala %85 beteta duen Zarauzko Udalak.

sanzeneaBadakigu ehun proposamen hauek herritarrei aurkeztuta, Udal Gobernuak karta guztiak mahai gainean erakusten dituela. Agerian, gardentasunez, inolako erreparorik gabe. Hauek bideratzera goaz. Gure hitza eman eta gure kudeaketa gaitasuna herritarren aurrean erakutsi nahi izan dugu.

Ehun proposamen hauez gain, noski, eguneroko lanean jarraituko dugu, eguneroko erantzunak ere eskatzen dituelako herri batek. Ez gara hutsetik orain hasten, argi dago. Bi urte daramatza Udal Gobernuak lanean, 2011ko udal hauteskundeetan aurkeztutako udal programan ageri ziren ildoak oinarritzat hartuta. Horren baitan, hainbat erabaki sendo hartu ditu alor askotan, herritarrek hautatutako aldaketari eta udal programari erantzun nahian: mugikortasun politika garatzeko neurri zehatzak, etxebizitza hutsei irtenbidea aurkitzeko emandako pausoak, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko hartutako erabakiak, kultura eta turismo eredu herrikoi eta parte hartzaileagoen aldeko ekimenak, eta abar, sailez sail.

Horietako hainbat, beraz, ez dira ageri ehun proposamen berri hauetan.Koherentziaz lanean jarraituko dugu lehendik egindako bidean, baina orain, ehun proposamen hauek ere gehitzen ditugu. Hari mataza batetik tiraka hasi ginen, eta ohartu gara herri bat ehuntzeko denon ekarpena dela beharrezkoa. Zarautz ehuntzeko ari gara lanean. Zarautz ehuntzeko hari gara denok. Segi dezagun elkarlanean matazari tiraka.

Informazio gehiago ZuZarautz webgunean.