Utzi beharko diogu ustekabeari sartzen, eta gurean geratzen
…eta hala da. Batzutan, babestu nahiean dabiltzan ondokoen kezka hutsak dira etorkizunari buruz, etengabe, galdetzera bideratzen gaituztenak.
Garai batean, zailtasunak zailtasun, biziraupenerako pauso denak finkatugoak ziruditela esango nuke: ikasi, lan egin, pisua bilatu, ezkondu, etxea erosi, hipoteka, semeak izan… Norbanakoaren betebeharren, ahalmen eta gurarien arabera, noski.
Aitzitik, badirudi azken hamarkadetan, gure biziraupenerako pausoen zerrenda osatzen duten osagaiak nahastu egin zaizkigula, nonbait.
Gerezik aipatu bezala, mailaketa bateko titulurik gorenena izateak ez gaitu ezertarako ere gaitzen, eta, okerrena da, paper arteko joan etorri horretan, benetan zoriontsu egiten gaituzten gauza txiki, baina handi, horiek ahaztu egiten ditugula.
Egia esan, ni hurrengo eguna planifikatua izatea gustoko duen izaki (bitxi?) horietako bat naiz, baina aspaldi ikasten nabil ez dagoela ezertara lotzen gaituen benetako haririk, biharra, orduz-ordu lotua izan arren, oso bestelakoa izan daitekeela hurrengo segundotik aurrera, eta utzi behar diogula ustekabeari gurera sartzen, eta geratzen.
Horregatik, maite ditut egun, lainotsutetan ere, hezkuntza erbestean daudenen zein herrian geratzen direnen kalera irtetzeko indarrak, ameslariak, kaleko musikariak, idazleak (idazlea zer den eztabaida beste baterako eta batentzako utziz), entzuleak, agiriekin edo horiek gabe ikasi nahi dutenak…
Azken finean, maite dut biharko eguna, bertara zelan helduko naizen ez dakidan arren. Azken orduan, utziko diot ustekabeari sartzen, eta nirean geratzen.
Utziko diogu, bai!! Bizitza planak egiten ditugun bitartean ustekabean gertatzen zaiguna baita!!