Sabanako gaua

http://alteretaego.wordpress.com

 

53_supercircus

Argazkia: Supercircus
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2013/05/16
Latitudea: 43º 25,395´ N
Longitudea: 2º 43,676´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 24mm
Irekidura: f9
Esposizio denbora: 1/1000?
Sentikortasun eskala: 100 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Gogorra da sabanako gaua, hotza. Ur-putzuaren inguruan norbait aurkitzeko modua eskaintzen duen arren, inor ez dago inorekin egoteko. Lo daudenak ere, badaezpada, nahiago dute begi bat irekita mantendu. Badaezpadakotasun horrek ez die harreman sozialei beta gehiegirik eskaintzen. Inor ez da inortaz fio, inork ez du inorengandik ezer espero. Gaua azkar igarotzeko grina da guztiek, komunitate bezala, partekatzen duten sentimendu bakarra.

Ez dago lagunik sabanako gau hotzean. Ezagunak, asko: bizitzak hasieratik zure ondoan jarri dituelako edo bidean, noizbait, aurkitu izan dituzulako. Etsaiak, ordea, gehiegi: beti tente, beti zuhur ibili beharra da barrena jaten dizuna, indarrak ahitzeraino. Gau eta egun tentsioan bizi beharra da dagoen harraparirik zitalena.

Gogorra da sabanako gaua, isila. Ur-putzua egarriz gainezka dagoenean ere ez da zarata bakar bat entzuten bertan, badaezpada. Bere bakardadean murgilduta dago bakoitza. Eta bakardadeak, zerbait badu, besteak entzuteko gaitasuna murrizten duela da. Bakardadea eta isiltasuna hain bihurtzen dira entzungor, azkenerako, ez garela beste ezer entzuteko gai. Ez eta gure lepoan, edo muturren aurrean, gertatzear dagoena.

Ez dago zaratarik sabanako gau isilean. Erpeek lurra jotzerakoan ateratzen dutena ere, hilko zaituen balaren zarata bezalatsu, beranduegi iristen da. Beti inguruari adi bizi beharrak gauza horiek ditu: dena, beti, beranduegi datorrela. Nolabaiteko laguntza eskain diezazukeen zerbait bada, lasai, beranduegi iritsiko da; baina kalte egin diezazukeen zerbait bada ere, lasai, beranduegi ohartuko zara hortaz eta.

Gogorra da sabanako gaua, iluna. Berezkoa du iluntasuna argirik ezak, baina sabanan areagotu egiten da eguzkia ezkutatu osteko ezin ikusia. Ezin ikusia eta ezinikusia, biak. Ezagutzen ez dena maitatzea zaila den moduan, erraza delako kontrolatu ezin denaren aurrean sentimendu ezkorrak proiektatzea. Horregatik da beltza Afrikako gizon zuria, sabanan gau lar eman dituelako.

Ez dago argirik sabanako gau ilunean. Gizon zuriak ez ezik, gauaren kolorea hartu dute, baita, etorkizunak eta itxaropenak ere. Askok goraipatzen duten Afrikako argi berezia ere ez da gai batzuei bizitzea tokatu zaien sabana argitzeko. Sabanaz haratago begiratuta ere ez dute argitasunik ikusten, baina nahiago dute hor nonbait egongo dela sinetsita bizitzeko aukera egitea. Latitude altuagoetan, itsaso bat gurutzatuta, norbaitek behin argi izpi bat ikusi zuela kontatu izan da sabanan aspaldiko garaietatik.

Nik, egia esan, ez dakit itsaso hori gurutzatu nuen ala ez, lotan egin bainuen bidaia. Ez nuen gizon zuria heltzen ikusi, lehoi batentzat ere sabana arriskutsua izan daitekeenaren seinale. Baina gustura nabil Europako gauetan: ez dira hangoak baino askoz hotzagoak, nori orro egin badut eta beti dago sorgailu elektrikoak elikatzen duen bonbillaren bat gertu.

Ni, gainera, eta sabanan nirekin hazitako beste afrikar asko ez bezala, ondo hartzen nau gizon zuriak.

Ego dixi.