Itxurazko poeta eroriak

Ez ditut ulertzen kopetilun agertu nahi duten pertsonak, olerki goibelak bailiran bizi direnak; poeta eroriarena eginez gizarte hau dekadentea dela gogorarazten didatenak. Ez ditut ondo hartzen, are gutxiago triste edo munduarekin haserre egoten naizenean. Badakit mundua tristeegia izan daitekeela baina behin eta berriro errepikatzeak ez du ezer konponduko. Gainera, kexa gehienak hitz potoloez jantzitako huskeriak izaten dira (adibidez, gustuko duzun neskak gustuko ez zaituenean “inork ez nau maite” lagunei esatea)

Askotan uste dut atentzioa eman nahi dutela geure ibiltari burumakurrek, buruhaste ñimiñoa munduko arazo nagusia bilakatzen baitute. “Eh txo, hemen nago berriro ere betilun, entzun nazazu”. Hori bai, aitor dezagun denok egin ditugula horrelakoak. Hamasei urteekin guztiok pentsatu izan dugu ez dakit nongo gatazkari ez diogula merezi duen arreta jartzen, beraz, jende guztia oker dagoela eta horren ondorioz, gizakiak ez daukala konponbiderik. Hauxe dena aipatu dugu nerabezaroan daukagun tonu sasijakintsua erabilita. Hori bai, etsipen puntu batekin; arrastiri oro malenkoniatsu bailitzan.

Poeta eroariena egitea itxura erromantiko eta misteriotsua emanez ondo dago une batez. Gainera, ligatzeko ere balio lezake. Diotenez, neskek gustuko dituzte gizon sentiberak. Hori bai, pasatu barik zeren eta egun guztia horrela jardutea aspergarri xamarra gertatzen baita eta horren ondorioz, gogaikarri bihurtzeko arriskua dago, horrek dakarren guztiarekin (adio neska!). Hitz gutxitan, nik ere Coldplay gustuko dut, baina batzuetan Gaztea entzutea komenigarria da.

Alex Ubagok bere azukre koxkorra ezagutu zuenetik ez du disko berririk atera. // Gochy5-k egindako argazkia

 

 

postureo
Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.